Urketariaren irudiak Sarriegi plazako eskultura multzoa osatu du

0

Urketariaren eskultura berria Sarriegi plazako behin behineko kokalekuan dago jada, eta gaurtik aurrera danborrariaren irudiak eta Raimundo Sarriegiren bustoak osatutako eskultura multzoa osatzen du bertan.

Urketaria obra Union Artesanaren ekimenez sortu da, 2020an egin zuen bere 150. urteurrena ospatzeko (1870eko maiatzaren 14an sortu zen elkartea). Donostiako Udalak ekimena babestu du eta 35.300 euroko aurrekontua izan duen pieza finantziatu du.

Eneko Goia alkateak zorionak eman nahi izan dizkio “Union Artesanari bere 150. urteurrenean, nahiz eta ospakizunak itxaronarazi diren guztiok ezagutzen dugun egoera zela eta”, eta elkarteak gure hirian duten garrantzia nabarmentzeko aprobetxatu du, kohesio elementu gisa eta honelako ekimenen bultzatzaile gisa.

Goiak adierazi duenez, “eskultura berri honek Donostia bere esparru guztietatik berdintasunaren alde lan egiten duen hiria dela gogorarazteko balio digu, gure gizartean emakumeak duen paperari balioa emanez”.

 

Urketaria

Urketaria obra Nino Barriuso artistak Alfa Arte tailerrean brontzez egindako eskultura da, eta berdintasunaren aldeko jaiak lortzeko lan egin duten pertsona eta erakundeak omentzea du helburu.

1980ra arte ez zen atera lehen aldiz danborrada misto bat, non emakumeek instrumentu bat jotzen parte hartzen zuten. Aitzindaria Kresala elkartea izan zen, eta urketarien figura sortu zuen, ferra joz, emakumeak festan integratzeko bide gisa.

 

Eskultura multzoa

Obra hau Sarriegi plazako eskultura multzoa errematatzeko iritsi da. Laster, plaza horrek berrantolaketa bat jasango du hiriaren iruditerian funtsezkoak diren pieza horiei garrantzia emateko. Horrela, multzo berria 10 metro inguru eramango da plazaren barrualderantz, eta idulki berri bat sortuko da eskulturentzat.

Multzo honen lehen pieza 1964an Jose Lopetegi Goikoetxeak Raimundo Sarriegiri egindako bustoa izan zen, Narrika kaletik gertu kokatu zena.

Ondoren, 1972an, danborrariaren figura sartu zen, hiriko elkarte gastronomikoen ekimenez, eta, horretarako, ingurua birmoldatu zen, atzeko pareta kenduta, landaretza erantsita eta hesi apaingarri bat jarrita.

2002. urtean plaza birmoldatu eta Raimundo Sarriegiren bustoabrontzezko beste bategatik ordeztu zen (jatorrizkoa hormigoizkoa zen), gaur egun ezagutzen dugun multzoari bide emanez. Bustoaren kopia hau Nino Barriusok egin zuen, Urketariarekin obra osatzeaz arduratu den artistak.

2022/05/14-an argitaratua