Osakidetzaren Lehen Mailako Arretako Fisioterapia EAE osoan egongo da

0

Osakidetzaren Lehen Mailako Arretako Fisioterapia EAE osoan egongo da, 2022. urte honen amaierarako. Hala iragarri du, gaur goizean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak, Lehen Mailako Arretako Fisioterapiako III. Jardunaldiak inauguratzeko ekitaldian; ekitaldiak Espainiako Fisioterapeuten Elkarteak eta haren Lehen Mailako Arretako eta Osasun Komunitarioko taldeak antolatu dituzte.

Historikoki, farmakologiaren bidez lortu nahi ziren emaitzak lortzen ez zirenean, pertsona guztiak bideratzen ziren erakunde sanitario integratuetako (ESI) errehabilitazio-zerbitzura; hura, oro har, ospitalean egoten zen, eta, askotan, eskari handiaren ondorioz, goraino egoten zen. 2018ko abenduan, Osakidetza Vitoria-Gasteizen eredu berrira egiteko lehen urratsak ematen hasi zen; eredua osasunaren prebentzioan eta sustapenean oinarritzen da, ikuspegi komunitarioa du eta zerbitzu hobea eskaintzen du hurbiltasunean eta itxaroteko denbora laburragoen bidez.

Osasuneko Sailburuak esan duenez, hiru urte eta erdi hauetan, pandemia gorabehera, Gasteizko Zabalganako eta Salburuako bi osasun-zentroetako gimnasioek lortu dute jende gehiagorengana iristea eta Arabako herritar guztiei arreta ematea; emaitzak bikainak izaten ari dira, pertsonen gogobetetasunari eta mina hobetzeari edo funtzionaltasuna berreskuratzeari dagokienez. Hori dela eta, Osasun Sailak prestazio hori erakunde osoan ezartzearen aldeko apustua egin du.

Hala, 2022ko lehen seihileko honetan, BizkaikoLurralde Historikoan Lehen Mailako Arretako Fisioterapiako proiektua zabaltzen hasi da. Lurraldeko hiru ESI handiekin hasi da: Bilbao-Basurto, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Barrualde-Galdakao. Araban, zerbitzua zabaldu nahi da, neurozientzian hezteko gidaritzaren bidez, minari heltzeko. Eta, Gipuzkoan, prozesuarekin Donostialdeako ESIan berehala hastea aurreikusten da, urte-amaierarako lehen gimnasioa ireki ahal izateko.

Gotzone Sagarduik Fisioterapiako profesionalek benetako osasun-agente gisa duten eginkizuna nabarmendu du, esku-hartze terapeutikoaren ikuspegitik ez ezik, zahartze hobea posible egiten laguntzen duten neurriak ezartzeko orduan ere. Hori horrela, azken urteotan diziplina horrek osasungintza-sisteman gero eta protagonismo handiagoa duela nabarmendu du eta zorionak eman ditu horregatik; gainera, aldi berean, ezagutza gehiagoz elikatzen eta bikaintasun- eta ahalduntze-maila handitzen joan da.