Rodrigo Gartzia eta Victoria Landa Itzulia Women 2022 lasterketaren lehenengo etapa prestatzeko Ertzaintzaren briefing bileran izan dira

0

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian izan dira gaur goizean Itzulia Women 2022 txirrindulari-probaren lehenengo etapa prestatzeko Ertzaintzaren briefing bilera jarraitzeko. Bertan izan dira Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia eta Malentxo Arruabarrena Akademiako Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendaria ere.

Informazio-saioan gaur Gasteizen hasiko den eta igandean Donostian amaituko den Itzulia Women lasterketaren lehenengo edizioan segurtasuna bermatzeko eta laguntzeko dispositiboaren programazioaren berri eman da. Ertzaintzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Trafikoko lurralde-unitateetako 35 agente motorista hedatuko ditu, Zaintza eta Erreskate Unitateko eta Brigada Mugikorreko baliabideez eta ibilbideko ertzain-etxeetako agenteez gainera, eta udaltzaingoekin lankidetzan jardungo dute.

Trafikoan eraginik handienak igandean espero dira, Donostian eta inguruan egingo den 139,5 kilometroko etapan. Goizeko 9:00etatik 9:30era hiriburuko sarreretan, GI-20tik Tolosa Hiribidean eta Añorgan sartzean izango du eragina, eta 11:45 eta 12:30 artean N-638 errepidetik aireporturako sarreran eta GI-636an Irungo sarreran.

Itzuliak Euskadiko errepide-sareko trafikoan izango dituen eraginei buruzko informazio osoa hemen kontsulta daiteke.

GOMENDIOAK

Eusko Jaurlaritzak herritarrei dei egiten die garraio publikoa erabil dezaten, eta, gidatu behar izanez gero, ordezko ibilbideak erabil ditzaten, denboraz ibil daitezen eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarraibideei jaramon egin diezaieten.

Era berean, errepideen egoera kontsultatzea gomendatzen du 011 telefono-zenbakian, www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, @TrafikoaEJGV Twiterreko kontuan edo TrafikoaEJGV APPan.