Etxebizitza Sailak eta Arrankudiaga-Zolloko Udalak hitzarmena sinatu dute Bizkaiko udalerri horretan zuzkidura-bizitokiak sustatzeko

0

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik eta Arrankudiaga-Zolloko alkate Jesus María Ariznabarretak Bizkaiko udalerri horretan alokairu sozialera bideratutako 10 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko proiektua garatuko den partzelen kokapena eta hiri-ingurunea bisitatu dituzte gaur goizean. Aukera baliatu da lankidetza-hitzarmen horren alderdi orokorrak ezagutarazteko.

Zuzkidura-bizitokiak tamaina txikiko bizitegi-modalitate bat dira, kolektibo jakin batzuei zuzendua, hala nola gazteei; bertan egoteko epea bost urtekoa izango da.

Udalak Garondo auzoan dagoen partzela doan eta kargarik gabe lagatzea jasotzen du hitzarmenak. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, bestalde, sustapenaren hirigintza-egikaritzea gauzatzeko beharrezkoak diren agiriak eta proiektuak egiteko konpromisoa hartu du, baita etxebizitzen eraikuntza eta horiei lotutako urbanizazio-obra guztiak kontratatu eta egikaritzekoa ere.

Era berean, Saila arduratuko da etxebizitzak esleitzeko prozeduraz. Prozedura hastean, zona horretan dagoen eskariari dagokionez kupoak ezarriko dira. Esleipendunek Etxebiden indarrean dauden baldintzak bete beharko dituzte; besteak beste, 3.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak izan beharko dituzte eta ez dute euren jabetzako etxebizitzarik izan beharko.

Arrankudiaga-Zollon gutxienez hiru urtez erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna. Etxebizitzaren bat esleitzen ez bada, Arakaldo, Laudio, Ugao-Miraballes, Arrigorriaga eta Zeberio udalerrietako bizilagunek izango dute lehentasuna, eta, ondoren, Eremu Funtzionaleko gainerako udalerrietakoek.

“Lurzoru eraikigarria duten udalen eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren —eraikitzeko baliabideak eta alokairu publikoaren kudeaketan esperientzia ditu— arteko lankidetza estua bide egokia da etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei horretan laguntzeko, bereziki gazteei”, adierazi du Jauregui sailburuordeak.

Bestalde, Jesus Maria Ariznabarreta alkateak hauxe adierazi du: “gazteek beren gizarte-eremuan errotzeko eskubidea dute, eta ekimen honen bidez aukera ematen zaie independizatzeko eta beren herrian bizitzen jarraitzeko, kasu askotan beren lan-egoera eta bizi-proiektua oraindik finkatu ez duten adin batean”.