Nerea Astigarraga «Uste dut oso garrantzitsua dela buruko gaixotasunen inguruan herritar guztien, komunikabideen sentsibilizazio, kontzientziazio eta desestigmatizazio lana»

0
Datorren asteazkenean, maiatzak 11, 18:30etan hasita Nerea Astigarragak Resetea tu vida liburua aurkeztuko du Emakume Txokoan. Bertan, liburua aurzkezteaz gain, osasun mentalaren inguruko hausnarketa egin eta » gaixotasun mentalei buruzko eztabaida gizatiarra eta benetakoa sortzen» saiatuko da.

Buruko gaixotasun bat diagnostikatu zizuten, eta horri aurre egiteko esperientziatik abiatuta idatzi duzu liburua, ezta?

Hala da. Lehenik, bipolar desorekaren diagnostikoa etorri zen, eta, shock-aren ondorioz, urte sabatikoa hartzea erabaki nuen «resetea»-tu eta arau orotan berrabiarazteko. Ondoren, diagnostikoaren mugek bultzatzeari utzi beharrean, unibertsitatean psikologia ikastea eta autolidergotasuna garatzea izango zela hoberena erabaki nuen. Denbora eta energia asko kontsumitzen duen lan neketsua izan zen. Aldi berean TB-aren gorabehera emozionalei aurre egiten nien, baina esnatzeko etapa eta ziklo berria  sortu zitzaidan. Horregatik, programazio neurolinguistikoan (PNL) trebatzen jarraitu nuen, adibidez, eta hor ikusi nuen zer izan zitekeen nire hurrengo erronka: liburu-gida bat idaztea (eklektikoa), zientifikoa, introspektiboa eta esperimentala.

Buruko gaixotasunak normalizatu eta horietaz hitz egitea beharrezko bihurtu da, ezta?

Egia da osasun mentaleko arazoak areagotu egin direla pandemiarekin; adibidez, depresio- eta antsietate-kasuak %28 eta %26 handitu dira, hurrenez hurren. OMS-ek jakinarazi du 4 pertsonatik batek osasun mentaleko arazo bat izan duela, duela edo izango duela, eta 2030erako mota horretako patologiak izango direla munduan ezgaitasunaren lehen arrazoietako bat. Uste dut oso garrantzitsua dela herritar guztien eta, nola ez, komunikabideen sentsibilizazio, kontzientziazio eta desestigmatizazio lana. Nire aldetik, nire jakintza eta esperientzia partekatzen saiatzen naiz lehen pertsonan bizi baidut. Ez al duzu uste minbiziaz edo diabetezaz modu irekian hitz egiten den bezala, gaixotasun mentalen inguruko estigma eta tabua normalizatu, ezabatu beharko genukeenik? Izan ere, gaixotasun mentala izan arren, bizimodu osasungarria eta kalitatezkoa eraman daitekeela adierazi nahi dut.

Gaitasun pertsonalak lantzeko gida bat dela diozu liburua. Norbera ezagutzea, ezinbesteko tresna bihurtzen da?

Bizitza bera terapia bat da, eta autoezagutza etengabea da bizitza osoan zehar. Maila pertsonalean, onarpen eta apaltasun lan gogorra egin behar izan dut bizitzak askatzeko eta bidea erakusteko. Ulertuko duzunez, shock izugarria da buruko gaixotasun bat diagnostikatzen dizutenean; izan ere, klixe, sinesmen asko eraitsi behar dituzu, eta balioak birformulatu, etab. Nire ustez, bizitzea egokitu zaidan egoeran oso lagungarria izan daiteke aholkulari edo gidari baten laguntza, baina, azken batean, bakoitzak bere heroia aurkitu behar du norberaren barruan. Sinestezina dirudien arren, eskerrak eman behar dizkiot nahasmendu bipolarrari, nire «maixu» handiena izan baita; izan ere, horren ondorioz, metodologia edo entrenamendu-programa egoki bat sortu ahal izan dut (Reset 27 sistema), kudeaketa emozional, mental eta konduktuala hobetzeko.

