Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi eurorekin finantzatuko ditu itsasertza garatzeko hainbat proiektu

0

Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren aginduaren bidez, 2022an 1,5 milioi euro bideratzea onetsi du, Itsas Garapen Elkartea Arrantzako Tokiko Ekintza Taldeari onetsitako partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren babespeko proiektuak finantzatzeko. Laguntza horien helburua da arrantza-eremuen garapen jasangarrian aurrera egitea, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren (EIAF) esparruan. Era berean, Eusko Jaurlaritzak tresna txikiko erroldako flota aldi baterako geldiarazteko laguntzak deitu ditu, 315.000 eurorekin. 

GALP Laguntzak

Deialdiaren xede diren ildoak inbertsio produktiboetarako (enpresak sortu eta garatzea) nahiz ez»produktiboetarako (sustapen-kanpainak, azterlanak egitea, osasun»babesa…) eta enplegua sortzera bideratutakoetarako izan daitezke. Ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

Aurreko ekitaldiak

Iaz 2,24 milioi euro bideratu ziren laguntza horietara, eta horien bidez 86 proiektu finantzatu ziren, 4,48 milioi euroko inbertsioarekin. 2020an, berriz, 2,5 milioi izan ziren guztira, 98 proiektuetarako, eta 5,2 milioi euroko inbertsioak. 2019 ekitaldian, laguntza-programa horrek 2,2 milioi euro jaso zituen guztira 135 proiektu finantzatzeko, 7 milioi eurotik gorako inbertsioekin; 2018ko deialdian, laguntzak 2,6 milioitik gorakoak izan ziren eta 111 proiektu aurkeztu ziren; eta horren aurrekoan, berriz, 1,8 milioi 62 proposamenetarako. 

Proiektu-mota

2021ean aurkeztutako proiektu guztiak sustapen pribatukoak dira, eta itsasertzeko eremuetan ekonomia dibertsifikatzen eta enplegua sortzen laguntzen dute. Proiektuen tipologiaren adibide gisa, hauek dira 2021eko deialdian onetsitako batzuk:

    • Mikroalgak laborategian eta eskala pilotuan hazteko ereduaren gidaritza.

 

    • Arrain ketuak ekoizteko eta banatzeko proiektu pilotua.

 

    • Arrantza-zerbitzu jakin batzuetan turistak eta bisitak hartzeko teknikoki egokitutako arrantza-ontzia eskuratzea.

 

    • Autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eguzki-teknologia fotovoltaikoan oinarritutako instalazioa, arrantza-enpresaren instalazioaren barne-sareari konektatua.

 

Oro har, 2021ean onetsitako proiektuei esker 38 lanpostu berri sortu dira, eta horietatik 22 emakumeenak dira.

Onuradunak eta epeak

Laguntza hauen onuradun izan daitezke pertsona fisikoak edo juridikoak; arrantzale-kofradiak eta horien federazioak; arrantza-sektoreko elkarte profesionalak eta horien federazioak; ekoizleen erakundeak eta horien elkarteak; irabazi-asmorik gabeko erakundeak, soilik arrantzale-kofradiek eta/edo arrantza»sektoreko elkarteek osatutakoak.

Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak (aurrez aurre: eskatzaileek «Itsas Garapen Elkartea» Arrantzako Tokiko Ekintza Taldeari aurkeztu beharko dizkiote eskabideak, beren egoitzetan: Zamudion, Parke Teknologikoa, Ibaizabal Bidea, 101. eraikina, 111. bulegoa edo Donostian, Zuatzu enpresa-parkea, Zuatzu kalea, Ulia eraikina 1, 4. lokala). Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez baino ez dituzte aurkeztuko eskabideak, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartu beharko dute.

Geldialdi bilogikorako laguntzak 

Kontseiluaren bilera berean, Eusko Jaurlaritzak Kantauri itsasoaren ipar»mendebaldean barruko uretan tresna txikiko erroldako flota aldi baterako geldiarazteko laguntzen deialdiaren oinarriak onetsi ditu.

Deialdiaren zenbatekoa 315.000 eurokoa izango da. Funts horietatik 157.500 euro Europako Itsas eta Arrantza Funtsari (EIAF) dagozkio.

Laguntza horien xedea da Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldean tresna txikiko erroldako flota aldi baterako geldiaraztearen ondorio ekonomikoak arintzea, baldin eta egoitza-portua Euskadin badago eta atseden biologikoaren eraginpean badago.

2022 ekitaldian laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua indarrean jartzen den egunetik zenbatzen hasita.