Bilboko Udalak Zurbaranbarrin irisgarritasuna hobetzeko obrak hasi berri ditu. Auzoko bost eremutan hainbat jarduketa gauzatzea aurreikusten duten lanak dira, eta beste horrenbeste fasetan garatuko dira, hurrenez hurren.
Auzo altu horretan, etxebizitza-blokeak altuera desberdinetan daude, eta beraien kaleek plataforma desberdinak osatzen dituzte, zeharkako bide batetik eta eskailera-zatietatik komunikatzen direnak. Barrualdeko oinezkoen joan-etorria hobetzen laguntzeko, zenbait hobekuntza diseinatu dira, auzoko bizilagunekin adostu direnak, eta dagoeneko hasi dira gauzatzen.
Hiri-espazioa hobetzearekin, hormak edertzearekin, oinezkoen pasabideak eta irtenguneak egokitzearekin, eta bestelakoekin zerikusia duten hainbat konturi buruzko jarduketak dira.
Guztira, 661.603,4 euroko aurrekontua dute, eta lau hilabeteren buruan amaitzea aurreikusten da.
A FASEA
Fase honetan aurreikusten diren lanen artean daude eremuko zoladurak berritzea eta eskaileren eta arrapalen irisgarritasun-baldintzak hobetzea, 12., 13. eta 14. blokeen inguruan.
Hala, 12. eta 13. atarietara sartzeko eskailera-mailak kenduko dira, eta arrapala bat egingo da, beraiek ordezkatzeko. 13. atarira sartzeko eta aldameneko eskailerak birmoldatzeko ere arrapala bat eraikiko da.
Atarietako kalezulo osoa Bilbao motako baldosaz zolatuko da, eta areka garbitu eta konponduko da dagoen hormaren oinean. Eta kalezuloaren alboko kalean espaloia zolatuko da. Espaloia zabaldu egingo da 14. zenbakiko atzealdeko pabiloien goiko bidearekiko elkargunean. Bertan, oinezkoentzako irtengune bat egingo da, oinezkoen joan-etorria arinagoa izan dadin. Arrapalen eta eskaileren sarreretan eta irteeretan, norabide-baldosa gorria jarriko da, irisgarritasun-araudiaren geometria eta diseinua betez.
Era berean, sarbide-eskailerak berrituko dira 12. eta 13. atarietatik 14.era, bost tartetan banatuta.
Urbanizazioko horma guztiak garbitu eta edertu egingo dira, eta harrizko akaberarekin inprimatutako morterozko zerrendekin berrituko dira, eta gainerakoa, harea koloreko mortero lauz.
Metalezko baranda eta hormigoizko balaustrada guztiak kendu eta beraien ordez altzairu herdoilgaitzezko baranda jarriko da, irisgarritasun-araudia betetzen duten eskudelekin. Eta eskudelak ere jarriko dira eraikinen fatxadetan, proiektatutako arrapaletan zehar.
Fase honetarako, aurrekontua 200.259,82 eurokoa da.
B FASEA
Fase honetako jarduketak auzoaren erdialdeko bi eremutan egingo dira.
-
- Iturriondo plazaren inguruan, oinezkoen pasabide berri bat eraikiko da beheko aldean, metroaren geralekuaren ondoan.
-
- Eta plazaren goiko aldean, 1 eta 59 BIS zenbakien artean dagoen oinezkoen pasabidea egokituko da. Oinezkoentzako irtenguneak egingo dira, zintarriak jaitsiko dira … eta bideko zoladura berritzeko aprobetxatuko da hondatuta dagoen eremuetan, eta hala eskatzen duten zerbitzu-sareak berrituko dira. Espaloiak Bilbao motako baldosekin zolatuko dira, errematea 20 zentimetroko zabalerako granitozko zintarriarekin egingo da, eta beheratutako pasabideak ere granitoz, 50 zentimetroko zabalerarekin. Oinezkoen pasaguneetan, norabide- eta ukimen-baldosak (botoiekin) jarriko dira, kolore gorrikoak.
Fase honek 97.643,30 euroko aurrekontua du.
C FASEA
Obren fase honetan, lanak hiru lekutan egitea aurreikusten da.
