500.000 euro nekazaritzako nitxo berritzaile eta kalitatezkoak sortzeko

0

Eusko Jaurlaritzak laguntzak deitu ditu 2022rako honako azpisektore hauetako ustiapenetarako: lupulu-ekoizpena, ogia egiteko zerealak, esne-ahuntza, fruitu lehorrak (intxaurrondoa eta hurritza), mahaiko frutak, ureztatutako baratzezaintza estentsiboa, malko-ilarra, boilurra, endurance zaldia, eta gizakien edo animalien elikadurarako hotzean prentsatzeko oleaginosoak. Laguntzen zenbatekoa guztira 500.000 euro izango dira.  Helburua da nekazaritzako nitxo berriak abian jartzea, merkatuak eskatzen duen berrikuntzari eta kalitateari lotuta, eta, aldi berean, euskal nekazaritza-sektorea eraldatzeko eta gaztetzeko prozesuen alde egitea.

Laguntza horiek jarraitutasun-bokazioarekin sortu dira, ekoizpen-nitxo berri horietan sartzearen aldeko apustua egiten duten edo dagoeneko bertan dauden ekintzaileei laguntzeko.

Nekazaritzako ikerketa- eta berrikuntza-zentroek hautemandako nitxo berri horiek kalitatezko produktuak, osasungarriak eta hurbilekoak eskatzen dituzten kontsumitzaileen eskari gero eta handiagoei erantzuten diete. Izan ere, horietako batzuk, hala nola lupulua, fruitu lehorrak, lekadunak, mahairako fruta edo ahuntz-esnea, asko eskatzen diren laboreak dira. Nekazaritzako ekoizpen berri horiek Eusko Jaurlaritzak euskal nekazaritzaren ahalmenak merkatuaren beharrekin uztartzeko egindako lanaren ondorio dira.

Horrekin, Eusko Jaurlaritzak elikagaiak eraldatzeko eta merkaturatzeko egitura berriak finkatzea ahalbidetu nahi du, kalitate ziurtatuko araubidepean elikagaiak ekoizteko politika indartu nahi du, eta ekintzaile gazteak nekazaritza-sektorean sartzeko aukera berriak eman nahi ditu, sektore hori gaztetzeko.

Laguntzak ustiapen»motaren arabera banatuko dira:

    • Lupulua: 40.000 €

 

    • Ogia egiteko zerealak: 20.000 €

 

    • Fruitu lehorrak (intxaurrondoak eta hurritzak): 60.000 €

 

    • Esne-ahuntza: 80.000 €

 

    • Mahaiko frutak: 60.000 €

 

    • Baratzezaintza estentsiboa: 60.000 €

 

    • Malko-ilarra: 60.000 €

 

    • Boilurra: 70.000 €

 

    • Endurance zaldia: 20.000 €

 

    • Gizakien edo animalien elikadurarako oleaginosoak: 30.000 €

 

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, eta ondorengo izapideak ere bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dituzte (https://www.euskadi.eus/servicios/0012070). Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.