Egin duzun barne lanketaren adierazle da, gaur egun profesionalki ere buruko gaixotasunak dituztenei zein bere inguruari laguntzen eta gaiaren inguruko hitzaldi eta saioak ematen egiten duzula lan.

Egia esan, bi gauzak tartekatzen ditut. Alde batetik, enpresa inklusibo batentzat lan egiten dut goizetan, eta une honetan errentaren kanpainan parte hartzen dut (bezeroarentzako arreta). Eta bestetik, psikologo gisa dudan funtzio pedagogikotik, laguntza eskaintzen diet TB-aren diagnostikoa duten pertsonei eta haien senideei (online edo aurrez aurre). Halaber, dibulgazio-hitzaldi edo hitzaldien gaia ere bada (ikastetxeetan, erakundeetan edo deitzen didatenean).
Bide batez, interesa duenari eta laguntza beharrean dagoenari jakinarazten diot web orriko inprimakiaren bidez jar zaitezketela harremanetan nirekin: www.nereaastigarraga.com

Liburuan egunerokotasunari aurre egiteko tresna ugari proposatzen dituzu. Nola eragiten dute egunerokotasunean aldaketa txikiak emateak? Buruko gaixotasuna dagoen kasuetan zertan lagundu dezakete?

Gizakiaren dimentsio desberdinei buruzko ikuspegi positiboagoa ematen duen liburua da: normala dela hainbat emozio desberdin sentitzea, eta emozioak identifikatzen jakinez gero, hobeto bizi gaitezkela haiekin. Pentsamendu intrusiboak desblokeatzen edo pentsamendu-eredu zaharrak (autosabotajea, aldaketarekiko erresistentzia, etab.) berrezartzen ere laguntzen du. Eta, azkenik, irakurleari bere egunerokotasunean laguntzen dion liburua da, bizi-ohitura onak txertatzen bultzatuz. Hasieran pentsatu nuen, TB-ari buruz hitz egitean, nire kasuan bezala gaixotasunen bat diagnostikatu dieten pertsonei bakarrik piztu ziezaiekela interesa, baina, ondo pentsatuz gero, esan daiteke «Resetea tu vida» gida praktikoa dela barnera bidaia egin nahi duen edonorentzat, eta bertan aurkituko dituztela hiru ardatzak kudeatzen ikasteko tresna batzuk (batzuk besteak baino egokiagoak) eta/edo estrategiak: emozionala, mentala eta portaerazkoa (sentitzea, pentsatzea eta egitea).

Nola ikusten duzu jendartea, osasun mentalari dagokionean?

Oraindik gende askok ez daki zer esan nahi duen buruko gaixotasun batekin bizitzeak, eta horrek beldurra besterik ez du sortzen. Hasteko, gaixotasun mentalen inguruko uste faltsuak edo mitoak ezabatu beharko genituzke. Zehazki, uste da pertsona psikotikoak bortitzak, oldarkorrak eta harremanetarako zailak direla. Ulertuko duzunez, horrek zaildu egiten ditu pertsonen arteko harremanak, diagnostikatutako pertsonaren autokontzeptua hobetzea eta, beraz, autoestimu orekatua izatea. Bestalde, TBarekin diagnostikatutako pertsonen %60k baino gehiagok lana aurkitzeko arazoak dituzte, horregatik, prebentzio eta/edo mantentze-neurri handiagoak hartu beharko lirateke. Izan ere, lan-aukera bat aldarrikatzeko eskubidea dugu, eta erakundeek hau kontutan hartu beharko lukete.

Zertaz arituko zara asteazkeneko hitzaldian?

Uste dut amaieratik hasiko naizela hizketan, hau da, herri honi, Azpeitiari, nire duintasuna eta autoestimua berreskuratzen lagundu izana eskertzetik. Bi urte daramatzat hemen bizitzen, eta aske eta gizartean integratuta sentitzen naiz. Eskerrak ematen dizkiet ADI pintura eskolari, Sormen Laborategiko antzerki taldeari eta, nola ez, «Emakumeen Txokoari» ateak irekitzeagatik.

Jakina, liburua aurkeztuko dut, eta gaixotasun mentalei buruzko eztabaida gizatiarra eta benetakoa sortzen saiatuko gara.