HINE Group: “Sektore eolikoak etorkizun handia du”

0

Duela gutxi Wind Europe ekitaldiaren edizio berri bat egin da Euskadin, zehazki, BECen (BEC (Bilbao Exhibition Centre). Urtero antolatzen den ekitaldi horrek energia eolikoaren industriako eragile garrantzitsuenak bildu zituen, guztira 8.000 parte-hartzaile eta 300 enpresa erakusle baino gehiago elkartu zirelarik. Bertan izan zen HINE Group euskal familia-enpresa, 1974tik hona erreferente bat dena sistema eta osagai hidraulikoen arloan, eta bere produktuak mundu osoko bezeroei helarazten dizkiena. Olaberriko (Gipuzkoa) egoitzaz gain, produkzio-lantegi propioak ditu Txinan, Indian, Estatu Batuetan, Brasilen eta Mexikon; 700 pertsonatik gorako plantilla eta 200 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa du, konpainiako zuzendari nagusi Lander Guibelaldek adierazi duenez.

Azken hilabeteotan, eta Ukrainiako gerra hasi denetik are gehiago, asko mintzatu gara Europak Errusia bezalako herrialdeekiko duen gehiegizko menpekotasun energetikoaz… Eta berriro aipatu da energia berriztagarriek, eta zehazki eolikoak (on eta off shore), sorkuntza-iturri handiena izan beharko luketela 2050erako… Baina industria oso momentu zailean dago: ez dago errentagarritasunik, lantegiak ixten ari dira, inbertsioak murrizten, Txina Europa baino parke eoliko gehiago eraikitzen… Zer espero dezakegu testuinguru honetan? 

Etorkizunera begira, ikusten dugu munduan behar handia dagoela energia berriztagarri gehiago izateko; gobernu-politikek ere halaxe erakusten dute. Eta energia eolikoa oso lehiakorra da, eta etorkizun handia du. Baina orobat egia da konpainia handien, hots, horrelako makinen fabrikatzaile handien errentagarritasuna eskasa dela. Hortaz, industrian tentsio handia dago, eta hornitzaileok, eskaintzen dugun balioan oinarriturik, politika zehatzak eskatzen ari gara, eta babestu dadila industria eolikoa Europa mailan. Horrez gain, Euskadik -eta guk ere bai, jakina- lanean jarraitu behar dugu sektorean berrikuntza politikak inplementatzeko, eta horretarako ezinbestekoa da etengabe makina berriak fabrikatzea. HINE 1996an hasi zen 850 kw modeloak fabrikatzen, eta orain 15 Mw-raino handitu dugu gure gaitasuna.

Zentzu horretan, konponbide bat izan liteke enpresak tamainaz handitzea eta, esaterako, produktu eta zerbitzu zorroa zabaltzea?

Gure kasuan, guk hala uste dugu. Sektoreko player handiek makina eolikoak fabrikatzen dituzte mundu osoan eta eskualde guztietan (Txina, India, Estatu Batuak, Brasil, Europa…), eta haiekin globalki lehiatu ahal izateko, behar besteko tamaina kritikoa izan behar dugu. Horregatik uste dugu konpainiaren tamaina garrantzitsua dela, eta horregatik saiatzen gara tamaina handitzen aliantzen bidez, hazkunde inorganikoko filosofiak jarraituz eta produktu berriak gehituz, gure asmoa baita bezeroei produktu eta zerbitzu zorro bete-bete bat eskaintzea.

Eman dezagun datu bat HINEk sektore eolikoan duen dimentsioa islatzeko: mundu osoko turbina eolikoen fabrikatzaileen % 60rentzat lan egiten duzue…

Ia 30 urte daramatzagu sektore eolikoan lanean. 1994an hasi ginen, eta harrezkero sendotu egin dugu mundu mailako turbina eolikoen fabrikatzaile handiekin dugun harremana. Gaur egun % 60-70 inguruko sarpen-maila dugu merkatuan. Hala, sektoreko lider handiekin lan egiten dugu, hala nola Vestas, Siemens Gamesa edo Nordex Acciona-rekin. Badugu behar adinako tamaina estrategikoa, baina uste dugu hazten jarraitu behar dugula, gihartzen, merkatuko eskaerak horretara garamatzalako.

Osagai hidraulikoen arloko espezialista bezala, esango zenuke mugimendua duen sistema edo makina orok behar duela zuen sistemaren bat?

Ez, hori ez da horrela.  Indar handiko mugimenduak egin behar dituzten makina edo sistemek izan dezakete sistema hidrauliko bat, baina beste aukera batzuk ere badaude, esaterako, mugimendu pneumatikoak, mekanikoak edo elektronikoak, eta horietarako ez da behar hidraulikarik. Nolanahi ere, siderurgia, papera, makina-erreminta eta energia eolikoa bezalako industria astunetan osagai hidrauliko asko daude, eta horregatik, potentzial handiko sektoreak dira guretzat.

Energia berriztagarrien sektorean eta, zehazki, sektore eolikoan duzuen presentziari dagokionez, zein eginkizun betetzen dute zuen osagaiek haize-sorgailu batean?

Sistema hidraulikoak pitch sistemaren kontrolean eragiten du batik bat, hau da, besoa haizera orientatzeko sisteman. Haizea etengabe mugitzen da, eta besoak ere mugitu egin behar du sistema eraginkorra izango bada; horregatik, haizearekiko inklinazio-sistema bat izan behar du, ahalik eta energia gehien lortzeko. Horrexegatik da hain osagai garrantzitsua sistema hidraulikoa. Kostua agian ez da hain handia orokorrean, baina eragin tekniko handia du elektrizitate-sorkuntzari errentagarritasuna atera ahal izateko.

Orain arte 85.000 turbina ekipatu dituzue mundu osoan. Hazkundeari eta zabalkundeari dagokienez, zein helburu dituzue epe labur-ertainerako?

Datozen bi urteetan (2022, 2023) eta ziurrenik baita ere 2024an, ez da egongo hazkunde handirik industrian makinen fabrikazioari dagokionez. Hortik aurrera, uste dugu industria asko haziko dela off-shore merkatuan, zeinak tamaina handia baitu dagoeneko, eta berdin on-shore merkatuan ere. Kalkulatzen dugu urteko % 10-20 bitarteko hazkundea izango dugula, soilik sektore eolikoko eskaeraren eta makinen fabrikazioaren hazkundearekin. Bestalde, dagoeneko badaude munduan HINEk eginiko osagai hidraulikoekin funtzionatzen duten 85.000 makina baino gehiago, eta horiek zerbitzua eta mantenimendua behar dituzte. Horra etorkizunerako ikusten dugun beste negozio-nitxo interesgarri bat: osagai eta ordezkoen aldaketa-beharrei erantzutea, eta lehendik dauden makinak eguneratzea.

Espainia munduko bosgarren herrialdea da instalatutako potentzia eolikoan (Europako bigarrena) eta hirugarrena mundu mailako esportazioetan… Zein posizio du Euskadik?

Europan, Euskadik industria eoliko oso indartsua du. Hain zuzen,  Bilbon berriki egin den “Wind Europe” azoka nazioarteko hitzordu bat da, eta euskal enpresek presentzia handia dute.  Bezero garrantzitsuenek (Vestas, Siemens Gamesa, Nordex…) badakite euskal industriak ezagutza handia duela, baita ere potentziala, eta seguru nago ongi arituko garela etorkizunean.