-
- Lehenengoa, Zurbaranbarriko 24. zenbakiaren atzeko aldean dagoen espaloian. Bilbao motako baldosazko akabera duen espaloi bat da. Egoera onean dago, baina malda oso handia du. Horrek sor ditzakeen arazoak konpontzeko, hala nola zorua bustita dagoenean jendea irristatzea eta jaustea, espaloiko baldosa osoa mutxardatuko da, 50 metro koadroko azalera batean.
-
- Bigarrenak Zurbaranbarri 21 eta 22ko atzealdeko espaloia eta aparkalekuak hartuko ditu. Egungo espaloia 1,2 metroko zabalera duen hormigoizko lauza batek osatzen du, eta eskailera-maila irregularrak dauzka.Beraz, zoladura berrituko da. Horretarako, egungo lauza eraitsi eta hormigoizko lauza berriarekin zolatuko da. Lauza horrek Bilbao motako baldosa izango du akaberan, eta granitozko zintarriarekin errematatuko da. Gainera, espaloiaren luzera osoan, zintarria 1,50 metroko zabalera uniformera lerrokatuko da, eta granitozko harmaila batez berrituko dira lokaletara sartzeko dauden eskailera-mailak. Aparkalekuko aglomeratu-zerrenda ere berrituko da.
-
- Eta hirugarrena, berriz, 15. eta 17. zenbakien atzealdean eta 14. atariaren aurreko espaloian eta egoteko gunean zentratuko da. 15. eta 17. zenbakien atzealdean, aurreko jardueran bezala, hormigoizko lauza berriarekin zolatuko da. Lauza horrek Bilbao motako baldosa izango du akaberan eta granitozko zintarriarekin errematatuko da, espaloiaren zabalera egungo 1,2 metrotik 2 metrora handituz. Era berean, granitozko harmailarekin berrituko dira lokaletako sarreretarako sarbidea ematen duten eskailera-mailak. Bestalde, 14. atariaren aurreko espaloian eta egoteko gunean, zoladura guztia berrituko da, Bilbao motako baldosarekin, hondoratzeak kenduz. Zintarria ere berrituko da eta txorkoak egokituko dira. Hormako barandaren ordez altzairu herdoilgaitzezko beste bat jarriko da. Egoteko gunea eta hormaren ondoan dagoen espazioa baliatuko dira joko bioosasungarriak jartzeko, bizilagunek eskatuta.
Horretarako aurrekontua 230.941,16 eurokoa da.
D FASEA
Azken jarduketa-eremuan, 28 eta 29 blokeetako kaleak –auzoko goiko plataforman kokatutako bidea, Artxanda mendiaren ezpondarekin horma batek mugatuta– eta 26 eta 27 blokeetako kaleak sartzen dira. Azken horiek eskailera batzuen bidez komunikatzen dira euren artean, 30E blokearekin izkinan daudenak, eta beraietan ere esku-hartzea egingo da.
Hain zuzen ere, eskaileren izkinan egoteko gune berri bat sortuko da, hiri-altzariz hornituko dena eta mutiloiekin babestuko dena, txarto aparkatzea saihesteko.
Eskaileren sarreran eta irteeran norabide-baldosa bat jarriko da, eta eskaileren goiko sarbidea egokituko da, sartzeko espaloiak beheratuz, oinezkoen zirkulazioari jarraipena emateko.
Eskaileretako hormigoizko balaustradak eta baranda metalikoa kendu egingo dira, eta horien ordez altzairu herdoilgaitzezko barandak jarriko dira, irisgarritasun-parametro guztiak betetzen dituztenak.
Era berean, bi kaleetako bidearen asfaltoa berritu egingo da, eskaileren goiko aldearen elkartze-azalera barne.
Proiektuaren barruan sartzen da, halaber, auzoa mendiaren hegalarekin mugatzen duen hormaren oineko areka garbitzea, bai eta horma garbitzea eta sastrakak kentzea eta horma edertzea ere, harrizko akaberarekin inprimatutako morterozko zerrendekin eta harea-koloreko pintura lauz egindako tarteko koadroekin. Eskaileretako eta egoteko gune berriko hormei ere tratamendu hori emango zaie.
Lan horietarako 110.205,12 euroko aurrekontua bideratuko da.
E FASEA
Bosgarren eta azken fasean, bidea asfaltatuko da 15, 16 eta 17 zenbakien aurrean, eta 22.554 euro erabiliko dira horretarako.
AUZOKIDE PLANA
Zurbaranbarri auzoan proiektatu diren lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan daude.
Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat. Haren bidez, aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.
SARE SOZIALAK: