EAEko gazteek, Europa Egunean, kontsumo energetikoari, garraioari, elikadurari, birziklapenari eta digitalizazioari buruzko eguneroko keinuak proposatu dituzte

0

EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko gazte-talde batek, gaur goizean, Vitoria-Gasteizko Salburuako hezeguneko interpretazio-zentroan, “EAE jasangarriagoa izateko EAEko gazteen konpromisoak» izeneko dokumentua aurkeztu du; hartan, gazteek jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde duten jarrera zehazten da.

Ekitaldiko buru izan dira Arantxa Tapia  Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; ekitaldia amaitzeko, bihar, astelehenean, eztabaida bat izango da Bilboko Azkuna zentroan. Parte hartzeko prozesu hori Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoak dinamizatuko du, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin batera. Parte hartu duen gazte-taldeak honako hau adierazi du: senitarteko eta adiskideen hurbileko ingurunean “kontsumo-ohiturak aldatzeko eta gizarte-eraldaketako eragile gisa ahalduntzeko beharra”.

Ekimena Europa Egunarekin bat antolatu da, Gazteriaren Europako Egunean, EAErako eta Europarako etorkizun ekologikoagoa, inklusiboagoa eta digitalagoa eraikitzeko gazteek duten eginkizuna sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzak herritarren pertzepzioari buruz eginiko azken azterlanek erakusten dute herritarrek jasangarritasunaren eta larrialdi klimatikoaren inguruko kontzientziazio handia dutela: EAEko herritarren erdiak baino gehiagok, gazteek, bereziki, ernegua erakutsi dute klima-aldaketaren fenomenoaren aurrean; erronka hori nagusitzat jotzen dute beste edozein politikaren aldean.

Aurkezpena Arabako hiriburuko Ataria interpretazio-zentroan izan da, eta, hartan, Tapia eta Artolazabal sailburuek gazteen lantaldeek eginiko adierazpena, analisia eta ondorioak entzun dituzte. EAEko gazteek administrazioei honako hau proposatu diete: “gazteen portaera jasangarriak sustatuko eta haietarako bide emango dituzten tresnak diseinatzea, eta, enpresen kasuan, ekoizpen efizientea eta tokikoa sustatzea”.

Ahalmena

Parte-hartzaileek eragile eraldatzaile gisa duten ahalmena nabarmendu dute, eta haien sormena, egokitzeko gaitasuna eta aldaketarako irekiak izatea azpimarratu dituzte gizartea parametro jasangarriagoetara eramateko ahalmena duten tresna gisa.

Bestalde, EAEk eta haren erakundeek garapen jasangarriaren eta klima-aldaketaren inguruan egiten duten ahalegina aitortzen dute, eta honako hau eskatzen diete administrazio publikoei: “komunikazio-, sentsibilizazio- eta hezkuntza-lana sustatzeko, herritar guztiak eta, bereziki, gazteak kontzientziatzeko”.

Arantxa Tapiak honako hau azpimarratu du: “Europar Batasunak proposatu duen European Green Deal krisitik irteteko eta etorkizun jasangarriagoa sustatzeko mekanismo nagusietako bat gisa nabarmentzen du”. Sailburuaren iritziz, “hazkuntza jasangarriko estrategia bat da, eta aukera emango du 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko”. Sailburuak nabarmendu du EAEk bere estrategia prestatu duela: Euskadiko Itun Berdea.

Tapiaren ustez, garrantzitsua da EAEko gizarteak eta gazteriak ekonomiaren eta ingurumenaren arloko ibilbide-orri horren ardatz nagusiak ezagutzea: “badakigu erronka hori gizarteak partekatzen duela”. Eta honako hau esan du: “erakundeok eta herritarrok aktiboki parte hartzen dugu klima-aldaketarako ekintzan, baina bizkortasun eta intentsitate handiagoa behar dugu politika publiko guztietan eta banako ekintzetan; ekintza guztiak, txikiak badira ere, garrantzitsuak dira”.

Beatriz Artolazabal Sailburuak honako hau esan du: “emakume naizen aldetik, gure neska gazteen eginkizuna nabarmendu nahi dut: funtsezkoak zarete bizi dugun gizarte-aldaketan, belaunaldien arteko elkarlanean, bai eta klima-aldaketaren aurkako borrokan ere, eta Europak planeta osoan jasangarritasunaren alde egiten duen apustua”.

