Parketarrak 17 auzotan antolatuko da maiatzaren 9tik 27ra

0
PRUEBA

Donostiako Udalaren, Euskara Zerbitzuaren bitartez, eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, Parketarrak izeneko egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan antolatuko da maiatzean. Lehen saioak maiatzaren 9an hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Altzan. Hortik aurrera, maiatzaren 27ra arte, hiriko auzoetako hainbat parke eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera eskainiko da doan.

Parketarrak ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago:

  • Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa.
  • Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.

 

Pasa den martxoko saioen balorazioa ona izan da

Martxoan antolatutako saioek harrera ona izan zuten: 627 haurrek eta 185 gurasok parte hartu zuten. Guztira, 99 saio antolatu ziren. Saioetan parte hartu zuten gurasoek oso ondo balioetsi dute ekimena. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere bai: flopi-flopi, Krokodrilo jauna, lau izkinak, baloi eseria eta abar. Gainera, kalean euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira.

Aurten, egitasmoa 17 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondon. Donostiako auzo gehienetan euskara batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako “Parketarrak” ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

 

Eskola orduz kanpoko euskarazko jardueretan parte hartzearen garrantzia

Haurrak euskaldundu eta euskara erabili dezaten ikastetxean egiten den lana osatzera dator Parketarrak. Parte Zaharreko Zuloaga plazan egin den prentsaurrekoan Orixe ikastolako haurrak jolasean aritu dira. Haur horiek datozen egunetan, arratsaldez, eskola bukatu eta gero parkean arituko dira jolasean. Parketarrak egitasmoak euskaraz sozializatzeko aukera emango diete haur horiei eta beren gurasoei. Amaia Martinez Orixe ikastolako zuzendariaren esanetan “haur eta nerabeek euskal hiztun osatuak izateko euskarazko ekosistema behar dute. Ekosistema hori ezin da eskolaren eremura mugatu bakarrik, aisialdira ere zabaldu behar da”.

Jon Insausti kulturako eta euskarako zinegotziak nabarmendu du eskola orduz kanpoko euskarazko jardueren garrantzia. “Udalaren egitekoa da haurrentzako euskarazko jarduerak antolatzea eta horretan dihardugu. Baina horrekin batera, gurasoak sentsibilizatu behar ditugu beraien seme-alabak euskarazko ekintzetara eraman ditzaten, eskolaz kanpo ere, lagunartean, euskaraz bizi daitezen”.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/09-an argitaratua