Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Basauriko alkate Asier Iragorrik eta Berdintasun zinegotzi Isabel Cadavalek, udalerriko emakume eta elkarte feministekin batera, gaur Marienearen (Basauriko Emakumeen Etxea) 10. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu dute .
Emakundeko zuzendariak nabarmendu du Marienea erreferente bihurtu dela hamar urte hauetan gure herrian: «eredu izan da emakumeen beste etxe batzuentzat, eta emakumeek beren “gela propioa” izatearen garrantzia aldarrikatzen jarraitu du, haien ahotsak indar eta intentsitate handiagoz entzun ahal izateko gizarte osoan”.
Asier Iragorrik adierazi du Marienea martxan jartzea lorpen izugarria izan zela eta Basauriko emakumeek eskubide propioz lortu zutela, berdintasunaren aldeko militantzia eta konpromiso bide luze baten ondoren. «Basauriko Udalak ere lagundu zien bide horretan, espazio hori martxan jarriz eta giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak emanez». Marienearen funtzio katalizatzailea azpimarratu du, berdintasunaren aldeko proiektu, zerbitzu eta ekimenen garapenean eragin biderkatzailea izan duelako eta ahalduntze maila handiagoak lortzea ahalbidetu duelako. Hala ere, lortutako aurrerapen guztiak gorabehera, ohartarazi du ez zaiola erne egoteari utzi behar, are gutxiago orain, eboluzionatu beharrean, batzuek inboluzionatu nahi dutela dirudienean». «Hori dela eta, Marieneak ezinbesteko espazioa izaten jarraituko du ibilitako bidea urratu nahi dutenei aurre egiteko, matxismoaren aurkako sareak ehuntzen jarraitzeko eta desberdintasunaren aurkako ideiak eta ekintzak garatzeko», gaineratu du.
Besteak beste, Isabel Cadavalek etorkizuneko erronkei erreparatu die, eta ziurtatu du Marieneak ateak zabaltzen jarraituko duela, basauritarrek are ezagunagoa eta aintzatetsiagoa den zerbitzu publikoa izan dadin. «Gero eta emakume gehiago erakartzeko gai izatea; uste dut hori lortzen ari garela azken urteotan, hainbat ekimen abian jarrita, hala nola adineko emakumeen espazioa edo gure tailer eta jardueretara gero eta neska gazte eta neska gehiago joatea. Gazte horiek dira etorkizuna, adierazi du.
Ekitaldia amaitzeko, Biki Pozok Mari Luz Estebanen poesia bat irakurri du, urtemuga honetarako bereziki idatzia. Ondoren, bisita gidatu bat egin da instalazioetara.