Energia Trantsizioaren alderdi teknologikoez, industrialez eta ondorio sozialez jardun dira 22 aditu

0

Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak eta Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak SPERTUSen bigarren mintegia inauguratu dute gaur goizean. Energia-eredua aldatzeko erronka teknologikoak, industrialak eta sozialak aztertzea helburu duen mintegi hori UPV/EHUren Bizkaia Aretoan egin da, eta bertara bildu dira 100 ikusle eta hainbat diziplinatako 22 aditu, zientzia eta teknologia, industria eta ekonomia juridikoa barne.

Gizarte industrialek zenbait erronkari aurre egin beharko diete Energia Trantsizioak berekin dakarren paradigma-aldaketa gauzatzeko, eta, hain zuzen ere, erronka horiek aztertzea du helburu SPERTUS Energia Trantsizioren eta Industria Lehiakortasunaren Mintegi Iraunkorrak. Eredu berri bat behar dugu, ekoizteko eta energia kontsumitzeko moduak aldatzeko eta sistema berri batera egokitzeko, eta, sistema horretan, energia berriztagarriak izango dira energia-horniduraren oinarri nagusia, jatorri berriztagarriko erregai berriekin eta hidrogeno berdearekin batera. Noski, horrek esan nahi du gizarte modernoaren maila guztietan aldatu beharko dela ekoizteko eta kontsumitzeko modua. Iraganean, energia fosilen erabilerari esker eboluzionatu zuen gizarteak, eta, orain, kontsumoaren kultura aldatzen jarraitzeko beharrezkoak diren teknologia eta mekanismo sozial guztiak garatu beharko ditugu, eredu berriztagarri eta jasangarri baterantz eboluzionatzeko.

Horretaz guztiaz jarduteko, adituen lau mahaitan banatu da jardunaldia. Alde batetik, lehenengo saioan Energia Trantsizioaren ikuspegi globala jorratu dute energiaren sektoreko enpresek. Saioan Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia aritu da moderatzaile-lanetan, eta hainbat adituk parte hartu dute, hala nola Jorge Fernández Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren (Orkestra) Energia Arloko koordinatzaileak, Luis Cabra Repsoleko zuzendari exekutiboaren ondokoak, eta Javier Arriola Iberdrola Taldeko i-DE Sare Elektriko Adimendunen Iparraldeko zuzendariak.

Bigarren saioa alderdi zientifikoei eta teknologikoei buruzkoa izan da. Energia Trantsizioan energia-iturri sintetiko berriak sortu beharko dira, bai eta energia metatzeko teknologiak garatu ere iturri berriztagarrietan hornidura ez delako etengabea. Gainera, jatorri berriztagarriko hidrogenoak ohiko erregaiak ordezkatzen lagundu dezake petrolioari oso lotuta dauden sektoreetan, hala nola salgai astunen garraioan. Teofilo Rojo UPV/EHUko Zientzia eta Teknologiako irakaslea izan da moderatzailea bigarren saioan, eta Tecnaliako, CIEMATeko eta CTAGko adituek parte hartu dute.

Bestalde, industriak erronka handiei egin beharko die aurre petrolioaren deribatuen kontsumoa egokitzeko prozesuan. Industriak bere burua berrasmatu behar du, energia eraldatzeko eta metatzeko sistema berriak txertatzeko, hala nola bateriak, superkondentsadoreak, erregai-pilak eta hidrogenoa, era horretan klima-aldaketaren aurka borrokatzeko konpromisoak betetzeko, eta, aldi berean, lehiakorra eta gizarte osoarentzat ongizate-iturri izaten jarraitzeko. Energia Klusterraren zuzendari nagusia izan da hirugarren eztabaida-mahaiaren moderatzailea, eta Ingeteam, Hine Group, Arflu eta Branka enpresen ordezkari nagusiek parte hartu dute.

Azken saioan, Energia Trantsizioak eremu sozial, ekonomiko eta juridikoan dituen ondorioak aztertu dira. Energia-iturri fosilek gizarte osoaren ongizatea bermatu dute mende bat baino gehiagoz, baina, energiaren eta ekonomiaren testuinguru berri honetan, ikusi beharko da eredu-aldaketa sakon honek zer ondorio izango dituen ekonomian, gizarteko maila guztietan, gizarte-ongizatean, eta eredu-aldaketaren osagai juridikoetan. Saio honetan, Xabier Aja ekonomian eta energian aditua den kazetaria aritu da moderatzaile-lanetan, eta BC3ko, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko, San Pablo CEU Unibertsitateko eta Ikerketa Estrategikoen Institutuko adituek parte hartu dute.

Energia Trantsizioa Euskadin

Eusko Jaurlaritzak asmo handiko helburuak finkatu ditu energia-eraginkortasunaren garapenean eta energia berriztagarrien hedapenean, era horretan Energia Trantsizioan aurrera egin eta 2050. urterako CO2-aren 0 isuri garbien helburua betetzeko. Euskadiko Energia Estrategiak finkatutako helburuaren arabera, iturri berriztagarrien erabilera gaur egungo % 9tik % 21era handitu nahi da 2030erako. Horretarako, proiektuak garatzen ari dira hainbat eremutan, hala nola lehorreko energia eolikoa, I+Gren garapena eoliko flotatzailean, hidrogenoari bultzada ematea, bai eta kooperatiba-formatuko eguzki-instalazioak ere (azken urteotan esponentzialki hazi dira horrelako instalazioak Euskadin).

Eztabaida-foroa

SPERTUS 2021. urtean sortutako diziplinarteko foroa da, eta lehen edizioa Santiagoko Unibertsitateak antolatu zuen. Orain, Euskal Herriko Unibertsitateak hartu du lekukoa, Energia Trantsizioari buruzko eztabaidan eta zabalkundean aurrera egiteko, eta, horrela, aldaketa sakon bat ahalbidetzeko gizartearen esparru guztietan, produkzio-sistemetan eta kontsumo-moduetan. XIX. mendetik aurrera industria hedatu egin zen, eta, horri esker, ongizatearen gizarte modernoak sortu ziren. XXI. mendean, berriz, eredu-aldaketa bat egin beharko dugu, bizi-kalitatea bermatzeaz gain planetaren ekonomia-, industria- eta ingurumen-jasangarritasuna ere bermatzeko.

Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak trantsizio energetikoari buruzko SPERTUS mintegia irekiko dute. Jardunaldia lau saiotan egingo da. Saio horietan, trantsizio energetikoaren alderdi orokorrak eta horrek garapen teknologikoan, industria-lehiakortasunari eustean eta faktore ez-teknologikoetan (ekonomikoak, juridikoak eta sozialak) dituen ondorioak aztertuko dira.