Bilboko Udalak Elkarrizketarako eta Garapenerako Dibertsitate Kulturalaren Munduko Eguna ospatuko du

0

Bilboko Udalak maiatzaren 21ean Elkarrizketarako eta Garapenerako Dibertsitate Kulturalaren Munduko Eguna ospatu, eta egun horrekin bat egingo du, zenbait ekintza aurreikusten dituen kanpaina baten bidez.

Aurtengoan, kanpaina grafikoa Kike Infame ilustratzailearena da; Nazio Batuen Erakundeak proposatutako datak ospatzeko urtean zehar egiten ari den lanaren parte da, eta eskuragarri dago Udalaren sare sozialetan eta webgunean.

Lana Bilboko zubietan ardaztuta dago, eta espazioaren metafora bat da: uriko dibertsitate kulturalean zehar ibiltzeko eta hura ezagutzeko gonbidapena da.

«Dudarik gabe, “egin beharreko bidaia” da, Bilbo kide den Kultura arteko Hiriak Sareak planteatzen duen bezala. Gainera, maiatzaren 21eko kanpainaren leloa barne hartzen du», zehaztu du Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Ekimena Bilbo, Kulturarteko Uria, III. Planaren barruan dago, honako alor hauekin bat egiten du eta: konpromisoa, gobernantza, diskriminaziorik eza eta sentsibilizazioa.

KOMUNIKATU, GOGOETATU ETA OSPATU

Bilboko Udalak eta UNESCO Etxeak uste dute dibertsitate kulturaganako errespetua funtsezkoa dela kulturarteko elkarrizketa, garapen jasangarria eta bakea sustatzeko.

Hori dela eta, maiatzaren 21erako diseinatutako ekintzak, gogoetarako gune bat BBK KUNAn, hiru gidalerro nagusi ditu: komunikatzea, gogoetatzea eta ospatzea. Zentzu horretan, 12:00etatik 13:00etara, dibertsitate kulturalari eta gizarte-kohesioari buruzko mahai-ingurua egongo da. Ekimen horren helburua izango da ohartzea zein garrantzitsua den kultura-aniztasuna eta bere adierazpideak babestu eta sustatzea, gizarte-kohesioa sortzeko.

Inklusioarekin eta kulturartekotasunarekin konprometituta dauden bost lagunek hartuko dute parte topaketan. Beren jarduera sozial eta kulturalagatik ezagunak dira denak, eta Bilboko zenbait arte-adierazpen ordezkatzen dituzte.

Honako hauek dira: Emilia Larrondo (soziologo eta DJ mexikarra), Miguel Ángel Puentes (artista plastiko eta Radio Candelako zuzendari/esatari kolonbiarra), Cruz Noguera (dramaturgo eta antzezle venezuelarra), Nilda Diarte Aguilera (literatura- eta antzerki-idazle argentinarra), eta Betto Snay (hip-hop musikari, kultura-dinamizatzaile eta moda-diseinatzaile angolarra).

    • Hija del Nopal DJak musika-saioa eskainiko du, 13:30etik 14:30era.

 

    • Miguel Ángel Puente kolonbiar jatorriko artista bilbotarrak etxeko emakume langileak ikusezin egiteari buruzko erakusketa aurkeztuko du, BBK Kunaren 1. solairuan.

 

    • 17:00etatik aurrera, HaurKuna tailerrean kulturartekotasuna jorratuko dute. 3-10 urte bitarteko haurrentzat diseinatutako jarduera horren xedea izango da jolasaren bidez inpaktu positiboa sortzea eta txikiak Agenda 2030era eta etorkizuneko erronketara hurbiltzea. Saioa dohainik izango da, euskaraz eta gaztelaniaz (15-20 pertsonako taldeak).

 

    • Era berean, kultura-aniztasunaren indarra eta erresilientzia ospatzeko—pandemiak eragindako garai erabakigarri hauetan—, Urazurrutiko kaian (BBK KUNAren kanpoaldean) jaialdi irekia egongo da, 18:00etatik 21:00etara. Solange y el caminante lanaren zati bat antzeztuko dute (emakume afrikar bat eta gizon europar bat Greziako errefuxiatu-kanpaleku batean elkar topatu zutenekoa kontatzen du lanak). Follow The Party musika– eta dantza-kolektiboaren emanaldia ere egongo da, eta horma-irudi partizipatiboa egingo dute, Eva Mena Den XL artistarekin.

