Musika eta Dantza Eskolan datorren ikasturterako izena emateko epea zabalik

0

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 2022-23 ikasturterako izena emateko epea ireki du, musika edo dantza ikasi nahi duten pertsona guztientzat.

Musika eta Dantza Eskolak hezkuntza eskaintza zabal eta anitza du, adin guztietako pertsonentzako aukerekin. Egun, Eskolan 2481 ikasle matrikulatuta daude 29 instrumentu, 3 dantza espezialite, eta guztira 80 irakasgaitan antolatzen diren 294 talde eta banaka zein taldekako instrumentu eskoletan.

Eskolaren jarduna ez da ikasgelara mugatzen, ikasleek kontzertuak, emanaldiak eta eskolaz kanpoko beste jarduera batzuen bitartez, hiriaren kultur bizitzan parte hartzen baitute. Horregatik, aurten, AUSARTU! lelopean herritar guztiei deialdia luzatu nahi die Eskolak, musika eta dantza gizarteratzeko eta osasun fisikoa, emozionala eta kognitiboa hobetzeko tresna apartak direla azpimarratuz.

Norberak edo inguruneak ezarritako mugak gainditu, adin, gaitasun, ezagutza maila edo generoarekiko egokitasunagatik izan daitezkeen aurreiritziak alde batera utzi eta bakoitzaren nahi eta beharretara egokitzen den irakasgaia aukeratuta, musika eta dantzarekin gozatzeko aukera bikaina zabaltzen da.

 

Izen ematea

Eskolaren hezkuntza eskaintza osoaren kontsulta eta izen ematea Eskolako webgunean egin daiteke maiatzaren 31 arte.

Egoera ekonomikoa musika edo dantza ikasteko eragozpena izan ez dadin, Eskolak Prezio Publikoetan Gizarte Intereseko Prezioak ditu. Maila desberdinetan, honako talde hauek gizarte intereseko prezioetarako eskubidea dute: DSBE (RGI) edo Gizarte Larrialdiko laguntza jasotzen dutenak, familia ugariak, zehaztutakoa baino diru sarrera txikiagoa duten familia unitateak, guraso bakarreko familiak eta familia bereko hainbat pertsona matrikulatuta dituzten familia unitateak.

Besteak beste, ondorengoa da Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eskaintza 2022-23 ikasturterako:

  • 0-2 urteko haur eta haien gurasoentzat musika hastapen goiztiarra.
  • 3-5 urteko haurrentzat Musika eta Mugimendua (auzoetan ere).
  • 6-7 urteko ikasleentzat Musika Tailerra (auzoetan ere).
  • 8 urtetik aurrera, adin mugarik gabe, 29 musika tresna ezberdin.
  • Musika taldeak: Orkestrak, Bandak, Big Band-ak, Rock, Pop eta Jazz taldeak, Ensembleak, gitarra, txistu, akordeoi eta trikitixa taldeak…
  • Irakasgai osagarriak: Musika Kultura Helduentzat, Harmonia, Moldaketak, Inprobisazioaren hastapenak, Musika Hizkuntza, Zuzendaritza Praktikak
  • Hezkuntza arauturako prestakuntza: Ikasketa profesionaletarako eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza taldeak.
  • 65 urtetik gorakoentzat musika tailerreko talde bereziak.
  • 6 urtetik aurrera, adin mugarik gabe, Euskal Dantza, Dantza Garaikidea eta Dantza Klasikoa.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/17-an argitaratua