Donostian jokatuko dira 2023ko Frantziako Top14 Liga txapelketako final erdiak

0

Top 14 eta ProD2 txapelketak antolatzen dituen Ligue Nationale de Rugby (LNR) erakundeak Donostia hautatu du 2022-2023 denboraldian Frantziako txapelketa nagusiko finalerdiak jokatzeko. Donostiako Udalak eta Realak aurkeztutako hautagaitzak Frantziako lau hiriren proposamenak gainditu du: Lyon, Marseilla, Bordele eta Saint-Etienne.

Berriki birmoldatu duten Realea Arena estadioak 40.000 ikusle ingururentzako lekua du, eta hiriak, bere osotasunean, ongietorria emango die Frantziako errugbiaren festa handia ospatzera etorritako milaka zaleei. Ekaineko asteburuan jarduera paraleloak egingo dira hiriko hainbat gunetan, eta kultur eta kirol agenda aste batzuk lehenago hasiko da.

Hain zuzen ere, hiriko zein lurraldeko kirol-, gizarte- eta kultura-eragileen arteko lankidetzak aberastu du errugbiaren eta haren balioen zabalkundean oinarritutako proposamena.

Ekitaldiak Donostian eta Gipuzkoan izango duen eragin ekonomikoa handia izango da. Erreferentzia gisa, Bilboko San Mames estadioan Challenge Cup eta Champions Cup finalak jokatu ziren 2018an, errugbiaren alorreko kontinente mailako bi lehiaketa nagusiak. Ekitaldiak 80.000 ikusle baino gehiago erakarri zituen, horietatik 50.000 Euskaditik kanpokoak, eta zuzeneko eragin ekonomikoa 28,18 milioi eurokoa izan zen hiriburuan eta Bizkaian, eta 37,66 milioi eurokoa Euskadi osoan.

Ekitaldiaren aurkezpen ofiziala eta sarreren salmenta irailerako eta urrirako aurreikusi dituzte, Frantziako Errugbi Ligaren 2022-2023 denboraldiaren hasierarekin batera.

2022/05/10-an argitaratua