 

URIKO EKIMEN GEHIAGORI BABESA

Zabalketa GGKEren «Hemengo emakumeak» argazki-erakusketa

Maiatzaren 17tik 30era, Ibaiondoko Udaltegian (Yohn Jauregia), «Hemengo emakumeak» argazki-erakusketa egongo da ikusgai. Zabalketa GGKEk koordinatu du ekimena, eta Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta Bilboko Udalak babesten dute. Zenbait adin eta belaunalditako emakumeak islatzen dituzte erakusketako 22 irudiek, bi helbururekin: euskal udalerrietan dagoen dibertsitate kulturala irudikatzea, eta zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeek erresilientziarako eta beren mugak gainditzeko duten gaitasuna erakustea, ikuspuntu positibo batetik eta kulturarteko bizikidetzaren eta harremanen ezaugarriak nabarmenduta.

DIVERSITOURS, kulturarteko ibilbideak San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan zehar.

Maiatzaren 22an eta 28an, kulturarteko bi bisita berri egingo dira San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan zehar. Koop SF 34 entitateak DIVERSITOURS-en 2 edizio berri antolatu ditu kultur dibertsitatearen munduko eguna ospatzeko. Parte hartu gura duten pertsonak elkartearekin harremanetan jarri daitezke 641 273 297 telefonoan edo tours@koopsf34.org emailean. Pertsona bakoitzeko prezioa 10 eurokoa da, eta irteteko lekua Saralegi plazako kiskaltze-labea izango da.

Afrika Eguna-harrotasuna Bilbo

Maiatzaren 25ean, Udalak Afrika Egunarekin bat egingo du, Afrika Eguna–harrotasuna Bilbo proiektuaren bitartez. Kontinente afrikarra modu positiboan ikusarazteaz gain, bilbotarrak Afrikako errealitateari buruz sentsibilizatzea, migratzaileei buruzko estereotipoak haustea eta arrazagatiko diskriminazioaren aurkako kanpaina bat garatzea da ekimenaren helburua. Programatutako ekitaldiak maiatzaren 22an, 25ean, 27an eta 28an egingo dira, La Terminal Kultura eta Sormen Industriaren Fabrikan, Zorrotzaurren.

Afrika Eguna–harrotasuna Bilbo proiektua Afrika Eguna elkarteen partzuergoak sustatzen du (Novisi Elkartea, Ghanako Migratzaileen Euskal Herriko Elkartea, Pamoja Elkartea, Igboen Euskal Herriko Komunitatearen Elkartea, eta Garapenerako Itzulera Ekimena Elkartea), eta Bilboko Udalaren babesa du.

DIBERTSITATEAREN EUROPAKO HILABETEA

Bilbok konpromisoa hartu du bere politika guztietan inklusibitatearen eta dibertsitatearen ikuspegia txertatzeko, modu transbertsalean. Horretarako, Gizarte Politiken Aldeko Ituna (inklusio-politika horiekin konprometitutako giza baliabideak dituen udal egitura) edo udal aurrekontuak bezalako tresnak ezarri ditu, bai eta lankidetza publiko eta pribatua ere. Horiek guztiek Udalaren konpromisoa indartzen dute, eta bere eragin-eremua zabaltzen dute, lurralde osora eta lan horretan hain garrantzitsuak diren gizarte-eragileetara.

Bai kanpaina horrek, bai urian antolatutako zenbait ekimenei emandako babesak, Bilbok hazkunde solidario, inklusibo, jasangarri eta konprometitu bateranzko ereduarekin duen konpromisoa erakusten dute. Izan ere, Dibertsitatearen Europako Hilabetea ere ospatuko du uriak, maiatzean, Eurocitiesen, Europako Batzordearen, eta Europako 50 hiriren eskutik.

DIBERTSITATE KULTURALARI BURUZKO UNESCO-REN ADIERAZPEN UNIBERTSALA

Dibertsitate Kulturalari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala 2001ean onetsi zuten, eta, 2002ko abenduan, NBEaren Asanblada Orokorrak maiatzaren 21a izendatu zuen Elkarrizketarako eta Garapenerako Dibertsitate Kulturalaren Nazioarteko Eguna.

Erronka handietan sakontzeko nazioarteko egun bat da: kulturarteko elkarrizketaren garrantziaz kontzientzia sortzea, ezberdina izateko eskubidea, dibertsitate kulturala eta inklusioa, pertsona guztiek dibertsitate kulturalarekin konpromisoa hartzea eta babestea, egunerokoan ahalegin errealak eginez, eta polarizazioari eta estereotipoei aurre egitea, lurralde berean bizi diren kultura ezberdinetako pertsonen arteko elkarlana eta elkar ulertzea hobetzeko.

SARE SOZIALAK: