Teknologia Parkeen Sareak Elikagai Campus bat jarriko du Ezkerraldea-Meatzaldean

0
PRUEBA

Bizkaiko Ortuella herriak, enpresa berritzaileak eta elikagaien startupak garatzeko eta erakartzeko gune bakar gisa sortutako campus aitzindaria izango du Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkean, Euskadiko garapen sozioekonomikorako estrategikotzat jotzen den sektore horren hazkundea bultzatuz. Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Ortuellako eta Bilboko udalen baterako ekimena da. Azken hori da Mercabilbaoren bazkide nagusia, Mercasarekin eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearekin batera.

Ekimenak lotura zuzena du Euskadiko RIS3 estrategiarekin eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen 2024 Plan Estrategikoan ezarritako jarduketa-ildoekin. Halaber, Energian zentratutako Abanto-Zierbenako Campusa abiarazteak Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkearen hazkundea bultzatzen du.

Hasierako proiektuaren arabera, Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkearen campus berri horrek 50 hektarea inguruko eremua hartuko du, etorkizunean hedatzeko egokia den ingurunean. Bertan, goi mailako errepide, trenbide eta itsas konexioak bermatu ahal izango dira, Parkearen jarduera indartzeko eta erreferentziazko elikadura-gune gisa duen posizioa bultzatzeko. Lursaila erosteko eta urbanizazio-obretarako 60 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da. Gaur egun, Parke Teknologikoen Sarea 135.000 m2-ren jabe da, eta 500.000 m2-rainokogainerakoa eskuratze-prozesuan dago.

 Parkearen barruan Elikagai Campusa garatzearen helburu nagusia elikaduraren potentzial ekintzailea aktibatzea da, oinarri teknologikoko enpresa eta proiektu berritzaileei, euskal ekoizpen-sektorean trakzio-ahalmena duten elikagai-enpresen negozio-ildoei edo elikadura-kate osoak sortzen lagunduko duten enpresa-ekimenei laguntza eta sostengu indibidualizatua emanez, eta, horrela, Euskadi kanpoko proiektu eta inbertsio berriak erakartzeko ingurune erakargarri bihurtzea ahalbidetuz.

Elikadura Campuseko zerbitzu aurreratuak

Elikagaien Campusak zerbitzu bereizgarri hauek eskainiko dizkie lehiakortasuna indartu eta berrikuntzaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren alorrean etengabeko hobekuntzarako guneak sortu gura dituzten enpresei:

1)  Lehengaien, ekoizpen-prozesuen eta amaitutako produktuen Kalitatea kontrolatzeko plataforma zentralizatua

2)  Planta pilotu erdi-industriala, ekoizpenerako eta merkaturatu aurreko kontzeptu-probak gauzatzeko.

3)  Laneko arriskuak prebenitzeko eta minimizatzeko zerbitzuen plataforma.

4)  Industria-prozesuen optimizazioa digitalizazio- eta automatizazio-zerbitzu aurreratuen bitartez.

5)  Prestakuntza aurreratuko zentroa.

6)  Kontsumitzaileen plataforma produktuak balioztatzeko.

7)  Input-en (ura, energia) kontsumoa murrizteko eta urritzeak minimizatzeko zerbitzu aurreratuak.

8)  Azpiproduktuak kudeatzeko eta balioztatzeko zerbitzu aurreratuak.

9)  Prototipoetarako eta garapen berrietarako plataforma.

Horrela, campus hau sortzea beste pauso garrantzitsu bat da ekosistema kohesionatuagoa eta balio erantsi handiagokoa eraikitzeko bidean, Euskadi nazioarteko mailan elikaduraren erreferentziazko lurralde gisa finkatzeko. Ekonomia- eta ezagutza-eragile guztien arteko lankidetza-proiektua da: zentro teknologikoak, erakundeak eta enpresak.

Modu berean, proiektu garrantzitsu horrek, Euskadi talentua, kapitala eta enpresa berriak erakartzeko gune bihurtzea helburu duen “The Food Global Ecosystem: Elikadura-ekosistema Segurua, Jasangarria eta Osasungarria” ekimena osatzen du.

