Bilboko auzoak aire zabaleko agertoki bilakatuko dira

0
PRUEBA

Bilboko Udalak, datozen hilabeteotan, hiriko auzoetako kaleak kalitatezko kultur proposamen ireki, askotariko eta doakoez beteko ditu. Jarduera horiek egitearen asmoa da bilbotar guztiek eta Bizkaiko hiriburura hurbiltzen diren herritar guztiek kalean aisialdirik onena gozatu dezatela.

Udaberri eta uda honetarako, Udalak 270 emanaldi baino gehiago programatu ditu kalean, 158 konpainia eta artistaren eskutik iristen direnak.

Programazio horri uriaren urteurrenean ekarriko duten eskaintza zabala eta berezia gehitu beharko zaio: ekainean Gau Zuriarekin eta abuztuan Aste Nagusiarekin. Maiatzaren amaieratik irailaren amaierara arte luzatuko da, eta, horrela, kulturarik onena eta kalitatezko aisia izango dira gure auzoetan udako hilabeteetan, tokiko eta, oro har, Euskal Herriko konpainia eta taldeen eskutik.

Izan ere, 158 konpainia horietatik 142 euskal konpainiak dira, eta, beraz, datozen asteetan kaleko arteetako kultura-programazioaren % 90ak argi eta garbi uzten du Udalak erakusleihoak eskaintzeko eta hurbileko kultura-sareari bere lana zabaltzen laguntzeko duen konpromisoa.

Bilboko Udalean gaur goizean egin den prentsaurreko batean, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziak eta Iñaki López de Aguileta Kultura Saileko zuzendariak datozen hilabeteetako kaleko programazio kulturala aurkeztu dute.

Aurten ere, udaberrian eta udan, kultura hurbilduko dugu, proposamen interesgarri, askotariko eta berritzaileekin. Horrela, bilbotarrek eta bisitariek kultur eskaintzarik onenaz gozatu ahalko dute, murrizketarik gabe, aspaldian faltan botatzen dugun normaltasuna berreskuratu dugun honetan. Maiatzeko datozen asteetan eta ekain osoan, gure uria osatzen duten zortzi barrutietako auzoek dantzako, musikako, antzerkiko eta euskal folkloreko ikuskizunak hartuko dituzte. Udan Bilboko Kalealdia iritsiko da, eta abuztuan Aste Nagusiaz gozatu ahal izango dugu berriz ere, hain faltan bota duguna. Horren ondoren, auzoetako programazioari helduko diogu berriro, beste programa askorekin gozatzen dugun bitartean” azaldu du Gonzalo Olabarriak.

Bilboko Udalaren kale-kulturaren programazioan, beste behin ere, denontzako lekua dago.Plan ezberdin, irisgarri, ireki eta kalitatezko ugari datozkigu egunotan. Haietako gehienak tokiko artista eta konpainiek egingo dituzte, geure inguruan daukagun talentu izugarria harrotasunez gozatu dezagun”, adierazi du Kultura eta Gobernantza zinegotziak. Txikiek eta nagusiek kalitatezko programazioa aurkituko dute, Bilboko zortzi barrutietako plaza, kale eta bazterretan kultura- eta aisia-eskaintzarik onenaz gozatzeko. Gainera, kaleko kultur programazioko proposamenez disfrutatzeko, ez da beharrezkoa izango sarrera eta tokia erreserbatzea, aurreko bi urteetan egin behar zen moduan. Beraz, Bilbok esparru irekietan programatutako ikuskizunen esentzia berreskuratuko du.

Hala, datozen asteetan, Bilboko kaleetan programa hauetako hitzorduak egingo dira: Udaberriko Bertso Saioak, Magiaren Topaketak, Musikauzo, Eszena Kalera, Bilboko Dantzaguneak Kalera, Santutxu Kolorea, Klown Zorrotza, Bilboko Kalealdia, eta Dantza Plazetan, Plazarik Plaza eta Zirkualde alarde eta erromeriak.

Uriko kultura-aisiaren hitzordu handiak ahaztu gabe, hala nola Gau Zuria, Bilboko Kalealdia, Bilbao BBK Live, Bilbao Blues Festival Jaialdi berria eta Aste Nagusia. Aurreko bi edizioetan, osasun-larrialdiko egoeraren ondorioz, lehenaren datak aldatu ziren eta programazioa nabarmen murriztu zuen. Bigarrena, aldiz, bertan behera utzi behar izan zuen udalak, eta uria Aste Nagusia gabe utzi. Uda honetan, bi hitzorduak indarrez itzuliko dira, bilbotarrek nahiz programazio zaindu eta zabalaz gozatzera hurbiltzen direnek gozatu ditzaten.

