Donostiak ekonomia bultzatzeko plan bat aktibatu du, 8,4 milioi eurotik gorakoa

0

Donostiako Udalak, hiriaren etorkizunaren oinarriak finkatzeko, Donostia Sustapenaren bidez, 2022ko DSS Ekonomia Bultzatzeko Plana abian jarri du, eta 8,4 milioi euroko zuzkiduraz hornitu du.

Planak bost jarduera ildo aurreikusten ditu, bakoitza dagokion aurrekontu zuzkidurarekin:

  • Lurralde kohesioa eta enplegua sustatzea, lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten taldeentzat, esaterako, gazteentzat, emakumeentzat eta 45 urtetik gorakoentzat. 4 milioi euro
  • Enpresa proiektu berriak bultzatzea eta ekintzailetzaren aldeko apustua sustatzea. 1 milioi euro
  • Kalitatezko zerbitzuen enpresa sarea indartzea eta eraldaketa digitala egiten laguntzea. 2,19 milioi euro
  • Zientzia eta berrikuntza bultzatzea, hiriaren apustu eta marka gisa. 476.890 euro
  • Hiri eraldaketa jasangarri eta berritzaileak. 686.101 euro

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, «Udala ekonomiaren eragile bultzatzailea eta suspertzailea da. Apurka-apurka amaitzen ari den pandemiaren bi urte gogorren ondoren, egoera larrienean dauden pertsonei eta sektoreei laguntzea da ekonomia bultzatzeko plan berri honen helburua, oraindik ere botere publikoek ahalegin bat egitea eskatzen baitute

Horren harira, «Udala eragile publikoa dela eta ekimen ekintzaileari lagundu behar diola, hirian jarduera eta aukera berriak sortzea dakarrelako» gogorarazi du Goiak. «Donostiar guztientzako enplegua eta aukerak sortuko dituzten inbertsioak erakartzea da gure zeregina, eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat enplegua sortzea da plan honen helburua, bai eta berrikuntzaren eta zientziaren aldeko apustua egiten jarraitzea ere, hiriarentzat estrategikoak diren sektore gisa«.

Bestalde, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak esan duenez, «ikuspuntu sozioekonomikotik, hiria pandemia aurreko datuak berreskuratzen ari den une honetan jarri dugu abian Plana; izan ere, langabeziak behera egin du eta Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua nabarmen igo da. Hala ere, errealitatea aintzat hartu behar dugu, eta datuak onak diren arren, oraindik ere, genero arrakala dago lan merkatuan, 45 urtetik gorakoek eta bazterketa arriskuan daudenek zailtasunak dituzte lana aurkitzeko, eta gazteak kalitatezko enplegua lortzen ahalegintzen dira, egunero«.

Garmendiaren ustez, «gure eredu ekonomikoaren oinarriak finkatzeko unea da; horretarako, etorkizunean inbertituko duen plan bat behar dugu: gazteetan, sektore tradizionalen digitalizazioan, berrikuntzan eta zientzian, inor atzean utzi gabe. Urte hauetan zerbait ikasi badugu, talderik zaurgarrienei arreta berezia eman behar diegula da«.

2022ko DSS Ekonomia Bultzatzeko Planak zenbait programa antolatuko ditu. Tartean dagoen talde bakoitzak zenbait laguntza eskatu ahal izango ditu, dagozkion baldintzak betez gero: diru kopurua, prestakuntza, aholkularitza, talentua atxikitzeko edo erakartzeko ikusgarritasuna edo laguntza ematen duten ekitaldiak.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/13-an argitaratua