Euskadiren finantza-osasuna abalatzen duten azken kalifikazio-ratingetan oinarritu da Azpiazu «kaudimenaren bermea» dela nabarmentzeko

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua Euskadiren finantza-osasuna abalatzen duten eta kalifikazio-agentziek eman dituzten azken ratingetan oinarritu da “kaudimenaren bermea” dela nabarmentzeko.

Bilbao Metropoli 30 elkarteak Finantza Osasunari buruz antolatu duen jardunaldian egin duen esku-hartzean, Azpiazuk azkenaldian Eusko Jaurlaritzak jarraitu duen finantza-estrategia azaldu du eta Standard & Poor’s (S&P) kreditu-kalifikazioko agentziaren egungo argazki bat hartu du oinarri gisa, martxoan Euskadiren ratinga hobetu baitzuen eta AA-‘ mailara igo baitzuen, ikuspegi “egonkorraz”.

S&P agentziak azpimarratu zuenez, “EAEren kudeaketa sendoa da eta 2023an aurrekontu orekatuetara itzultzeko gai da; nabarmentzekoa da EBko funtsak modu egokian erabiltzeko duen ahalmena”. Nazioarteko testuinguruan dauden ziurgabetasunak gorabehera, S&Pk uste du EAEko ekonomiak Estatuko batez bestekoak baino adierazle sozioekonomiko sendoagoak dituela. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleko BPGa Estatuko altuenetakoa da, eta langabezia-tasa, egitura aldetik, Estatukoa baino txikiagoa du.

Egoera hori, Azpiazuren ustez, ibilbide baten emaitza da. “Euskal kontu publikoen bideak superabita erakusten du 2017tik, eta urte hura garrantzizkoa izan zen Euskadirentzat, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoko akordioak lortu baitziren eta horien bitartez Euskadiko administrazioen eta Espainiako Gobernuaren arteko finantza harmonizazioa lortu baitzen”. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak hori gogoratu du “Eusko Jaurlaritzan oso argi daukagu finantza-osasuna kaudimenaren bermea dela” azpimarratzeko.

Egungo egoerari helduz, Azpiazuk azken adierazle ekonomikoak berreskuratu ditu, besteak beste, lan-merkatuak eta industriako ekoizpenak onera egin dutela erakusten dutenak, eta aipatu du, zailtasunak zailtasun, Euskadik hazkunde sendoaren bidean jarraitzen duela. Esku-hartzeari, azken mezu batekin eman dio amaiera: “Balorazio horiek gorabehera, erne zaindu behar ditugu inguruko seinaleak, eta, oraingoz, ez dugu ikusten epe laburrean gure diskurtso ekonomikoa aldatzeko arrazoirik”, ohartarazi du Azpiazuk.