HABEk antolatutako hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko azterketak gaur arratsaldean hasiko dira Gasteizko Buesa Arenan, Barakaldoko BEC-en eta Irungo FICOBAn. Guztira gaur, bihar eta etzi 15.067 pertsonak egingo dituzte azterketak.
Gaur arratsaldeko 14:00etan hasiko dira azterketak hiru lurraldeetan eta ostiral eguerdiko 14:30ak bitartean egingo dira euskarazko hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko azterketak. Azterketari gehien BEC-en bilduko da, 8.171 lagun, FICOBAn 4.409 pertsonak egingo dute azterketa eta Gasteizen 2.249 lagunek. Gainera Madrilen eta Bartzelonan ere egingo dira probak: Madrileko Euskal Etxean 39 lagunek eman dute izena eta Bartzelonako Euskal Etxea Centre Cultural-en 15 pertsonak. Azterketari gehien bilduko dituen proba C1 maila egiaztatzeko proba izango da. Izena eman duten pertsonen %51ak C1 mailako azterketa egiteko eman du izena eta %30ak B2 maila egiaztatzeko.
Honako hauek izango dira gaurtik aurrera egingo diren hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko idatzizko azterketak:
-
- B1 deialdi itxia (euskaltegietako ikasleentzako): 1.474 ikaslek parte hartuko dute. Azterketak ostiral eguerdian egingo dira, 13:15etik aurrera.
-
- B1 deialdi irekia (nahi duenarentzat; ez da beharrezkoa euskaltegiko ikasle izatea): 409 pertsonak egingo dituzte ostiral goizerako (09:00) aurreikusita dauden azterketak.
-
- B2 deialdia itxia (euskaltegietako ikasleentzako): 3.284 azterketarik parte hartuko dute bihar goizean (08:00) egingo diren probetan. BECen beste txanda bat ere izango da ostiralean (08:30).
-
- B2 deialdi irekia (nahi duenarentzat; ez da beharrezkoa euskaltegiko ikasle izatea): 1.339 pertsonak eman dute izena bihar eguerdian (12:00) egingo diren azterketetarako.
-
- C1 deialdi itxia (euskaltegietako ikasleentzat): 4.757 pertsonak egingo dute azterketa bi txandatan gaur arratsaldean (14:00 eta 18:15).
-
- C1 deialdi irekia (nahi duenarentzat; ez da beharrezkoa euskaltegiko ikasle izatea): 2.929 azterketarik egingo dituzte hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko probak bihar arratsaldean (16:15). Araban eta Gipuzkoan beste txanda bat izango da ostiralean (08:30).
-
- C2 deialdia itxia (euskaltegietako ikasleentzat): 509 azterketarik egingo dute proba gaur arratsaldean (14:30).
-
- C2 deialdi irekia (nahi duenarentzat; ez da beharrezkoa euskaltegiko ikasle izatea): 183 lagunek parte hartuko dute. Azterketak bihar goizean egingo dira (09:00).
Deialdi itxiko zein irekiko mintzameneko probak ekainaren azken astean eta uztaileko lehen bi asteetan egingo dira eta behin betiko emaitzak uztailaren 20an emango dira argitara.
HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza) sistema erabilita C1 eta C2 egiaztatzeko probak joan den astean egin ziren. Guztira 184 pertsonak aukeratu zuten azterketa egiteko ordenagailu bidezko sistema. Gainditzen dutenek mintzamen-proba aurrez-aurreko ohiko eredua erabiliz egin beharko dute.
HABEk hiru deialdi-mota egiten ditu urtero: euskaltegietako ikasleentzakoa, irekia eta HOBE deialdia, ordenagailuz egin daitekeena. Deialdi bakoitzak bi azterketaldi ditu: udaberrikoa, lehena; eta udazkenekoa, bigarrena.