Elikagaien sektorea oso esanguratsua da euskal ekonomian, eta ezagutzari eta berrikuntzari dagokienez intentsiboa den ekosistemak osatzen du. Gaur egun, Euskadiko Barne Produktu Gordinaren % 11,5 hartzen du, 100.000 enplegu inguru sortzen ditu eta 4.400 milioi euro fakturatzen ditu. Babes publikoa funtsezkoa izan da pisu ekonomiko nabarmen hori lortzeko eta sektoreak duen dinamismoa sustatzeko.

 Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen elikadura-ekosistema

Nekazaritza-elikadura Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen barruan hazten ari den ekosistema da, eta indartu egin da oso teknologikoak diren eta eremu horri lotuta dauden eta elikadura-proiektu iraunkor eta osasungarrietara oso bideratuta dauden enpresak sartuz. Parkeak oso ekosistema egokiak dira osagai teknologikoa duten food eremuko proiektuak abian jartzeko eta garatzeko.

Berrikuntza-ekosistema horren barruan, Hazi sozietate publikoa, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean dauden Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) zentro teknologikoak (Neiker, Tecnalia, Azti, Gaiker eta Tekniker) eta Basque Culinary Center, unibertsitate mailako prestakuntza zentro gisa, eta haren barruan dagoenGastronomia zentro teknologikoa daude. Sektorearen garapen teknologikoa sustatzeko eta ezagutza sortzeko oso erakunde kualifikatuak dira.

Teknologia lagungarria ari da izaten baserriko elikagaietatik mahairako bidaian, eta elikagaien industriak berebiziko garrantzia du prozesu horretan, sektoreko enpresen lehiakortasuna modu estuan erlazionatutabaitago teknologia berriak aplikatzeko duten gaitasunarekin.

Horrela, zenbait enpresek, startupek eta beste eragile batzuek osatzen dute Parkeen Sareko nekazaritzako elikadura-ekosistema hau: Kupah Healthy Araban; AleoVitro, AvanzaBio, Celavista, Bolton Food, EIT Food, Biofungitek, Basque Food Clusterra, Biolan, Aberekin, Insekt Label, Innomy, Phagelab, Itsas Garapen Elkartea eta Derio Nekazaritza Eskola Bizkaian; eta ACT, Biotech Foods, Kaiku, Gaztaren Institutua, Acuipharma, Orain Sdum, Pernod Ricard Winemakers, Farsens eta Blue Agro Gipuzkoan.

Mercabilbao,etorkizuneko trakzio-proiektua

Euskadiko Elikagaien Campusak Mercabilbao hartzea aurreikusten du, proiektuaren elementu bultzatzaile gisa, produktu galkorren hornikuntzan eta banaketan esperientzia handia duten enpresa operadore multzoaren partaidetzaren bitartez. Horiek guztiak ezinbestekoak dira herritarren elikadurarako, COVID-19aren ondoriozko konfinamenduaren unerik kritikoenetan egiaztatu ahal izan zen bezala.

Mende erdi pasatxo igaro da Basauriko Artunduaga auzoan Mercabilbaoko instalazioak inauguratu zirenetik. Merkatuaren jardueraren bilakaerak berak, eta egungo instalazioak handitzea ezinezkoa izateak, nekazaritzako elikagaien sektoreko hainbat jarduera elkarrekin eman ahal izango diren ingurunera lekualdatzea aholkatzen dute, kontzentrazio-sinergia garrantzitsuak lortuz. Besteak beste, 4. eta 5. gamako produktuak elaboratzeko eta kontserbatzeko prozesuak hobetzeko proba-banku gisa balio du, bai eta salmentarako dauden kanalen bitartez banatzeko ere.

Mercabilbao elikadura-campus berri horretara lekualdatzean, gaur egun Basaurin dagoen banaketa-zentroaren hedapena biderkatu egingo da bere beharrei erantzuteko, eta une honetan hartzen duen 13 hektareako lursaila aukera-lurzoru berri bihurtuko da Basaurirentzat. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Basauriko Udala libre geratuko deneremu horretan jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen jarraitzeko ahaleginetan ari dira.

Mercabilbaok, gaur egun, ehun bat enpresa ditu bere instalazioetan, eta 1.200 pertsonari ematen die enplegu zuzena. Urtean 260 mila tona produktu galkor merkaturatzen ditu, gehienak bertako merkataritzarako eta ostalaritzarako.