Hezkuntza Sailak 500.000 euro bideratu ditu lanbide heziketako Erasmus+ mugikortasun programetarako

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Lanbide Heziketan ikaskuntzarako mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko dirulaguntzak deitzen dituen agindua, Erasmus+ programaren barruan.

500.000 euroko zenbatekoa duen Agindu honen helburua da, Erasmus+ programaren 2022ko deialdian, ikaskuntza arrazoiengatik, pertsonen mugikortasunerako onartutako proiektuak kofinantzatzeko dirulaguntzak ematea. Mugikortasun-proiektu horiek 2022-2023 ikasturtean gauzatu beharko dira. Mugikortasun horien azken onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan matrikulatutako edo titulatutako ikasleak edo euskal Lanbide Heziketako irakasleak izan daitezke.

Europako Batasunak mugikortasun jarduera horiek finantzatzeko egiten duen ekarpen ekonomikoa ez da nahikoa izaten jarduera horiek gauzatu ahal izateko, beraz ezinbesteko gertatzen da deialdi hauek egitea Europako finantzazioak hartzen ez duen portzentajea osatzeko.

927 ikasle eta 569 irakasle

2021-2022 ikasturtean Euskadiko Lanbide Heziketako 927 ikasle izan dira orotara, bai  ikastetxe publikoetakoek bai itunpekoek, Erasmus+ mugikortasun proiektuetan parte hartzeko laguntza hauen onuradun, iazko deialdien bidez. Irakasleak berriz, 569 izan dira.

Deialdi honek laguntzen dituen ikasleen zein irakasleen mugikortasun-ekintzek honako helburu hauek sustatzen dituzte:

    • Parte-hartzaileei laguntzea ezagutza, trebetasunak eta gaitasunak bereganatzen, haien garapen pertsonala bultzatze aldera.

 

    • Lanbide Heziketako ikasleei atzerrian prestakuntza jasotzeko aukerak ugaritzea.

 

    • Ikasleei beharrezko dituzten trebetasunak ematea, hezkuntza eta prestakuntza-arlotik lan-merkatura igaro daitezen.

 

    • Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren esparruetan ohitura berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea bertan zein herrialde parte-hartzaileetan.