Artolazabalek honako hau esan du: “EAEn gazteriaren eginkizuna aintzat hartzen dugu Eusko Jaurlaritzako kudeaketa-arlo guztietan: Gazteria Lege berria onartu berri dugu; gazteria-estrategia berriak jarri ditugu abian; gure seihileko autonomikoan EB/Gazteria Kontseiluaren aurrean; gazteek eta nagusiek partekatzen dituzten espazioei arreta berezia eskaintzen diegu; gazteria beti islatzen duten gizarte-politikak sustatzen ditugu; gazte-eztabaidak sustatzen ditugu; emantzipatzeko beharrerako proposamenak bultzatzen ditugu, eta gazteriarekin zerikusia duten ekintzak areagotzen ditugu Euroeskualdean eta Pirinioetan dagokigun eskualde-eremuan».

EAEko gazteen konpromisoak

Gaur aurkeztu den dokumentuak zenbait konpromiso zehatz ezartzen ditu eta, haietan, gazteek hiru helburu nagusi lehenesten dituzte: lehena, “ohiturak pixkanaka aldatzeko beharra, aztarna ekologikoa murrizteko eta, hala, berokuntzaren eta argiaren erabilera arduratsuagoaren bidez, etorkizun jasangarriagora egiteko bidean aurrera egiteko; garraio publikoaren aldeko apustua, eta zero kilometroko elikagaien kontsumoa, hondakinen birziklapena edo teknologia digital gehiago erabiltzea, natura-baliabide berriak ez kontsumitzeko”.

EAEko gazteen bigarren erronka honako honetan datza: “adiskide eta senitartekoen artean haien sentsibilizazio-, hezitzaile- eta preskripzio-ahalmena  erabiltzea, eta, hala, balioztatze sozialaren eta pertenentzia-identitatearen prozesuetan duten eginkizunaren balioa nabarmentzea, jasangarritasunaren ikuspegitik aprobetxa daitezkeen sozializazio-mekanismo gisa”.

Hirugarren helburu gisa, gazteek honako hau adierazten dute: “ingurumen-presioaren eta -eskariaren lana sendotu behar dute enpresa eta administrazio publikoen aurrean, haien ahalduntzearen bidez, bai ikuspuntu politikotik bai kontsumitzaile diren aldetik, eskari argia helarazteko, ingurumena lehentasunezkoa izan dadin”.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), ordezkaritza kolektiboko erakunde den aldetik, honako hau adierazi du, gainera: “konpromiso sendoa hura eratzen duten elkarteen arteko agenda jasangarria eta koordinatua sustatzeko. Hala, dokumentuak Kontseiluaren beraren barruan lantalde iraunkorra sortzea ezartzen du, prozesu horri jarraipena eman eta gazte ikuspegia eta jasangarria integratzeko EAEko erakundeek etorkizunean sustatuko dituzten araudi eta plangintzetan». Modu berean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere burua eskaini du erreferentziazko solaskide gisa, EAEko administrazio publikoen aurrean, kontraste eta ekarpenen kanal iraunkorra ezartzeko.

Lehentasunezko proiektuak

Lantaldeen prozesuaren emaitza gisa, Adierazpenak zenbait proiektu ezartzen ditu; proiektu horiek gazteek administrazioari epe laburrean eta ertainean eskatzen dizkietenak dira. Ekimen horien artean prestakuntzako eta sentsibilizazioko estrategia dago, “Zurrumurruen aurkako Ingurumen Programa” izenekoa dago, klima-aldaketaren eta garapen jasangarriaren inguruko mito faltsuei aurre eta aurka egiteko.

Bestalde, ‘Erronka Garbia’ ekimena sustatzea proposatzen du; hura Ihobe Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoak garatutako metodologian oinarritzen da; haren bidez, garatu bitartean ingurumenean inpaktu negatiboak murrizten dituen prozedura izan duten ekitaldiak ziurtatzen dira. Proposamenaren bidez, ingurumen-ziurtapen hori sustatu nahi da gazteei zuzendutako ekitaldietan.

Azkenik, gazte parte-hartzaileek aitorpen-programak sortzeko eta ekimen jasangarriak sustatzeko eta ingurumenarekin zerikusia duten bideoen lehiaketa bat sortzeko eskatzen dute, ingurumen-egoerak salatzeko edo gure ingurunea zaintzea zer garrantzitsua den transmititzeko.

Ekitaldian, Adierazpena irakurtzeaz gainera, gazteek erkametz baten kimua landatu dute. Jardunaldian, Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, Agurtzane Llano Gazteriako zuzendariak eta Alex Boto Ihobeko zuzendariak parte hartu dute.