Gainera, aurten bi ekimen berri sartuko dira ohiko eskaintzan:

    • “Kultura, Auzo Auzo”, aurten, salbuespen gisa, 2022 Bilbao Planaren testuinguruan, ekainaren 23tik 26ra egingo da, eta kultur jarduera Bilboko auzoetara hurbilduko du, proposamen ibiltari dibertigarriekin, gure ingurune hurbilenean kulturaz gozatzeko. Ekimen honetan nabarmendu behar dugu programazioa auzo bakoitzeko kultur agenteekin adostu dela.

 

    • Ibaiondo Dantzan”ekitaldiak dantza urbano eta garaikideena ekarriko digu barrutira irailean, eta publiko berriak erakarriko ditu arte-diziplina honetara.

 

Programa guztiak diseinatu dira adin eta gustu guztiei kalitatezko kultur aukerak eskaintzeko, hiriko eta inguruko herrietako kultur eragile askoren lana bilbotarrei ekartzeko, eta herritarrek euskal folkloreaz espazio irekietan gozatu dezaten.

Gainera, Bilboko barrutietan egingo diren formatu txikiko jaialdiei esker, lehen mailako ikuskizunak izango ditu publikoak ikusgai, Estatuko eta nazioarteko konpainien eskutik ere iritsiko direnak: horrela, normalean urian programatzen ez diren konpainiak hurbiletik ikusi ahalko ditugu.

KALEKO KULTUR PROGRAMAZIOA

► KALEKO ARTEAK

ESZENA KALERA. Auzoetan. Maiatzaren 26tik irailaren 25era.

Euskadiko kaleko arteen zirkuiturik handiena maiatzaren 26an abiatuko da, eta hainbat emanaldi ekarriko dizkigu auzoetara, adin guztietarako: zirku garaikidea, clowna, magia, parte-hartze ekintzak eta kaleko antzerkia. Programa hau batez ere familientzat da. Euskal konpainiak bakarrik programatzen dira, eta euskaraz egiten diren produkzioek euren lekua dute hemen.

MAGIAREN TOPAKETAK. Otxarkoaga eta Txurdinaga. Maiatzaren 29ra arte.

Programa hau maiatzaren 4tik dago martxan, eta magiako ikuskizunak, masterclassak, galak, hitzaldiak eta erakusketak proposatzen ditu, adin guztietako publikoak gozatu ditzan. Magiaren Topaketak azken asteburuan irtengo da kalera: maiatzaren 27, 28 eta 29an Txurdinagako Garaiko lorategietan adin guztietarako magia-ikuskizunak egingo dira.

KLOWN ZORROZA Zorrotza. Ekainaren 9tik 11ra.

Klown Zorrotza Azokako parkera itzuliko da XIII. edizioan, hainbat konpainia eta artistarekin, adin guztietako ikusleei zuzendutako ikuskizunekin, beren clown proposamenak auzoko bizilagunei hurbiltzeko.

BILBOKO KALEALDIA. Casilda Iturrizar parkea. Ekainaren 27tik uztailaren 2ra.

Bilboko Kalealdiarekin, uda modurik entretenigarri eta interesgarrienean hasiko da Bilbon. Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak kalitatezko hitzorduz betetako aste bat proposatzen du, kaleko antzerkiaren onenarekin.

ZIRKUALDE. Errekalde. Irailaren 23tik 25era.

Aurten, 2022an, Zirkualde irailean egingo da, eta ez ekainean. Gaur egun, hauxe da zirkuko arteei soilik dedikatzen zaien jaialdi bakarra Euskadi osoan. Apurka-apurka zirkuaren sektoreari zuzendutako lehenbiziko euskal azoka espezifikoa bihurtzeko bokazioa dauka. Programazioan askotariko ikuskizunak sartzen dira, adin guztietarako. Haietan, zirku tradizionalaren gauzarik onenak sartzen dira: akrobaziak, malabarrak eta oreka-jokoak. Hori guztia kaleko antzerkiarekin, musikarekin, clown-lanarekin, umorearekin, dantza akrobatikoarekin eta aireko jokoekin uztartzen da.

► DANTZA

BILBOKO DANTZAGUNEAK KALERA. Gas plaza. Ekainaren 12a.

Iazko arrakasta ikusita, udalak hiriko dantza eta ballet akademiak babesteko egun hau finkatzeko apustua egiten du, ikusgarritasuna eskainiz eta herritarrei uriko dantza eskola eta akademietako talentua gozatzeko aukera emanez. Era berean, babesa ematen zaie irakasle eta ikasleekin. Programazioan balleta, euskal dantzak, flamenkoa, funkya eta salsa egongo dira.

