Parketarrak 17 auzotan antolatuko da maiatzaren 27ra arte

0

Donostiako Udalaren, Euskara Zerbitzuaren bitartez, eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, Parketarrak izeneko egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan antolatuko da maiatzean. Lehen saioak maiatzaren 9an hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Altzan. Hortik aurrera, maiatzaren 27ra arte, hiriko auzoetako hainbat parke eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera eskainiko da doan.

Parketarrak ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago:

  • Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa.
  • Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.

 

Egitaraua

Auzoa Data Ordua-Adina Lekua
Altza Maiatzak 9, 16, eta 23
(astelehena)
3-5 urte: 17:00
6-9 urte: 18:00
Casares kultur etxe parean
(euriarekin kultur etxe barruan)
Morlans Maiatzak 9, 16, eta 23
(astelehena)
3-5 urte: 17:30
6-9 urte: 17:30
Leire plaza
Txomin-enea Maiatzak 9, 16, eta 23
(astelehena)
3-5 urte: 17:00 Andereñoak plaza
Añorga Maiatzak 9, 16, eta 23
(astelehena)
3-5 urte: 17:00 Amassorain ikastola
Loiolako Erriberak Maiatzak 10, 17 eta 24
(asteartea)
3-5 urte: 17:30
6-9 urte: 17:30
Santiago Plaza
Maria Zanbrano plaza
Egia Maiatzak 10, 17 eta 24
(asteartea)
3-5 urte: 17:30
6-9 urte: 17:30
Martin Santos plaza
Martutene Maiatzak 10, 17 eta 24
(asteartea)
3-5 urte: 17:00
6-9 urte: 18:00
Martuteneko parkea, ikastola ondoan
Parte Zaharra Maiatzak 11, 18 eta 25
(asteazkena)
3-5 urte: 17:00
6-9 urte: 17:00
Zuloaga plaza
Antigua Maiatzak 11, 18 eta 25
(asteazkena)
3-5 urte: 17:15
6-9 urte: 18:15
Mikel Laboa plaza
Herrera Maiatzak 11, 18 eta 25
(asteazkena)
3-5 urte: 17:00
6-9 urte: 18:00
San Luis Gonzaga plaza
Amara Maiatzak 12, 19 eta 26
(osteguna)
3-5 urte: 17:00
6-9 urte: 18:00
Araba Parkea (euriarekin Sahatsaren plaza)
Amara Berri Maiatzak 12, 19 eta 26
(osteguna)
3-5 urte: 17:00
6-9 urte: 17:00
Ferrerias plaza, Olaeta kalea
Loiola Maiatzak 12, 19 eta 26
(osteguna)
3-5 urte: 17:30
6-9 urte: 17:30
Latsarien plaza
Ibaeta Maiatzak 13, 20 eta 27 (ostirala) 3-5 urte: 17:30
6-9 urte: 17:30
Karlos Santamaria plaza
Bidebieta Maiatzak 13, 20 eta 27 (ostirala) 3-8 urte: 17:00 Bidebieta parkea
Aiete Maiatzak 13, 20 eta 27 (ostirala) 3-5 urte 17:00
6-9 urte 17:00
Hiru Damatxo plaza
Gros Maiatzak 13, 20 eta 27 (ostirala) 3-5 urte: 17:00
6-9 urte: 18:00
Katalunia Plaza
Intxaurrondo Maiatzak 13, 20 eta 27 (ostirala) 3-5 urte: 17:30
6-9 urte: 18:30
Bernart Etxepare plaza
(euria egiten badu Intxaurrondo ikastolako patioan)

 

 

Pasa den martxoko saioen balorazioa ona izan da

Martxoan antolatutako saioek harrera ona izan zuten: 627 haurrek eta 185 gurasok parte hartu zuten. Guztira, 99 saio antolatu ziren. Saioetan parte hartu zuten gurasoek oso ondo balioetsi dute ekimena. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere bai: flopi-flopi, Krokodrilo jauna, lau izkinak, baloi eseria eta abar. Gainera, kalean euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira.

Aurten, egitasmoa 17 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondon. Donostiako auzo gehienetan euskara batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako “Parketarrak” ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

 

Eskola orduz kanpoko euskarazko jardueretan parte hartzearen garrantzia

Haurrak euskaldundu eta euskara erabili dezaten ikastetxean egiten den lana osatzera dator Parketarrak. Parte Zaharreko Zuloaga plazan egin den prentsaurrekoan Orixe ikastolako haurrak jolasean aritu dira. Haur horiek datozen egunetan, arratsaldez, eskola bukatu eta gero parkean arituko dira jolasean. Parketarrak egitasmoak euskaraz sozializatzeko aukera emango diete haur horiei eta beren gurasoei. Amaia Martinez Orixe ikastolako zuzendariaren esanetan “haur eta nerabeek euskal hiztun osatuak izateko euskarazko ekosistema behar dute. Ekosistema hori ezin da eskolaren eremura mugatu bakarrik, aisialdira ere zabaldu behar da”.

Jon Insausti kulturako eta euskarako zinegotziak nabarmendu du eskola orduz kanpoko euskarazko jardueren garrantzia. “Udalaren egitekoa da haurrentzako euskarazko jarduerak antolatzea eta horretan dihardugu. Baina horrekin batera, gurasoak sentsibilizatu behar ditugu beraien seme-alabak euskarazko ekintzetara eraman ditzaten, eskolaz kanpo ere, lagunartean, euskaraz bizi daitezen”.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/11-an argitaratua