Lehendakaria Korsikara joango da maiatzaren amaieran

0

Lehendakariak, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariak lagunduta, berriro ekingo dio nazioarteko agendari, pandemia dela-eta atzerrira bidaiatu gabe bi urte baino gehiago igaro ondoren. 

PROGRAMA 

Lehendakaria buru duen ordezkaritzak maiatzaren 30ean hasiko du agenda Ajaccion, Korsikako kolektibitatearen egoitzan hainbat bilera eginez. Lehendakaria Korsikako Kontseilu Eragilearen presidente Gilles Simeoni jaunarekin, Batzarreko presidente Marie-Antoinette Maupertuis andrearekin eta hautatutako ordezkariekin bilduko da, euskal autogobernuaren ereduaren xehetasunak partekatzeko.

Arratsaldean, Myrte eta Pagorba energia berriztagarrien arloko ikerketa- eta berrikuntza-plataformak bisitatuko ditu Vignolan.

Hurrengo egunean, Urkullu Lehendakariak Andria Fazi eskola bisitatuko du eta Corté hirirantz abiatuko da; bertan, besteak beste, Korsikako Museoa eta Korsikako Unibertsitatea bisitatuko ditu. Lehendakariak kultura, hizkuntza eta ondarearen arloko gobernu-esperientziak trukatzeko aukera izango du.

TESTUINGURUA

Lehendakariak eta Korsikako presidente Gilles Simeonik bilera telematiko bat egin zuten 2020ko apirilean, eta bertan Lankidetza Memorandum bat sinatu zuten, euskal erakundeek eta korsikarrek aldebiko harremanen garapena bultzatu eta etorkizuneko lankidetzetarako oinarri komun bat eman dezaten honako gai hauetan: harreman ekonomikoetan, kulturan, diasporan edo hizkuntza-politikan.

Euskadik, besteak beste, Flandriarekin, Bavariarekin, Quebecekin edo Jiangsurekin dituen harreman estrategikoen sareko kide da Korsika.

EUSKADI BASQUE COUNTRY

Lehendakariaren atzerriko bidaia ofizialek Euskadi Basque Country Nazioartekotzeko Esparru Estrategian jasotako helburuei erantzuten diete: kanpoan presentzia irabaztea eta Euskadi munduko erabaki- eta aukera-zentroekin lotuko duten aliantzak sortzea.