Lan eta Enplegu Sailak 150.000 euro bideratuko ditu sei erakundetara, emakumeen ekintzailetza sustatzeko

0
PRUEBA
  • Bigarren deialdi honetan, helburu horretarako bideratutako zenbatekoa % 50 handitu da
  • Onuradunak AED, AMPEA, EMAKUMEEKIN, SMYE, ASPEGI eta Mujeres migradas emprendedoras elkartea dira

Sei erakunderen artean 150.000 euro banatuko dira, emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresetako eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua txertatzeko. Lan eta Enplegu Sailak dagoeneko esleitu du lan-esparruan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko 2021eko aurrekontuetan lehen aldiz sartu zuen ekimen baten bigarren deialdia, eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak ezarritako ildoen barruan kokatzen da. Aurten, banatu beharreko kopurua % 50 handitu da, eta kolektibo berri bat sartu da: Mujeres migradas emprendedoras Elkartea.

Sei erakundek jasoko dituzte Lan eta Enplegu Sailaren deialdiaren 150.000 euroak: Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartea (AED); Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartea (AMPEA); Emakumezkoen Ekintzailetza Sustatzeko eta Garatzeko Elkartea (EMAKUMEEKIN); Somos Mujeres y Empresarias Elkartea (SMYE); Gipuzkoako Emakume eta Enpresarien Elkartea (ASPEGI), eta, lehen aldiz, ‘Mujeres migradas emprendedoras’ ekintzailetzan genero-berdintasuna sustatzeko elkartea.

Laguntza jasotzeko, erakundeek egoitza soziala, jardueren garapena eta ezarpen nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan eduki behar dute, eta horien helburuen artean emakumeen ekintzailetza sustatzea eta enpresen eta erakundeen zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua txertatzea egon behar du. Berritasun gisa, bigarren deialdi honetan dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50 handitu da, eskaerak baloratzeko irizpideak sinplifikatu dira eta erakunde onuradun potentzialen kopurua handitu da.

Ekimen hori Lan eta Enplegu Sailak, lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak zuzenduta, 2021eko aurrekontuetan sartutako berrikuntzetako bat izan zen, lan-arloan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko. 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak ezarritako ildoen barruan kokatzen da, eta, gainera, kristalezko sabai hori hausteko eta emakumeek erantzukizuneko eta hobeto ordaindutako lanak egiteko aurreikusitako ekintza ugariekin bat egiten du.

Nabarmentzekoak dira, besteak beste, soldata-arrakala murrizteko kanpaina, «Gehitu berdintzeko» lelopean; Lanbideren programa bat, «Morrokotudak» izenekoa, eremu maskulinizatuetan emakumeak prestatzeko eta kontratatzeko; «Balio bereko lana» liburua berrargitaratzea, genero-joerarik gabeko enpleguak identifikatzeko gida praktiko aitzindaria; edo berdintasun-planak, martxotik nahitaezkoak baitira 50 langile edo gehiago dituzten enpresentzat. Era berean, hitzarmen kolektiboetan berdintasunari buruzko bi jardunaldi egin dira, hitzarmen horietan jasotzen diren eta arrailari laguntzen dioten inertziak zuzentzen laguntzeko, eta Laneko Ikuskaritzak ordainsari-berdintasuna kontrolatzeko duen eginkizunari buruz.