Laip, beste euskal ETE bat mundu mailako liderra bere sektorean

0

Laip dugu beste euskal ETE  bat mundu mailako liderra dena bere sektorean, hots, tresna-oragailuen –makina-erreminta erremintarekin lotzen duen elementuen– fabrikazioan. Abadiñon kokatua, Laip enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen duen fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze-prozesuetarako.

Eibarko Armagintza Eskolako bi ikaslek, Javier Atxak eta Ignacio Lamarainek,  sortu zuten Laip 1957an. Biak ziren  “zehaztasunaren arloko profesionalak, ohituak zeudenak mikra eskalan lan egiten eta maiteminduta zeudenak enpresa suitzarrekin”, diote enpresako kudeatzaile Jesús Echabek  eta finantza-zuzendari Iñaki Lamarainek.

Konpainia Ermuko txabola batean jaio zen, non erremintak amarratzeko pintzak fabrikatzen baitzituzten. Gero tresna-oragailu desberdinak egiten hasi ziren. 60ko hamarkadan pabilioi bat atondu zuten Ermuan eta hasierako egoitza hartan egon ziren 1974ra arte, noiz eta aldatu baitziren gaur egun Abadiñon duten egoitzara.

Konpainiak tresna-oragailuak egiten ditu, hots, makina-erreminta eta erreminta elkarrekin lotzen dituzten elementuak. “Funtsean, Laip-en logoa pintza bat da”.

10.000 produktu-erreferentzia

Bere bilakaeran enpresak helburutzat hartu du areago zabaltzea produktuen gama, konponbideak eta erreminta motak. “10.000 produktu-erreferentzia ditugu, eta lanean jarraitzen dugu horietako milakarekin”. Azken urteotan, Laip bereziki zentratu da balio erantsi gehiago duten tresna-oragailuetan. “Produktu oso heldua da, eta merkatuan badira enpresa batzuk urtean milioika pieza egiten espezializatuak. Guk bezeroen neurriko konponbideak eskaintzen ditugu. Eskaerapean eta stock-aren kontra lan egiten dugu, serie txikiak edo ertainak eginez”.

Hainbat sektoretako bezeroak dituzte, horien artean hauetakoak: ekipo-ondasunak, aeronautika, sektore biomedikoa, automozioa, elektronika, energia edo garraioak. “Txirbilak sortzen dituen mekanizatu sektorerako egiten dugu lan”.

Gaur egun enpresak 30 pertsona ditu plantillan, eta iaz hiru milioi euroko fakturazioa izan zuen. Aurten hazkunde handia izatea espero da, 3,6 milioira iristeraino. Enpresak I+G-ra bideratzen du bere negozio-zifraren %5-7. Esportazioak negozioaren %60ra helduko dira aurten, “eta beste %10-15 gehiago ere esportatzen dugu makina-erremintako fabrikatzaileen bidez, esaterako Correa, Danobat, Soraluze, Goratu, Geminis, Zayer, CMZ edo Ibarmia enpresen bidez”. Estatu Batuak, Suitza, Mexiko eta Italia dira Laip-en atzerriko merkatu garrantzitsuenak, eta guztira 40tik gora herrialdetara iristen da.

SPRI Taldeko BDIH Konexio programaren bidez jaso duen laguntzarekin mekanizatu arloko proiektu bat garatu du, Criomql izenekoa, zeinetan CO2a erabiltzen den erreminta hozteko. Sistema horrekin lubrifikatzaile oso gutxi behar denez, “gutxitu egiten dira hondakinak eta kutsadura. Hozteko gaitasun handiagoa lortzen da eta, hortaz, erreminta eta denbora gutxiago behar dira”.

Proiektua esperimentazio-fasean dago –“Tecnalian ari dira probatzen, zurezko mekanizatuekin– eta oso berritzailea da, “mundu osoan hiruzpalau enpresak bakarrik erabiltzen baitute”. Laip-eko zuzendaritza-karguek nabarmendu dute BDIH Konexio bezalako laguntzarik gabe “ezinezkoa litzatekeela horrelako proiektuak gauzatzea”.

Helburuetako bat da mundu mailako lidergoa lortzea tresna-oragailu birakarietan, “bezeroaren premietara egokitutako 25-50 unitate bitarteko serie ertainetan”. Enpresaren beste produktu izar bat da abiadura handiko tresna-oragailu birakaria, “hainbat herrialdetara esportatzen duguna, besteak beste Txinara, elektronikarako moldeak fabrikatzeko”.  Gaur egun, Laip-en produkzioaren %40 inguru tresna-oragailu bereziak dira,  “duela hamar urte portzentaje hori %15ekoa” zelarik.

Datozen bi urteetarako erronkak dira fakturazioa 3,6 milioitan finkatzea, “eta ondoren lau milioirako jauzia egitea”. Etengabe inbertitzen dute, bai makinarian, bai prozesuetan. “Aurten milioi erdiko inbertsioak egingo ditugu”.

Produktuetan hiru erronka dituzte: “tresna-oragailu termiko modularrak, dagoeneko molde eta trokelen sektorean txertatuta daudenak, finkatu egin nahi ditugu; bibrazioen aurkako erreminta-oragailuak aurreratuta ditugu jada eta datorren urtean aurkeztu nahi ditugu; eta programa europar batean parte hartu nahi dugu Mondragon Unibertsitatearekin, gran apriete delakoa hobetzeko (aeronautika eta energia bezalako sektoreetan erabiltzen den oragailu bat, pintza berezi bat duena)”.