Bilboko Udalak etxerik gabeko pertsonentzako eguneko arretarako zentro berria ireki du

0

Bilboko Udalak etxerik gabeko pertsonentzako eguneko arretarako zentro berria ireki du duela gutxi. Elexabarriko aterpetxean dago eta bertan, kolektibo horretako pertsona zaurgarrienen beharretara egokitutako proiektu pilotu bat garatuko da.

Juan Mari Aburto alkateak gaur goizean bisitatu du bazterketa-egoeran dauden pertsonei egunean zehar arreta emateko espazio fisikoa eskaintzen dien zerbitzu berri hau. Juan Ibarretxe, Iñigo Zubizarreta eta Kontxi Claver Gizarte Ekintzako zinegotziak eta zuzendaria, Udal Korporazioko ordezkari batzuk eta gizarte-bazterketaren arloan aritzen den udaleko profesional-taldea ere, proiektu honen buru dena, bisitan izan dira.

Zentro berri horrek 25 pertsona har ditzake aldi berean. Exijentzia baxuko zentroa da, harremanetarako eta atsedenerako espazioa.

Bertan, osasunaren, elikaduraren, higienearen eta garbiketaren oinarrizko premiak bete eta laguntza emozionala jasotzeaz gain, pertsonei lagun egiteko prozesuak eta esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala ere bultzatu ahal izango dira, aldaketa sustatu eta gizarteratzeko banakako prozesuetan aurrera egin ahal izateko.

Era berean, zein eskubide dituzten eta zein gizarte-baliabide erabil ditzaketen jakin dezakete.Zerbitzu berri honek pertsonen bizi-kalitatea hobetzea dakar” – adierazi du Alkateak, “aukera bat da kalean bizi diren eta gaueko ostatua baino gehiago behar duten pertsonek gizarte-babeseko sistemara eta hark eskaintzen dituen prestazioetara sarbidea izan dezaten, eta, batez ere, erreferentziako profesionalen zuzeneko eta etengabeko arreta jaso dezaten, beren bizi-prozesuak diseinatzeko».

Zentroan gizarte-langile batek, hiru gizarte-hezitzailek eta teknikari sozio-sanitario batek osatutako talde batek egiten du lan, eta aterpetxearen laguntza dute, eraikina partekatzen baitute. Kaleko gizarte- eta hezkuntza-taldearen lana funtsezkoa da erabiltzaileak Elexabarriko aterpetxeko zentro berrira joan ahal izateko.

Gizarte-hezitzaileek eta gizarte-langileek arreta berezia eskaintzen diete adinagatik eta osasunagatik ahulak izan eta Gizarte Zerbitzuekin harremanik ez duten pertsonei. Gizarte Ekintzako Sailetik espero dute udal-baliabide berri honekin erabiltzaileen prozesu asko sendotu ahal izatea, erreferentzia gisa gizarte-profesionalak hartuta, eta, horrez gain, “pertsonekiko hurbiltasunak eta gertutasunak erraztuko digu arreta eta esku-hartzea”, adierazi dute zentroko zuzendaritzatik.

392 PLAZA HARRERAKO EGOITZA ZERBITZUETAN

Bilbok urte osoan zehar gaueko hainbat harrera-zentro dauzka irekita, 392 plazarekin, etxerik gabeko pertsonentzat. Gizarte larrialdiko udal zerbitzuek modu zentralizatuan kudeatzen du pertsona horiek bertan sartzea.

    • Elexabarriko udal-aterpetxearen eraikina: 86 plaza, egonaldi labur eta ertainekoak.

 

    • Gauean harrera emateko udal zerbitzuak (Uribitarteko aterpetxea): 60 plaza

 

    • Lagun Artean gaueko zentroa: 32 plaza

 

    • Hontza gaueko zentroa: 14 plaza

 

    • Claret zentroa: 30 plaza

 

    • Agiantza zentroa: 40 plaza

 

    • Montaño zentroa: 50 plaza

 

    • Lagun Artean- Aize ona: 26 plaza

 

    • Itaka: 34 plaza

 

    • Borobiltzen Zentroa: 20 plaza

 

ELEXABARRIKO ATERPETXEKO EGUNEKO ZENTROAREN DATUAK:

    • Sarbidea udal gizarte-zerbitzuen eta kaleko esku-hartze taldearen bidez egingo da.

 

    • Zentroa astelehenetik domekara egongo da irekita, 10:00etatik 18:00etara, etengabe.

 

    • Aldi bereko plaza-kopurua: 25

 

    • Erabiltzaileak maskotekin joan daitezke.

 

SARE SOZIALAK: