Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketetan parte hartu dute gaur. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean gaur eta bihar egingo diren topaketak “Eskolak bakarrik ezin badu… Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko?” izenburupean egingo dira. Hamalaugarren edizio honetan 16 urte bitarteko haur eta nerabeentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko gakoak ematea da helburua.
Hitzaldiak, elkarrizketak, praktika onen bideo-testigantzak eta talde lana jasotzen ditu egitarauak. Bildarratz eta Zupiria sailburuek “Zer egitera joan behar dugu EAEn 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokiagoa antolatzeko?” gaiaren inguruan solasaldia izan dute.
Zupiria sailburuak adierazi duenez “asko izan da azken 40 urtetan, demokrazia eta erakunde demokratikoak sortu zirenetik, egin dena. Onartu egin behar da egin dena, bere argiekin eta ilunekin. Gure komunitate politikoak egin duen apustua, gizarte elebidunarena izan da, pertsona elebidunez sortutako komunitatea alegia”. Gaineratu duenez “aurrera begira dugun ezinbesteko erronka da adostasun giroan proiektuak lantzea” eta azaldu duenez “D ereduan ikasten duten ikasleek, eskolatik ateratzerakoan izan dezatela D eredu hori bera gizarteko beste eremu batzuetan hala nola kirolean, musika eskoletan, aisialdian…”.
Guztira 270 pertsonak parte hartuko dute topaketetan. Parte hartzaile gehien, 150 inguru, Manuel Lekuona Kultur Etxean bildu dira baina beste 120 bat lagunek online jarraituko dute jardunaldia. Horietako 31 gainera, Kataluniako Consorci per a la Normalització Lingüística erakunde publikoko hizkuntza normalizazioko teknikariak dira.