Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak gaur goizean hartu dituzte Udaletxean Isaac Ebelle eta Pascual Perea “Una luz en el desierto” liburuaren egileak. Liburua gaur arratsaldean, 18:00etan, aurkeztuko da Bilborocken.
Bilboko Udalaren lankidetzarekin, liburuaren aurkezpena Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak bultzatutako Zurrumurruen kontrako Estrategiaren barruan dago. Estrategia horrek, besteak beste, idazketa sortzailea eta literatura bultzatzen ditu, eta, bertan, “Zurrumurruen aurka, sartu aterpera” kontakizun laburren lehiaketaz gain, arrazismoari, aniztasunari, kulturartekotasunari eta migrazio-prozesuari lotutako gaien inguruko liburuen aurkezpenak egiten dira, kulturarekin erlazionatutako zenbait arlo landu dituzten egileekin.
“Una luz en el desierto” Isaac Ebelle protagonistaren kontakizun biografikoa da. 2000ko Eguberri bezperan hasi zen, Isaac Ebelle kamerundar gaztea bere txabola xumetik abiatu zenean, Europara legez kanpo eramango zuen emigrazioaren ibilbideari aurre egiteko.
Juan Mari Aburto alkateak eskertu egin die kontakizun “ausarta eta eskuzabala, aitortu behar dugun eta gugandik urrun ez dagoen errealitatearen zapatetan jartzen gaituelako. Gaur arratsaldeko topaketarekin hausnarketa hori eragingo dugu, eta gertatzen diren migrazio-prozesu batzuen ezagutzan sakonduko dugu, eta modu bizian egingo dugu, liburuaren egileek irakurleekin izango duten elkarrizketaren bidez”.
EGILEAK
Isaac Ebelle (Duala, Kamerun, 1978), milaka herrikidek bezala, bere bizitza arriskuan jarri zuen emigrazioaren bitartez etorkizun hobea bilatuz. Ia bost urte behar izan zituen Europara iristeko, eta prezio handia ordaindu zuen bere helburua lortzeko. Hamabost urte daramatza Bilbon bizitzen, eta bizi izandako esperientzia gogorrak bide hori hartu zutenei laguntzera bultzatu zuen. Kamerungo Etorkinen Elkartea sortu zuen Bizkaian, eta, gaur egun, Bizkaiko Etorkinen Elkarteen Federazioko idazkaria da. Makossa, bere herrialdeko musika herrikoia, abeslari ospetsua ere bada.
Isaac, Kamerungo eta Afrikako komunitatearen erreferente argia da Bilbon. 2010ean Bilboko Udaleko Immigrazioaren Tokiko Kontseilua abian jarri zenetik erakunde horretako kide aktiboa da, Kamerungo Etorkinen Euskadiko Elkartearen (ACABIZ) bitartez.
ACABIZ elkarteko presidente eta FEDAIB Etorkinen Elkarteen Bizkaiko Federazioko kide gisa, azken urteotan proiektu ugari bultzatu ditu udalerrian, integrazioa, gizarte-kohesioa eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza bultzatzeko, Bilboko biztanle guztien arteko kultura-, kirol-, sentsibilizazio-, topaketa- eta elkarrizketa-jardueren bidez.
Bestalde, Pascual Pereak (Bilbo, 1960) El Correo egunkarian egin du bere kazetaritzako ibilbidea. Erreportajearen generoan nabarmendu zen, eta sari garrantzitsuak jaso zituen, horien artean Cafe Iruña sariaren lehen edizioa, Ciudad de Marbella saria edo Eusko Jaurlaritzak ematen duena, besteak beste. Ondoren, Erreportajeak, Gizartea, Kultura eta Gehigarriak sailez arduratu zen egunkari horretan. 2020an, kazetaritza utzi eta aro berriari ekin zion idazle gisa. “Una luz en el desierto” eleberriaz gain, “Las leyes del azar” eta “El astronauta” eleberrien egilea ere bada.
ZURRUMURRUEN KONTRAKO ESTRATEGIA ETA IMMIGRAZIOAREN TOKIKO KONTSEILUA
Jarduera Bilboko Udalaren Zurrumurruen aurkako Estrategiaren barruan dago. Proiektu hori udalerriko 6 barrutitan dago aktibo, eta, gaur egun, 400 pertsona eta erakunde baino gehiago daude bere barruan, Zurrumurruen aurkako eragile gisa.
Zurrumurruen aurkako Estrategiak eragileak formatzeko eta trebatzeko lan-ildo bat du, migrazioei, aniztasunari eta atzerritar jatorriko pertsonei lotutako aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruei buruzko kontzientzia hartzeko eta gogoeta kritikoa egiteko espazioak sorraraziz. Liburua aurkezteko antolatu den ekitaldiak gogoeta hori eragin gura du, eta liburuaren egileekin hitz eginez gertatzen diren migrazio-prozesu batzuen ezagutzan sakondu.
ANIZTASUNAREN EUROPAKO HILABETEA
Jarduera horrekin, Bilbok bat egin du Europako Batzordeak sustatutako aniztasunaren Europako Hilabetea kanpainarekin.
Maiatza Aniztasunaren Europako Hilabetea da EB osoan. Europako Batzordeak dei egin die Europa osoko instituzioei, erakundeei, elkarteei eta enpresei, indarrak batzeko, eta aniztasuna eta inklusioa oso garrantzitsuak direla eremu guztietan nabarmendu du, maiatzean zehar ekitaldiak eta jarduerak antolatuz.
SARE SOZIALAK: