Eusko Jaurlaritza lankidetzarako eta elkartasunerako euskal legearen aurreproiektua tramitatzen hasi da

0

Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik onartu du Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legearen aurreproiektua, euskal administrazio publikoen eta lankidetzako eragileen lankidetza eta elkartasun arloko jarduerak arautuko dituena. Beatriz Artolazabalen, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren aburuz, “lankidetzarako euskal politikak eredu irekiago baterantz jo behar du, gizarte osoari dei egingo diona eta nazioarteko eremuan gertatzen diren aldaketetara ahalik eta modurik eraginkorrenean egokituko dena”. Era horretara, Artolazabalek uste du, lege berriak egungo erronka globalei aurre egin dakieke, hala nola “desberdintasunen, fundamentalismoen edo gatazka armatuen areagotzea, aurrekaririk gabeko krisialdi sanitarioa edota klima-aldaketa”.

Lege berriak Garapenerako Lankidetzako 2007ko Legea ordezkatuko du. Ezarri nahi den lege-esparru berriak erronka globalak aintzat hartu nahi ditu, erantzunkidetasunean aurrera egiten eta pertsonen, erakundeen eta entitateen arteko aliantzen osaera eta elkarlana ahalbidetzen; Euskadikoak zein beste lurraldetakoak, bakoitzak bere bereizgarritasunetik eta erantzukizun bereziturik.

Horretarako, testu berriak aurrera egiten du erakundeen arteko koordinazio mekanismoak indartzen eta finantzaketa tresnak erronka orokor horietara egokitzeko konpromisoan. Horretarako, urtero Euskadiko Aurrekontu Orokorraren guztizko gastu finkatuaren % 0,7 lankidetzara eta elkartasunera bideratzeko helburua indartzen du.

Gainera, asmoa da elkartasunaren zerbitzura jartzea euskal gizartearen zenbait bereizgarritasun; besteak beste, hizkuntza eta kultura aniztasuna, bake prozesuetan eta gatazkak konpontzeko bideak, kooperatibismo moduko eredu ekonomiko alternatiboak, elkarte-ehuna sendoa edo agenda feministetan eta ekologistetan sakontzea.

Berrikuntza nagusiak

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal legearen aurreproiektu berriak berrikuntza garrantzitsuak dakartza aplikazio eremuari dagokionez; izan ere, aurrekoan ez bezala, aurreikusten da ezarpena edukitzea Euskadiko Administrazio Orokorrean, hiru foru aldundietan, tokiko erakundeetan eta unibertsitate publikoetan, besteak beste.

Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, aurreproiektu berriak “arreta berezia jartzen du garapen jasangarrirako politiken koherentzian, nahitaezkoa baita administrazio bakoitzak aintzat hartzea bere politikek Hegoaldeko herrialdeetan dituzten eraginak eta baita beste lankidetzako eragileekin koordinatzeko ere”.

Halaber, aurrera egiten du euskal lankidetzaren jarduera modalitateen definizioan, ekimenak eta dirulaguntzak lankidetzan diharduten herrialdeen eta herritarren errealitateetara egokitzeko. Legearen aurreproiektua 5 kapitulutan, 25 artikulutan, 3 xedapen iragankorretan, esparru juridikoko xedapen indargabetzaile batean eta 4 xedapenetan dago egituratuta.

Prozesu parte-hartzailea

Garapenerako Lankidetzako Legearen irismena berrikusteko eta zabaltzeko helburuarekin, 2021ean, kontsulta publiko eta prozesu parte hartzaile bat egin zen. Tartean, kontrasterako guneak garatu dira hainbat eragilerekin, hala nola Euskadiko eta Estatuko administrazio publikoekin, GGKEekin, ikasketa eta teknologia zentroekin, erakunde feministekin eta LGTB+ elkarteekin, pertsona migratuen elkarteekin, Nazio Batuen agentziekin edo Hezkuntza eragileekin.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren, Beatriz Artolazabalen, onarpen aginduaren ondoren, entzunaldi eta jendaurreko informaziorako izapidearen aldia irekiko da, eta herritarrek alegazioak egin ahalko dizkiote aurreproiektuari. Dokumentua datozen egunetan egongo da eskuragarri Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan eta eLankidetzako webgunean.