Barnahus programa pilotuaren talde eragilea zerbitzua emateko lokalean batu da

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur goizean, EAEn Barnahus programa pilotua garatzeko ardura duen profesional-taldearen bosgarren bilerako buru izan da. Programa hori Islandiako eredu bat da, sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta integrala ematekoa.

Ume eta nerabeenganako sexu-abusuen arloko erakundearteko eta sailarteko lantalde teknikoa 2021. urtearen amaieratik ari da lanean, Islandiako eredua EAEko eskumenen errealitatera egokitzeko eta tartean diren sistemen arteko jarduketa koordinatuko protokoloak prestatzeko: Gizarte Zerbitzuak, Osasuna, Hezkuntza, Justizia eta Segurtasuna.

Topaketa Vitoria-Gasteizko lokal batean izan da, eta hura izango da EAEko lehendabiziko Barnahus (Haurren Etxea, islandieraz). Hitzorduan, era berean, Ramiro González Arabako foru-diputatuak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak parte hartu dute. Artolazabalek eskerrak eman dizkie haiei, “gaur bidearen etapa horri haien urratsak ere gehitzeagatik”.

Urtaran harro agertu da Gasteizek programa pilotu hau hartu duelako: “Hiri hau aitzindaria da gure planeta babesten, gure ongizatea zaintzen eta giza eskubideak hainbat esparrutatik bermatzen laguntzen duten hainbat zerbitzu abian jartzen. Proiektu hori bereziki esanguratsua da, diziplina anitzeko tratamendua eskainiko baitu”, adierazi du. Arabako ahaldun nagusiak, bestalde, lurralde historikoa programa pilotuaren egoitza gisa aukeratu izana ospatu du, eta bermatu du “horretarako Eusko Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundiaren laguntza eta lankidetza osoa duela, bai maila teknikoan, bai politikoan”.

Promise sareak ezartzen dituen kalitate-estandarrekiko erabateko errespetuarekin, dagoeneko ari da lanean, sailburuak azaldu duenez, honako espazio hau egokitzeko: “espazio atsegina, harmonikoa, segurua eta lagunkoia; egoitza-eremu batean dagoena, komisaria, ospitale edo epaitegietatik urrun; ongi konektatua garraio publikoaren bidez, eta irisgarria desgaitasunen bat edo premia bereziak dituzten pertsonentzat. Espazio horrek aukera emango du, leku berean, haurren sexu-abusuaren kasu edo susmo batean tartean diren sistema, zerbitzu eta eragile guztiak koordinatuta hartzeko”.

Horrek aukera emango du, Artolazabalek esandakoaren arabera, “biktimei eta haien familiei arreta integrala emateko, eta, hala, lekukotza bakar, zehaztu eta oso baten bidez, umea edo nerabea berbiktimizatzea eragotziko du”, esperientzia pilotu honetarako aukeratutako bi lemetako batek adierazten duenez: Babeserako teilatupea.

Adingabeei ingurune lagunkoia eta atsegina bermatzeko, espazioak “dekorazio egokia eta profil edo adinetara egokitua izango du; haurren biktimologiako profesional espezializatuak izango ditu, ume eta nerabeen hizkera erabiltzeko eta kasu bakoitza beren ikuspegitik ulertzeko gai direnak”, esan du sailburuak. Kasu bakoitzari Zure begien bidez helduko zaio, aukeratutako bigarren lemak dioen bezala.

Espero diren aldaketak

Gaur egun, EAEn, haurrenganako sexu-indarkeriaren kasu posibleak detektatzeko eta haiei hasierako arreta emateko 600 sarrera-puntu baino gehiago daude. Gainera, umeak dozena erdi bat zerbitzu edo sistematatik igaro behar dira, eta behin eta berriz kontatu haien esperientzia mingarria, eta horrek zaildu egiten du suspertzeko prozesua eta areagotu bigarren mailako biktimizazio-arriskua eta min gehigarria.

Modu berean, haurrenganako sexu-abusuagatik irekitako 10 kasutik 7k ez dute epairik izaten, proba gutxi dagoelako. Barnahus eredua, dagoeneko, Katalunian, Estatu Batuetan eta Europan aplikatzen da, eta lortu du atxiloketen, epaitzeen eta kondenen kopurua bikoiztea, bai eta hirukoiztea ere, tartean diren eragile guztien lan koordinatuari esker.

Jarduteko eredu horri jarraikiz, biktimak bere historia azaltzen dio talde psikosozial forentseari, haren adinera egokitutako elkarrizketarako areto batean. Norabide bakarreko ispilu batek lagunduta, epaileak, fiskalak, pertsona ikertuak eta haien defentsak lekukotza bakar, zehaztu eta oso bat hartzeko eta grabatzeko unean izaten dira, zeina proba aurreeraikitzat joko baita, epaiketa-berme guztiekin. Eta epaimahaiak hala erabakitzen badu, ez da beharrezkoa izango adingabea bista judizialera bertaratzea.

Diziplina anitzeko lan-metodologia horrek sinplifikatu egiten ditu administrazio-prozesuak, salaketa jaso ondoren, eta laburtu egiten ditu epeak prozesu osoaren garapenean. Barnahus ereduak, hala, biktimaren zaintza eta erreparazioa hobetzen ditu; hark, haren familiak bezala, berehalako arreta espezializatua, laguntza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa izango ditu.

Abiapuntuko zenbait datu

Nazioartean eginiko nagusitasun-azterlan batzuk kontuan hartuta, ume eta nerabeen % 10-% 20k baliteke sexu-indarkeria jasan izana; alegia, EAEn 5 adingabetik 1ek baliteke sexu-indarkeria jasan izana. Hau da, Beatriz Artolazabalek esan duenez, “oraintxe bertan, EAEn, 18 urtetik beherako 2.000 eta 4.000 adingabe egon daitezke bizitzan sexu-indarkeria motaren bat jasan dutenak”.

2018ko datuetatik abiatuta, hiru lurraldeetako haurren foru-zerbitzuek kalkulatu zuten 90 jakinarazpen inguru erregistratu zirela. Urte berean, EAEko epaitegietan 151 heldu kondenatu ziren 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-delituengatik. Gainera, 2018an ere, Ertzaintzak eta udaltzaingoek 16 urtetik beherakoen aurkako 276 sexu-delitu erregistratu zituzten. Datu horiek gogorrak badira ere, sailburuak esan duenez, “uste dugu oraindik ezkutuan dagoen icebergaren gailurraren zati berri bat azaleratuko dela, baina oraindik ez ditugu dimentsioak ezagutzen”.

Etengabeko ebaluazioa

Barnahus programa pilotua ezartzean, haur eta nerabeen eskubideak babesteko EAEko sistema integral berriaren ardatzetako bat, EAE Europako gizarte aurreratuenen artean egongo da sexu-indarkeria mota horren kudeaketan, prebentzioan eta tratamenduan.

Esperientzia pilotuak Save the Childrenen laguntza teknikoa du, eta etengabeko ebaluazio-prozesua du; hartan, lortutako babesaren, emaitzen eta inpaktuaren inguruko analisia jasoko da. Eta, batik bat, biktimen eta haien familien gogobetetasun-maila neurtuko du, Islandiako ereduaren kalitate-estandarrek eskatzen dutenez.

OHARRA: Biktimen intimitatea eta segurtasuna babesteko, mesedez eskatzen dizuegu higiezinaren kokapen zehatza ez zabaltzeko, ez eta auzoa ere, eta adierazteko soilik Vitoria-Gasteizen dagoela.