Euskal enpresek 30.000 eurorainoko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte banda zabal ultra-azkarra ezartzeko

0

Eusko Jaurlaritzak aurten berriro emango die laguntza euskal enpresei banda zabal ultra-azkarreko sareak izan ditzaten. SPRI Taldeak (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak) ireki du epea 30.000 eurorainoko dirulaguntzak eskatzeko eta, dirulaguntza horien bidez, banda-sareak zabaltzeko komunikazio elektronikoetako operadoreen telekomunikazio-azpiegiturarik ez duten industrialde eta inguruneetara. Laguntzak -300.000 euroko aurrekontua dutenak- eskatzeko epea zabalik egongo da azaroaren 25era arte.

Programa iaz abiarazi zen, 19 enpresa babestu ziren eta horietako bakoitzak batez beste 12.000 euro inguruko dirulaguntzak jaso zituen. Guztizko gastua 252.000 euro baino gehiagokoa izan zen.

Programa hau edozein tamainatako enpresei zuzentzen zaie, eta baita ere enpresa pribatuz osatutako taldeei, kontserbazioko hirigintza-erakundeei, enpresa komunitate edo elkarteei, jabe edo errentarien elkarteei, edozein dela ere euren izena (komunitatea, elkartea, kontserbazio eta mantenimenduko erakundea, e.a.), eta Euskadiko Garapen Agentziei.

Diruz lagunduko diren proiektuak dira telekomunikazio-sareak hedatzera bideratuta daudenak, baldin hedapen horren bidez enpresak posible badu gutxienez 600 Mbps simetrikoko banda zabal ultra-azkarreko zerbitzuak kontratatzea. Proiektu horiek gehienez 12 hilabeteko epean gauzatuko dira, hasten direnetik kontatzen hasita. Laguntzak orobat erabili ahal izango dira telekomunikazio-operadorearen alta-kuota bakarra ordaintzeko.

Gastu hautagarriaren % 90erainoko dirulaguntzak emango dira eta laguntza-eskaera bakoitzak  30.000 euroko muga izango du.

Banda zabal ultra-azkarra ezartzen duten enpresa eta elkarteek aukera izango dute konektagarritasun eta transmisio-abiadura handiak behar dituzten teknologiak eta tresnak erabiltzeko. Horrek nabarmen hobetuko ditu datu-bolumen handiak abiadura handian transmititzea eskatzen duten jardueren itxarote-denborak.

Horrez gain, produktibitatea ere hobetuko dute aurrerapen teknologikoei eta produkzioko ekipoen arteko informazio-transmisioaren abiadurari esker.

Programa hau Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiaren barruan kokatzen da eta SPRI Taldearen bidez kudeatzen da.