Jokin Bildarratzek ziurtagiriak banatu dizkie Jakin-Mina Bizkaia zikloan parte hartu duten ikasleei

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Bizkaiko Jakin-Mina hitzaldi zikloaren amaiera ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatzen du ziklo hau, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta. Sailburuarekin batera, Juan Ignacio Perez Iglesias Jakiundeko presidenteak ere parte hartu du ekitaldian, berari egokitu baitzaio sarrera hitzaldia eta ikasleei ongietorria ematea.

Bilboko Arte Ederren Museoan egin den ekitaldian, aurten hitzaldietan parte hartu duten ikasle bizkaitarrek euren ziurtagiriak jaso dituzte. 2021-2022 ikasturtean Jakin-Mina zikloak 30 hitzaldi eskaini ditu guztira, eta DBHko 4. mailako 227 ikaslek hartu dute parte (32 Arabakoak, 89 Bizkaikoak eta 106 Gipuzkoakoak), hiru lurralde historikoetako 35 ikastetxetakoak.

Ekitaldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak elkarrizketa lasaia izan du aretoan izan diren ikasle eta irakasleekin, eta zenbait pentsalari eta politikariren gogoetak partekatu ditu haiekin, besteak beste, Jose Maria Arizmendiarrieta Arrasateko mugimendu kooperatibistaren aitarenak eta Helmut Schmidt Alemaniako kantziler izandakoarenak.

Aipatutako egileen gogoetetatik abiatuta, sailburuak gazteekin partekatu ditu bere ibilbide akademikoa – haurtzarotik hasi eta goi-mailako ikasketetaraino, eskolako urteetako pasadizoak tartekatuz–, ibilbide profesionala, hezkuntzari oso lotuta dagoena, eta irakasle ikasketetarako zein politikarako bokazioa. Bildarratzek eskaera egin die gazteei irakurketa ez dezaten baztertu, burua beti zabalik izan dezaten eta une oro ikasteko eta prestatzeko prest egon daitezen.

Ekitaldia amaitzean, ikasleek Bilboko Arte Ederren Museoa bisitatzeko aukera izan dute.

Jakin-Mina

Jakiundek antolatuta, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduriko hitzaldi zikloa da Jakin-Mina, hainbat diziplina eta gaitan ezagutza zabaldu asmoz. Ekimen honek aukera paregabea ematen die parte hartzen duten ikasle gazteei, azken berrikuntzak bertatik bertara ezagutu ditzaten, bai ikerketan, bai hainbat arlotako egungo joeretan. Hitzaldiak beren jakintza-arloetako aditu ezagunek ematen dituzte.

Jakin-Minaren bidez, ikasleak harremanetan jartzen dira errealitate zientifikoarekin (hitzaren zentzurik zabalenean, natura eta gizarte-zientziak barne), artistikoarekin eta literarioarekin, eta hezkuntza-sistemak ikuspegi estandarizatu batetik hurbiltzen dizkien gaietan sakontzeko modua izaten dute, edo curriculum-gaietan ohikoak ez diren gaietara gerturatzekoa.

Programa honek akademikoki motibatutako gazteen garapen intelektual eta pertsonala sustatu nahi du, lehen mailako adituek emandako hitzaldi eta erakustaldien diziplina anitzeko programa baten bidez. Jarduera honen bidez, Jakiundek gazte horien ezagutza zabaldu nahi du, eta haien jakin-mina piztu, ezezagun zaiena bilatzeko interesa sortaraziz.

Hitzaldi zikloak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Arrasaten burutzen dira, ikasturtean zehar.

Neuropsikologiatik Matematikara

Bizkaiko Jakin-Mina zikloaren baitan, 2021-2022 ikasturte honetan hamar hitzaldi eman dira orotara, lurralde honetako ikasleei zuzendurik, ezagutzaren hainbat arlotaa, hala nola, Biologian, Psikologian, Matematikan, Literaturan, Musikan nahiz Astronomian.

Hitzaldi horien artean daude, Deustuko Unibertsitateko Neuropsikologiako irakasle Naroa Ibarretxek “Emakume ikertzailea Neuropsikologian” izenburuarekin emandakoa; Fernando Velazquez konposatzailearen hitzaldia, “Música… ¿para qué?”  izenburua zeremana (“Musika… zertarako?); edo Matematikaren arloa eta ingelesez, BCAM- Basque Center for Applied Mathematics ikerketa zentroko David Pardo ikertzaileak emandakoa, “From Haro to New York: A boat trip exploring the Earth´s subsurface through applied mathematics” (“Harotik New Yorkera: bidaia itsasontziz Lurraren zorupea esploratuz, matematika aplikatuen bidez”), beste zenbaiten artean.