Artolazabal «historias de la cárcel» dokumentalaren emanaldian izan da, Arabako Espetxean

0

“Aukerak irabazten jakin behar dugu, eta aprobetxatzeko gai izan behar dugu”. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hitz horiek zuzendu dizkie gaur goizean Historias de la cárcel dokumentalaren emanaldian espetxeko ekitaldi-aretoan izan diren ehun bat pertsonei. Kazetaritza-lan bat da, Artolazabalen sailak bultzatua eta Eider Hurtadok ETB2ko Aquí y Ahora programarako zuzendua. Bihar emango da, ostegunean, prime timean, 22:30ean.

Hamar bat presok haien bizipenak partekatu dituzte kameren aurrean, eta egunerokotasuna espetxe bateko lau hormen artean nolakoa den erakusten dute. Programa Arabako espetxean grabatu da, osorik, eta, hartan, Benito Aguirre espetxeko zuzendariak berak eta plantillako zenbait pertsonak ere parte hartu dute, besteak beste, Josune Pérez de Arenaza osasun mentaleko ikuskatzaileak eta Manuel Gutiérrez barneko zerbitzuburuak. ETAk Manuelen hiru lankide eta lagun hil zituen duela zenbait urte; gaur egun, harreman estua du espetxetik igaro diren banda terroristako zenbait kiderekin.

Asier, Vicente, Bouchefra, Iratxe, Luzdeira, Omar, Bryan, Pedro, Fernando eta Benito, besteak beste, Arabako espetxean elkarrekin bizi den komunitate horren parte dira. Erabaki okerrak, adikzioak, bizitza konplikatuak, zorte txarra… Ugari dira burdin sareen artean bizitzera eraman dituzten faktoreak. Kameren aurrean hitz egin dute horretaz, bai eta albo-ekintzei, familiari, lagunei, lanari eta beste zenbait gairi buruz ere.

Historias de la cárcel dokumentaleko protagonistek espetxean bizitzea zer gogorra den kontatzen dute, eta kondenari dagozkion urteek iraun bitartean –kasu batzuetan asko– bete beharreko ordutegi zorrotzaz ere hitz egiten dute. Errutina ia beti da bera. Eguna goizeko zortzietan hasten da; kontaketa egiten da. Ondoren, gosaria, lantegiak edo lana, bazkalordua, gelaxkan eman beharreko denbora, afaria eta abar datoz. Espetxeko egunak 12 ordukoak dira, 08:00etatik 20:00etara bitartekoak. Egun luzeak dira, eta preso asko haien denbora lan eginez edo beste zenbait jarduera eginez betetzen saiatzen dira: okintza, garbiketa, garbiketa, lantegiak…

Baina maitasunerako denbora ere badago. Iratxek zazpi urte daramatza espetxean, eta, duela bost hilabete, beste preso batekin hasi zuen harreman sentimentala, Pelayorekin. Programan azaltzen du nola ezagutu zuten elkar, eta haien topaketetako bat grabatzeko aukera ematen du; kristalezko horma batek bereizten ditu.

Dokumentalean, kamera barrutiko zenbait instalaziotatik dabil, besteak beste, errespetu-modulutik eta gainerako presoenetik; baita emakumeenetik ere, haietako asko, aldi berean, indarkeria matxistaren biktima direla kontuan hartuta.

700 preso baino gehiago bizi dira elkarrekin Arabako espetxean, eta sarrien aurkitzen den profila adikzio-arazoak dituztenena da. Hori dela eta, programak Osasun Mentalaren Zerbitzuaren lana ere erakusten du; barneratuen % 40 inguruk patologia mentalen bat dute. “Benitok (Aguirre) azpimarratzen duenez, instalazio horiek EAEko zentro soziosanitario handienetzat ditugu”, esan du Artolazabal sailburuak. Eta honako hau nabarmendu du: “Espetxe-kudeaketa politika sozialen beste adar bat gehiago dela ulertzen dugu”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eskerrak eman dizkie bertan izan diren ehun bat presoei, haien “elkarlanagatik eta erantzukizunagatik pandemiaren hilabete zailetan”, eta honako hau esan die: “lanean jarraituko dugu, eta gero eta gehiago, hirugarren sektore sozialeko erakundeen eskutik, hirugarren gradua eta gizarteratzeko eta laneratzeko programak sustatzeko”. Gainera, Eusko Jaurlaritzak justizia errestauratiboaren alde egiten duen apustua azaldu du: “Datozen hilotan, hemen lantegi errestauratiboak antolatuko direla ikusiko duzue, eta, interesgarritzat jotzen badituzue, prozesu gogorrak, luzeak eta zorrotzak direla egiaztatuko duzue”.

Amaitzeko, Artolazabalek bigarren aukeren alde hitz egin du: “Edonork har ditzake okerreko erabakiak bizitzan eta espetxean amaitu. Guztiok erratu gaitezke eta gure akatsak askatasunaz gabetzeko zigorrarekin ordaindu. Erabaki judizialek eta ez-arbitrarioek ekarri zaituztete hona, baina guztiok izan behar dugu eta duzue bigarren aukerarako eskubidea”.