Bilbo munduko foodtech hiriburua bihurtu da

0

Bilbo, aste honetan, munduko foodtech hiriburua bihurtu da, Food 4 Future – Expo FoodTech 2022 delakoaren ospaketarekin.

Elikagaigintzako eta edarigintzako industriako profesionalendako nazioarteko ekitaldiaren lehen edizioak arrakasta izan zuen, eta orain, ostera ere, maiatzaren 17tik 19ra, 7.000 biltzarkide baino gehiago bildu dira. Foro honek, gainera, 14 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izango du uriarentzat, eta, aldi berean, Euskadi agerira ekarriko du mapan, foodtech-aren epizentro eta erreferente moduan.

Inaugurazio-ekitaldian izan dira Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua; eta Jordi Gallés, Food 4 Future Expo Foodtech-eko lehendakaria.

Food 4 Future 2022, hala, ezinbesteko hitzordua da elikagaigintzaren sektorea eraldatzen ari diren azken berrikuntza eta soluzioak ezagutzeko, eta baita ere elikagaigintzako teknologiaren arloan arrakasta izan duten kasuak eta teknologia horretan industria seguruagoa, jasangarriagoa eta osasungarriagoa lortzeko baliatzen diren aplikazioak ezagutzeko.

250 enpresak baino gehiagok erakutsiko dituzte beren azken soluzio teknologikoak eta elikagaigintzako produktuak, industriaren balio-kate osoa modernizatzen eta digitalizatzen lagunduko dutenak, lehengaitik hasi eta prozesu logistikoetara arte.

FOOD 4 FUTURE WORLD SUMMIT 2022, EZAGUTZAREN MASTER HANDI BAT

Foor 4 Future World Summit 2022 ekitaldia biltzarrik handiena da Europan elikagaigintzako eta edarigintzako industriako berrikuntza teknologikoaren arloan; Food 4 Future delakoaren barruan antolatzen da, eta ekitaldiak iraungo duen 3 egunean zehar, aukera izango da sektore horretako 380 adituren ahotsak entzuteko.

Era berean, 6 foro bertikal ospatuko dira, honako hauen inguruan: haragia, arrainak, esnea eta esnekiak, olioa, nekazaritza, zerealak, kontserbak eta edariak. Foro horietan, laborea eta produkzioak ahalik eta onenak izan daitezen eta elikagai integralen garapena eragitearren mundu osoan gauzatzen ari diren proiektuak aurkeztuko dira.

Food 4 Future delako ekitaldian bildu diren profesionalen artean, nabarmentzekoak dira: José M. Ordovás nutrizioan espezializatua eta Tufts University unibertsitateko Nutrition and Genomics zuzendaria, Andoni Luis Aduriz Mugaritz jatetxearen fundatzaile eta hango sukaldari buru ospetsua, Graham Cross Innosapiens-en guru teknologiko eta fundatzailea; Gerd Buta, World Food Programme programako Innovation Advisor delakoa, Carmen Gómez-Acebo, Coca Colako jasangarritasuneko arduraduna; Paul Newnham, jasangarritasuneko eta elikagaigintzako sistemetako espezialista eta SDG2 delakoaren zuzendaria, Roselyne Chane produkzioko hondakinen birbalorazioko aditu eta Sanygramen zuzendari nagusia; Ricardo Fernández Carrefour-eko kalitateko eta garapen jasangarriko zuzendaria, Ignacio Muñoz Angulas Aguinagako CEOa, Alejandro Arranz Mahou San Miguel enpresako Corporate Ventures eta teknologia berrietako zuzendaria, edo Jon Ander Egaña Monasterio Basque Food Cluster delakoaren General Manager delakoa, beste askoren artean.

TALENTU BERRIA 2022KO FOOD 4 FUTURE EKITALDIAN

Food 4 Future Expo Foodtech delakoaren bigarren edizioan, 4.000 metro koadro baino gehiago izango dira erakusketarako ez bestetarako, nazioartean une honetan garatzen ari diren startups foodtech delakoen ekosistema osoari leku egiteko.

Nazioarteko 200 startup-ek baino gehiagok parte hartuko dute FoodTech Startup Forum delakoan, eta elikagaigintzako industriarako foodtech proiektu eta soluzioak jarriko dira han erakusgai; halaber, Get in the Ring Bilbao delako talentu berria sustatzeko ekimenean ere parte hartuko dute, zeina lehenengoz antolatzen baita Euskadin, Get in the Ring izeneko erakundearen eta ICEX delakoaren eskutik.

Food 4 Future delakoa NEBEXTek eta AZTI teknologia-zentroak antolatzen dute, eta lehenengo edizioaz geroztik, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du HAZI erakundearen bitartez. Hazik Food Tech industriaren ESBPEaren buru (Ekonomia Suspertzeko eta Berritzeko Proiektu Estrategikoa, gaztelaniaz PERTE) izan nahi du Estatuan, eta Euskadi industriaren mundu mailako erreferente bihurtu. Era berean, Bilboko Udalaren laguntza ere izan du, hiriak konpromisoa hartuta baitauka elikagaien industriarako hiriburu gisa garatzeko, eta aukera baten moduan ikusten baitu Food 4 Future, Bilbo munduko hiriburu gisa finkatzeko Bilbo. Halaber, badu ICEX eta MAPA erakundeen babesa ere, bi erakunde horien asmoa baita aurrerantzean ere Spain FoodTech Nation delako marka garatzea nazioartean.

Beste erakunde estrategiko batzuek ere, hala nola NEIKER, ELIKA, EIT Food, ILSI Europe, Eatable Adventures for life, SPRI, Eatable Adventures, ERIAFF, Santelmo Business School, FIAB edo IASP (International Association of Science Parks and Areas of Innovation) erakundeek, berretsi dute foro hau babesten dutela, funtsezkoa baita industria berrasmatzeko.