Bilboko Udal Musika eta Txistulari Bandek maiatzean ekingo diote udaberriko denboraldiei

0

Bilboko Udal Musika eta Txistulari Bandek maiatzean ekingo diote udaberriko denboraldiei, maiatzaren 13tik ekainaren 23ra Areatzako Kioskoan programatutako sei kontzerturekin.

Gorka Zabaletak zuzenduko du Txistulari Banda, eta Musika Bandaren kasuan, Jose Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak eta Iñaki Urkizu zuzendariordeak txandakatuko dute gidaritza. Bi taldeek bi aldiz partekatuko dute agertokia eta gonbidatu berezien artean, Aiko Taldea, Patxi Laborda edo Álvaro García gitarran aurkitzen ditugu, besteak beste.

Txistulari Bandak maiatzaren 13an eskainiko duen erromeriak irekiko du taldearen udaberriko kontzertuen zikloa. Emanaldi honekin Bilboko Udal Txistulari Bandak Bilboko Areatza dantza erritmoz bete nahi du. Bertaratzen direnek betiko dantzen erritmoan mugitu ahal izango dituzte oinak. Habanerak, jauziak, arin-arinak, jotak, pasodobleak,… txistu eta gitarra doinuekin eta Álvaro Garcíaren laguntzarekin. Gidari gisa, erromeria girotzeko, bi dantza maisu izango ditu: Patxi Laborda eta Sabin Bikandi.

Udaberriko zikloak maiatzaren 20an, ostiralean, jarraituko du Musika Bandak eta Txistulari Bandak batera eskainiko duten emanaldiarekin. «Alaitzeko musika» lelopean eta Iñaki Urkizu zuzendariordearen gidaritzapean, ‘La Kermés de las Vistillas’, ‘Guadix’, ‘Peña taurina vitoriana’ pasobleak, ‘El niño judío’ren ’Arza y olé’ bikote komikoa eta ‘La Calesera’ kalejira interpretatuko dira. Bestalde, Zabaletak zuzentzen duen Txistulari Bandak Santos Intxausti, Rodrigo A. de Santiago, Aita Hilario Olazaran, Sabin Bikandi, Jesús Guridi eta Jose Ignazio Ansorena musikarien kantak eskainiko ditu.

Ekainaren 3an, taldeko 40 interprete baino gehiago taulara itzuliko dira, Iñaki Urkizuren gidaritzapean, Naohiro Iwairen moldaketekin hainbat egileren piezak jotzera. Ekainaren 10ean José Rafael Pascual-Vilaplanak hartuko du batuta ”Musika eta bizikidetza” gidatzeko, Franco Cesarini, Pablo Sorozabal edo Soichi Konagataren lanez osatutako programa interpretatuko dute, besteak beste. Eta ekainaren 17an bi bandak berriro elkartuko dira eta batera eskainiko duten bigarren kontzertua izango da. ”Gure musika” titulupean, ’Euzko-Gogua’, ’Idiarena’, ’Txori Kantak’ eta ’Deva’ euskal musika tradizionaleko piezak izango dira entzungai, besteak beste.

Kioskoko azken kontzertua ekainaren 23an izango da, 18:00etatik aurrera. Okasio honetan Musika Banda Aiko Taldearekin batera arituko da. José Rafael Pascual-Vilaplanaren gidaritzapean euskal musika errepertorioa eskainiko dute eta gainera, Aikoko dantza maisuek ikuskizunean parte hartzera animatuko dute publikoa.

Aire zabaleko ikuskizun hauei ekainaren 28an emango zaie amaiera, Musika Bandak gaueko 22:00etatik aurrera Arriaga Antzokiko Plazan eskainiko duen ”Malabareen orkestra” izeneko emanaldiarekin. Muroko maisuaren zuzendaritzapean, eszenatokia beteta egongo da berriro, Musika Bandarekin batera Galiziako Pistacatro zirku arteen konpainiako malabaristak arituko baitira. Musika eta zirkua uztartuko dituen proposamen berezi eta berritzailea, askotariko kontzertuen ziklo erakargarri honi amaiera emango diona.

Areatzako Kioskoko agertoki enblematikoan eskainiko dituen kontzertuez gain, Bilboko Udal Musika Bandak Alcoyra bidaiatuko du maiatzaren 14an, larunbata, Amando Blanquer konpositoreari omenaldia egiteko. Hitzordua 19:30etan izango da, Alcoyko Calderón Antzokian. «Haizearen sinfoniak» izeneko eta Pascual-Vilaplana maisuak gidaturiko kontzertu honetan, ’Julio Pastor’ pasodoblea, ’L ‘Embaixador’ martxaz eta Amando Blanquerren ’Entornos’ izango dira entzungai, besteak beste.

Udal Txistulari Bandak, bestalde, udaberriko denboraldi hau «Txistu Banda Auzoetan» programarekin txandakatuko du. Ekimen honen helburua bilbotarrengana hurbiltzea da, uriko auzoak bisitatuz. Egitarau honek kontzertu tradizionalaren eredua uztartuko du espazio itxietan zein auzoetan zehar. Era berean, maiatzaren 15ean Beasainera joateko asmoa du, «Oinatzak» kontzertua eskaintzeko Beasaingo Txistulari Bandarekin eta Aitor Furundarena akordeoiaren laguntzarekin. Horrela, txistulari laukoteak musika mota ezberdinak interpretatuko ditu, bakarka hainbat doinu eskainiz eta beste batzuk, akordeoi batek lagunduta.