Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaurko bileran Estatuko Administrazio Orokorretik jasotzen diren eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barnean dauden kultura-industria errebalorizatzeari dagozkion funtsak foru-aldundiei banatzeko.
Funtsak «Next GenerationEU» programaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik (MRR) datoz. Programa horren helburua COVID-19aren pandemiak eragindako berehalako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen laguntzea da. Espainiako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak bere konpromisoen artean jasotzen du Kultura Industriaren errebalorizazioa. Osagai horretan aurreikusitako laguntzetako bi honako hauek dira: “Hiri-eremuetatik kanpoko kultura-eskaintza handitzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak”, eta “Estatuaren titulartasuneko eta kudeaketa autonomikoko dokumentu-funtsak deskribatzeko eta digitalizatzeko laguntzak”.
Hiri-eremuetatik kanpoko kultura-eskaintza handitzeko eta dibertsifikatzeko laguntzei dagokienez, dokumentu gidariak jasotzen du autonomia-erkidegoak izango direla erakunde betearazleak, baina laguntzak foru-aldundiek kudeatu ahal izango dituztela. Horrela, guztira, 391.139 euro transferituko zaizkie Arabako (108.187 euro), Bizkaiko (174.477 euro) eta Gipuzkoako (108.474 euro) foru-aldundiei.
Bestalde, Estatuaren titulartasuneko eta autonomia-erkidegoen kudeaketako dokumentu-funtsak deskribatzeko eta digitalizatzeko laguntzei dagokienez, laguntzen gida-agiriak autonomia-erkidego bakoitzak kudeatutako Estatuaren titulartasuneko artxibo-kopurua finkatzen du funtsen lurralde-banaketarako irizpide gisa. Euskadiren kasuan, Estatuaren titulartasuneko artxibo bakarrak foru-aldundiek zuzenean kudeatzen dituzten Probintziako Artxibo Historikoak dira. Hori dela eta, hiru lurralde historikoetako foru-aldundiek 27.483 euro jasoko dituzte mota guztietako artxibo-sistemen, ondare historikoaren inbentarioen eta erregistroen (ikus-entzunezkoena barne) digitalizaziorako, ahalmena handitzeko eta elkarreragingarritasunerako. 9.161 euro izango dira erakunde bakoitzarentzat.
HAKOBAren martxoaren 18ko bileran erabaki zen funts horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei transferitzea. Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako kultura-arloko arduradunak biltzen dituen organoa da HAKOBA.