Bilboko Udalak izoztu egingo ditu udal tasa eta zergak

0

Bilboko Udaleko Gobernu Taldeak 2023ko ekitaldirako udal zergak eta tasak izoztea erabaki du gaur. Beraz, indarrean jarraituko dute egungo ordenantza fiskalek. Hirugarren urtez jarraian hartu du Gobernu Taldeak erabaki hori, sektore eta enpresa kaltetuenen suspertze ekonomikorako bidea indartzen laguntzeko eta bilbotarrak gehiago ez zamatzeko.

Zerga eta tasak izozteaz gain, zergadunentzako onura fiskalak eta hobariak mantenduko dituzte, eta ordaintzeko erraztasunak ere bai. Erabaki horren ondorioz, Udalak 2 milioi euro pasatxo gutxiago bilduko ditu.

2021ean eta 2022an ere, bere horretan mantendu ziren tasak eta zergak, COVIDaren ondoriozko krisiari aurre egiteko. Horri, gainera, Ukrainako gerra nazioartean izaten ari den eragina batu zaio. Zerga eta tasak izozteaz gain, Udalak beste zenbait ekintza abiarazi ditu, Bilbao Aurrera planen bitartez. Orain, datorren ekitaldira begira, neurri hori berraktibatuko da, suspertze ekonomikorako bidea sendotzeko.

Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziaren aburuz, “azken bi ekitaldiak orain arte ez bezalako osasun-krisi batek markatuta egon dira. Krisi horrek eragina izan du maila guztietan, bai pertsonen osasunean, baita ostalaritzan, merkataritzan, turismoan, kulturan eta beste sektore batzuetan ere. Ondorioei aurre egiteko lan egin dugu, erabakiak hartzen joan gara, eta gehien sufritu dutenen ondoan egon gara, beti”. Aurrera eramandako neurrien artean, zinegotziak gogora ekarri ditu bonuak, laguntza zuzenak, zenbait kolektibo tasak ordaintzetik salbuestea… 2023ko ekitaldira begira, “zergen alorrean ahalegin handia egiten jarraituko dugu: udal tasak izoztuko ditugu, eta, hala, oinarri sendoak ezarriko ditugu, uriko enpresak, negozioak eta familiak ekonomikoki suspertu daitezen”.

ALDAKETA TEKNIKOAK, SALBUESPENAK ETA HOBARIAK

Udal Gobernu Taldeak izaera teknikoko eta araudi berrietara egokitzeko zenbait aldaketa ere onetsi ditu. Horien artean daude Gainbalioaren zerga arautzen duen Ordenantza Fiskalaren zenbait artikulu 7/2021 Foru Dekretu Arauemailera egokitzea, eta Udal Jabari Publikoaren Erabilera Pribatibo edo Aprobetxamendu Bereziagatiko Tasen aldaketa.

Eraikuntza-lanen, instalazioen eta obren zergari buruzko Ordenantza Fiskalean, berriz, onetsi dute hura salbuestea, unibertsitateek eta horiei atxikitako zentro publikoek egindakoetan. Era berean, hobariak proposatu dituzte energia-efizientzia handiagoa dakarten obretarako, eta % 2ko tasa murriztua, berriz, etxebizitza-eraikinetan irisgarritasun-baldintzak hobetzeko egindakoetarako.

Azkenik, eta Obrengatik eta hirigintzako lanengatik emandako zerbitzuen eta bestelako zerbitzu teknikoen tasen Ordenantza Fiskalean aurreikusitako tasei dagokienez, proposatu da ordainketa salbuestearen aitorpena jasotzea Bilboko merkatarien elkarteek antolatutako ekitaldietarako, sektore horri bultzada eta babesa emateko.

    • Udal Gobernu Taldeak gaur neurriok onetsi eta gero, Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak horien berri eman die Udalean ordezkaritza duten talde politikoei, Batzordean. Horrela, zuzenketak aurkezteko administrazio-izapidea hasi da, ekaineko osoko bilkuran hasierako onespena emateko eztabaidaren aurretik.