Festa Zumardi Txikira lekualdatuko da, FoodTruck gune batekin eta zuzeneko musikaz gozatzeko eszenatoki batekin. Parrillan espezializatutako nazioarteko sukaldariak ere ez dira faltako Trianguloan, ezta SUA Espazioa ere, Tolosako erretegietako teknika ikasteko txokoa. Argitaratu da dagoeneko haragi.eus webgunea, programazio guztiarekin eta izen-emateei eta sarrerei buruzko informazio guztiarekin.
Bueltan da HARAGI, haragia maite dutenentzako topaketa. Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, HAZIk eta Basque Culinary Centerrek sustatutako ekitaldia da, eta maiatzaren 19tik 22ra ospatuko da. Lehenengo egunean kongresu profesional bat izango da, eta asteburuan, berriz, Tolosa jai-giroan murgilduko da.
Ez da kasualitatea HARAGI Tolosan ospatzea, gastronomiagatik, parrilla-tradizioagatik eta txuletagatik ezaguna baita, Olatz Peon herriko alkateak nabarmendu duen bezala: “Erretegi eta txuletak Tolosako DNAren parte dira, baita elikadura-katea osatzen duten sektoreak ere, estrategikoak direnak. Txuletaren festa gisa hasi zena nazioarteko topaketa bihurtu da; eta arrakasta izan du, hein handi batean, festaren izaera herrikoiagatik ez ezik, Tolosako eragile sozialen inplikazio eta languntzagatik: erretegiak, elkarte gastronomikoak, sukaldariak, haragi-sektorea… horiek gabe HARAGI ez litzateke posible izango”.
Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikagaien Industriako zuzendari Raul Perez Iratxetak ere nabarmendu du haragia dela “Euskadiko gastronomiaren bereizgarrietako bat, baita gure abeltzaintza-sektorearen ezaugarri nagusienetako bat ere. Elikagai osasungarriak modu iraunkorrean ekoizten dituen sektorea da, familia-nekazaritza eredukoa, eta lurraldearen ingurumenkudeaketa eta ekoizpen- eta paisaia-aniztasunaren zaintza errazten duena”.
HARAGIren hirugarren edizioa berrikuntzekin eta jaialdi formatuan dator, ekitaldia bera eta gastronomia belaunaldi berriei hurbiltzeko helburuarekin. Aurtengo berrikuntza nagusia HARAGI FEST da. Ekitaldi hau Zumardi Txikian izango da: bertan Foodtruck gunea kokatuko da (tartean autobus bat ere egongo da!) asteburu osoan zehar.
Ostiralean 18:00etatik 00:00etara, larunbatean 12:00etatik 00:00etara eta igandean 12:00etatik 16:00etara egongo da zabalik gune hau, eta AMA, Goya, Barriola, Ekotalo eta Basquetruck-en postuak izango dira. Zuzeneko musika Mambo Fango v.s. Global Funk Djs, Deñe, Filipe Bittencour,
Mugan, Moonshine Wagon eta DJ Makala taldeen eskutik entzungo da. Ordutegiak haragi.eus webgunean kontsulta daitezke.
Nazioarteko errekiak dastatzeko aukera ere izango da HARAGIn. Aurten, showcookingak Trianguloa plazan egingo dira, larunbat goizean, eta Florencia Abella (Stockholmeko Eksdet jatetxetik), Pablo Rivero (Buenos Aireseko Parrilla Don Juliotik) eta Txomin Parrilla (parrillero euskaldun ezaguna) izango dira bertan.
Plaza berean kokatuko da, halaber, «Sua Espazioa» izeneko ikasgela. Bertan, haragiaren sektoreko profesional tolosarrek (esaterako, Casa Julian erretegiko Xabier Gorrotxategi, Goya-ko Joxean Goya, edo Alejandro Goya harategiko Miguel Cruz) ikastaro bat emango dute parrilla inklinatuaren teknika eta txuleta bat tolosar erara erretzerako orduan kontutan hartu beharreko guztia ikasteko. Kozinatutakoa ere dastatu ahal izango da gero. Bi txanda izango dira goizean, eta saio bakoitzak 60 minutu inguru iraungo du. Sarrerak dagoeneko salgai daude haragi.eus webgunean (edo esteka honetan), 5 euroren truke.
Haragiaren sektoreko profesionalek galdu beharko ez luketen kongresua
Aipatutako programa herrikoiaz gain, HARAGI topaketaren barruan, eta aurreko urteetako bideari jarraituz, kongresua ere egingo da, maiatzaren 19an, Basque Culinary Centerren. Haragiaren sektoreko profesionalentzat antolatu da, generoa eta teknika ardatz nagusitzat hartuta, Joxe Mari Aizega gastronomia fakultateko zuzendariak azaldu duen bezala: “Topaketa honen bidez, berriro ere haragiaz eta parrillaz gozatu ez ezik, sektorea bera ere balioan jarriko dugu, oraingo honetan arreta berezia eskainiko baitiegu kalitateari, animalien ongizateari eta jasangarritasunari”.
Haragin parte hartzen duten nazioarteko sukaldariez gain, Luis Alberto Lera (Michelin izarra duen Lera jatetxearen jabea), Jose Gordon (Bodega El Capricho jatetxeko arima materra eta idi-haragian aditua), Guijarro Anaiak (Terrabuey abeltzaintza-finkaren eta Braseria Cuellar erretegiaren arduradunak), Edorta Lamo (Repsol Gidan bi eguzki dituen Arrea! jatetxearen sortzailea) izango dira biltzarrean.
Behin ponentziak amaituta eta ekitaldiaren ondorioak plazaratu eta elkarbanatzeko helburuz bazkarihizketaldi bat egingo da Jon Ayala (Laia Erretegia), Txema Llamosas (Casa Garras), Jorge eta Alberto Guijarro (Brasería de Cuéllar) eta Rodrigo García Fonseca (KEA Fine Food) sukaldarien eskutik.
Izen-emateak eta sarrerak
Ekitaldiaren gune guztiak irekiak izango dira eta jakiak edo edariak hartzeko txartelak lekuan bertan erosi beharko dira. SUA Espaziora joateko soilik erosi beharko da sarrera aurrez (esteka honetan eros daitezke), eta Basque Culinary Centerreko kongresura joan nahi duenak ere izena eman beharko du (hemen eman behar da izena).
Programazio osoa eta HARAGIri buruzko informazio gehiago www.haragi.eus webgunean.