IBAIONDO DANTZAN. Ibaiondoko barrutia. Irailaren 16tik 18ra.

Programa berri hau dantza garaikidean zentratuko da, eta Ibaiondoko barrutia izango du agertoki nagusi.

► FOLKLOREA

UDABERRIKO BERTSO SAIOAK. Santutxu eta Deustu. Programa hau maiatzaren 14an hasi zen eta maiatzaren 21 eta 28an eta ekainaren 4an jarraituko du.

Oraingoan, izenik puntakoenak Santutxuko Karmelo plazan eta Deustuko Done Petri plazan elkartzen dira. Besteak beste, Onintza Enbeita, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Oihana Bartra eta Amets Arzallus arituko dira bertsolaritzaren munduari buruzko programa honetan, udalak Santutxuko Bertso Eskolarekin batera antolatzen duena. Programa honek, Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gain, euskaltzaleen elkargunea izan gura du eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskola beteranoak urian egiten duen lana babestu. Bestalde, udalak emakumeen presentziari lehentasuna emango dio programa honetan.

SANTUTXU KOLOREA. Santutxu. Ekainaren 3tik 5era.

Santutxun folklorea sustatzeko programa, ekaineko lehenengo asteburuan, Gaztedi Dantzari Taldearekin batera antolatua. Programaren helburua da folklore tradizionala bultzatzea, eta ikuskizun berezien bitartez dantza tradizionala eta garaikidea uztartzeko modu berriak erakustea.

DANTZA PLAZETAN. Arriaga plaza. Uztailaren 3, 9, 16 eta 23an (larunbatak) eta 29an (ostirala).

Dantza Plazetan tradizio luzeko kultur programa bat da Bilbon. Bere urteko programazioan, euskal dantzak uriko bazter guztietara hurbiltzen ditu urte osoko asteburuetan. Aurtengo udan, Arriaga plazako uztaileko alardeak itzuliko dira. Beraietan, bilbotarrek ez ezik bisitariek Bizkaiko, Nafarroako, Zuberoako, Arabako eta Gipuzkoako dantza ezagunenetako batzuez gozatuko dute.

PLAZARIK PLAZA. Basurtu. Irailaren 15etik 17ra.
Foklore tradizionala sustatzeko asmoarekin, programa honek, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearekin batera antolatzen denak, Basurtu folklorez betetzen du alarde eta kalejiretan, erraldoi eta buruhandiekin.

► MUSIKA

MUSIKAUZO. Auzoetan. Maiatzaren 19tik irailaren 25era.

MusikAuzo programak Bilboko auzoetako plazak musikaz bete gura ditu. Eguraldi onarekin, estilo askotako tokiko musikariek zuzenean joko dute, zenbait agertokitan. MusikAuzo-k publiko orokorrarentzat oso ezagunak ez diren Euskadiko taldeak ekarri nahi ditu, eta batik bat gazteentzat eta helduentzat da.

KULTURA, AUZOZ AUZO. Auzoetan. Ekainaren 23tik 26ra.

San Joaneko asteburua ospatzeko, udalak maskaradak, fanfarreak, jazz kontzertuak, brass band-ak, erraldoiak, txarangak, musika-antzerkiak eta swing emanaldiak proposatzen ditu, besteak beste.

► KULTUR AISIALDIA

GAU ZURIA. Ekainaren 17 eta 18a.

Gau Zuria egoerara moldatu da azken bi edizioetan, bilbotarrei ahalik eta programaziorik onena eskaintzeko, nahiz eta datak aldatu eta programazioa murriztu behar izan. Ekainean, hiriko espazio enblematikoek itxura berezia izango dute, Gau Zuriaren proposamenei esker: musika, arte eszenikoak, literatura, eta argi eta soinu ikuskizun deigarriak. Programa zabal honek hiritik beste begirada batekin paseatzeko aukera ematen digu, tokiko eta nazioarteko sorkuntzez gozatuz.

ASTE NAGUSIA. Abuztuaren 20tik 28ra.

Bilbon aurkezpenik behar ez duen ekitaldirik bada, Aste Nagusia da, dudarik gabe. Bi urtez ezin izan da ospatu, pandemiaren ondorioz, eta aurtengo abuztuan itzuliko da, egitarau zabal eta askotariko batekin. Uria bederatzi egunez guztientzako dibertsioz, planez, kulturaz eta aisiaz beteko da.

SARE SOZIALAK:

www.bilbaokultura.eus