URAk «Euskadiko Urak» liburua aurkeztuko du gaur Joaquin Araujoren eskutik Donostiako Aquariumean

0

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzari atxikita dagoean, Donostiako Aquariumean aurkeztuko du gaur 18:00etan «Euskadiko Urak» liburua: argazki eta marrazkiz osatutako liburua, Euskadiko ingurune natural esanguratsu eta berezienetako batzuen garrantzia nabarmendu nahi duena. Aurkezpen-ekitaldian Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta URAko talde teknikoa izango dira.

«Euskadiko urak» Uraren Euskal Agentziak (URA) egin du, kolaboratzaile talde zabal baten ekarpenekin, Joaquín Araujo naturalista ospetsuaren zuzendaritzapean, argazkiekin batera doazen kontakizunak eskuz idatzi dituena. Kontserbazio-egoera onean dagoen ur-ingurune bat izateak duen garrantziaz kontzientziatu eta sentsibilizatu nahi duen ekimena da.

Horretarako, liburuak uraren magia erakusteko argazki-ibilbide bat marrazten du; batzuetan, Lurraren gainazalean zehar ibaiak eta errekak osatuz, eta, beste batzuetan, lurrean infiltratuz, Lurraren erraiak zulatuz edertasun-barrunbe osoak sortuz, ondoren, iturri eta iturburuetatik azaleratzeko, berriro ere ibaia bilatuz, itsasora iritsi arte jariatzen jarraitzeko eta, han, berriro hasi.

Era berean, aurrekoarekin ildotik, liburuaren argazki adierazgarrienekin erakusketa bat irekiko da Donostiako Portuan, Lasta plazaren parean, maiatzaren 9tik 29ra bisitatu ahal izango dena. Erakusketak argazki eta marrazki sorta oparoa eta adierazgarria du, liburuan jasotakoak. Argazkiek ur-inguruneko paisaiak erakusten dituzte urteko hainbat une eta garaitan; baita ur-inguruneari lotutako bizitza ere, faunaren eta floraren irudien bidez.

Erakusketak liburuaren osagarri didaktiko eta dibulgatiboa izan nahi du. Helburua da ur-inguruneari buruzko ezagutza hobetzea: ibaiak, errekak, lakuak, hezeguneak, akuiferoak eta estuarioak natura-ondare gisa, bizitza mantentzeko baliabide natural berriztagarri garrantzitsuena gordetzen dutenak: ura.

Urari lotutako espazioak bizitza gainezka duten inguruak direla zabaldu nahi da: ugaztunak, ornogabeak, intsektuak, odonatoak, arrainak, anfibioak, hegaztiak eta ibaiaren benetako babesa den ibaiertzeko basoa, bizitza garatzeko habitat egokia errazten duen basa-bizitzaren babeslekua. Era berean, eguzkiaren energiak elikatzen duen ziklo hidrologikoari balioa ematen zaio, planetan dagoen ura leku batetik bestera mugiarazten baitu fase eta egoera desberdinetatik igaroz.

Azken batean, herritarrak sentsibilizatzeko ahalegina ur-ekosistemek duten garrantziaz eta gizarteari eskaintzen dizkioten zerbitzu eta onurez, eta ekosistema horiek kontserbatzeko erronkan erantzukizun partekatua sustatzeko beharraz.

Proiektua Mikel Arrázola, Pedro Odriozola, Eneko García de Madinabeitia, Joseba del Villar, Íñigo Gómez de Segura, José María Sanz de Galdeano, Brian Webster, Conrado Tejado, Jorge González, Sergio Laburu, Gaizka Aranguren, Julen Toquero, Alfredo San Juán edo Fernando Linaresek emandako argazkiekin osatu da. Xehetasunez betetako Norberto Fuenteren ilustrazio errealistak ahaztu gabe.