Tokiko ekonomia sustatzeko ‘Azpeitia Zaindu’ bono-sorta berria

0
PRUEBA
Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren bonoak aterako dituzte beste behin. Sektore hauei bultzada ematea eta herritarrei tokiko saltokien ekonomia sustatzeko pizgarria eskaintzea ditu helburu ekimenak.

Pandemia atzean uzten ari garen honetan, bizi-ohiturak berreskuratzeko unea da. Dena den, neurriz kanpoko inflazioak eros-ahalmena mugatu du, kontsumoaren errekuperazioa motelduz.

Horren aurrean, Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman. Helburu horiek uztartuz deitu dute ‘Azpeitia Zaindu’ bonoen deialdi berria.

50 euroko balioa izango duten 1.835 bono aterako dira, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Maiatzaren 16an, astelehena, hasiko dira bonoak saltzen, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izango ditu, eta uztailaren 30era bitarte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Azpeitiko Udalaren eta Bertan Merkatari Elkartearen artean antolaturiko ekimena da. Dena den, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertan-eko kide direnak. Horrenbestez, ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek Merkatari Elkartearekin kontaktuan jarriz egin ahal izango dute, ostirala, maiatzak 13, eguerdiko 12:00 baino lehen.

Dena den, berrikuntza bat izango da bono kanpaina honetan. Aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei 15€-ko bonoa oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Ekimen honen bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen. Gutun bidez etxean jasoko dute honen inguruko informazio guztia onuradunek.

Guztira Udalak 30.000 euro bideratuko ditu bono kanpaina honetara eta herritarren ekarpenekin batera ia 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan.

Kanpainaren aurkezpen argazkiak elkartu ditu Udal ordezkariak eta merkatariak. Nagore Alkorta Alkatearen hitzetan, “garai zailak” dira bai merkatarientzat baita herritarrentzat ere: “Momentu ezegonkorrak bizi ditugu bai herritarrek, baita sektore ekonomikoek ere, bereziki txikienek. Horregatik, beste behin, herriko ekonomia sustatzeko, erosketak herrian bertan, egitea bultzatu nahi dugu. Hala tokiko ekonomiaren alde egiteko”, gaineratu du. Sonia Gomez eta Mailu Arrieta Bertan elkarteko juntakideek ere ildo beretik hitz egin dute: «Bertako ekonomia bultzatu behar dugu, hemen erosi hemengoa indartzeko. Herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu gure erosketa erabakiekin». Aldi berean, honakoa adierazi dute: «Pandemia neurri handi batean gainditu dela dirudi, eta disfrutatzeko garaia da. Azken urte gogor hauetan barneratutako laguntasun eta elkartasun baloreak bideratu ditzagun herria eta bertako saltokiak indartzera».

Kanpainaren xehetasunak
Aipatu bezala, Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa guztiak batu daitezke ‘Azpeitia Zaindu’ kanpainara. Horretarako, aurrez bono kanpainan parte hartu izan duten establezimenduak automatikoki parte hartzaile moduan kontsideratuko dira oraingoan ere. Lehen aldiz parte hartu nahi dutenek, Bertan-ekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera-orria bete maiatzaren 13a baino lehen, 943 02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestaturiko kartela jasoko dute, establezimenduetan ikusteko moduan izan dezaten.

50 euroko balioa duten 1.835 bono jaulkiko dira. Bono bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute. Pertsona bakoitzak bi bono erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez.
Bono bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonoak ezingo dira diruagatik trukatu.

16 urtetik gorako herritarrek erosi ahal izango dituzte kanpainako bonoak, eta pertsonako bi bono eros ahal izango dira gehienez.

Erosketa berean gehienez lau bono (20 txartel) pilatu ahal izango dira. Bonoak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonoaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bono propio bat jaulki beharko du.

Maiatzaren 16an jarriko dituzte bonoak salgai, eta uztailaren 30era arteko balioa izango dute.

Herritarrek aurrez aurre (Azpeitiko Azoka Plazan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara) zein on line (www.azpeitinbertan.eus/azpeitiazaindu webgunean) erosi ahalko dituzte bonoak.