Bilboko Udalak bihar irekiko du Parte-hartze bidezko 2023ko Aurrekontuen programarako proposamenak aurkezteko epea

0

Bilboko Udalak bihar, osteguna, maiatzak 12, irekiko du Parte-hartze bidezko 2023ko Aurrekontuen programarako proposamenak aurkezteko epea. Nahi duten herritarrek maiatzaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren ideiak, udalaren bilbao.eus web orrian eskuragarri dagoen online formulario baten bidez.

Oraingo edizioan, aurrekoan bezala, herritarrek erabakiko dute azkenean zein proiektu sartuko diren datorren urteko udal-aurrekontuetan.

Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak herritarrak proposamenak egitera animatu ditu: “parte-hartze bidezko aurrekontuaren programa herritarren partaidetzako tresna oso baliagarria da; herritarren beharrizanei modu zuzenean erantzutea eta Bilboren hobekuntzaren eta aurrerapenaren partaide bihurtzen laguntzen digu”.

PROZESUAREN EPEAK

PROPOSAMENAK AURKEZTEA: Proposamenak aurkezteko epea bihar, maiatzak 12, eguena, hasiko da, eta hilaren 26an amaituko da, bilbao.eus webgunean eskuragarri dagoen online inprimaki baten bidez.

Prozesu honetan parte hartu dezake Bilbon erroldatuta dagoen edonork, 16 urtetik gorakoa bada, baita udalaren Herritarren Partaidetzarako Entitateen Erregistroan inskribatutako edozein entitatek ere. Horiez gain, ordenamendu juridikoaren arabera pertsonalitate juridikoa duten elkarteek, fundazioek, sindikatuek, enpresa-elkarteek, lanbide-elkargoek, zuzenbide publikoko korporazioek edo bestelako entitateek ere parte hartu ahalko dute. Azken kasu bi horietan ere eskari-egileek Bilbon erroldatuta egon beharko dute eta 16 urtetik gorakoak izan.
Interes orokorrerako esanguratsuak diren proposamenak jaso ahal izango dira, hiri osoaren eremukoak edo barrutiaren eremukoak, eta Udalaren eskumenekoa den edozein jardun-arlori buruzkoak izan ahal dira, baina barrutietako obrez eta hobekuntza-jardunez bestekoak lehenesten dira, zeren eta horiek baduten beren prozesu propioa eta parte hartze bidezko aurrekontu bat esleitua (Auzokide Plana).

Proposamen bakoitza eskabide bakarrean aurkeztu behar da; ezin da ideia bat baino gehiago aurkeztu inprimaki berean. Proposamen bakoitzari identifikazio-kode bat emango zaio, eta, hala, proposamena aurkeztu duenak proposamena nola doan behatu ahal izango du.

Proposamenak dakarren zenbatekoa ezingo da izan 300.000 euro baino gehiagokoa, hau da, parte-hartze bidezko aurrekontuaren gairako guztira izendatutako aurrekontuaren % 15.

PROPOSAMENAK ARGITARATZEA ETA LEHENTASUNAK EZARTZEA: Ekainaren 27an, jasotako proposamen guztiak argitaratuko dira bilbao.eus webgunean, salbu iraingarriak edo baztertzaileak direnak eta pertsona bakarrak igorrita berdinak direnak: halakoak baztertu egingo dira.

Irailera arte, udal sailek lehentasuna emango diete teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnei eta interes orokorraren, egokieraren eta udal-estrategiaren irizpideei erantzuten dietenei. Prozesu horren emaitzatik herritarrek bozkatzeko fasera igaroko diren proposamenak aterako dira (antzeko edukia duten proposamenak proiektu bakarrean bilduko dira bozketarako).

HERRI BOTAZIOA: Irailaren 15etik 25era, bilbotarrek botoa eman ahal izango dute bilbao.eus webgunean, Bilborako onenak iruditzen zaizkien proiektuen alde. Azkenean, herritarrek erabakiko dute zer proiektu sartuko diren 2023ko udal kontuetan.

Bozketan, Bilbon erroldatutako edozeinek parte hartu ahal izango du, 16 urte baino gehiago baditu, eta pertsonako boto bakar bat eman ahalko da. Horretarako, inprimaki erraz bat prestatuko da eta bertan baliozkotuko dira identifikazio-agiria eta jaiotze-data, erroldaren bidez. Behin baliozkotzeak eginik, nahi adina proposamen hautatu ahal izango dira, baina ezingo da gainditu parte-hartze bidezko aurrekonturako ezarritako zenbatekoaren gehienezkoa (2 milioi euro).

SARE SOZIALAK: