Adinekoentzako Jarduera Fisiko Programa Integralaren lana saritu dute

0

Kontsumo Ministerioko Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (Aesan) Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak antolatzen duen Adinekoentzako Jarduera Fisiko Programa Integralaren lana saritu du, Familia eta Komunitate Eremuan Jarduera Fisikoaren Jardunbidea Sustatzeko NAOS Estrategia Sariarekin.

NAOS Estrategia (Nutrizioa, Jarduera Fisikoa eta Gizentasunaren Prebentzioaren gaztelaniazko siglak), eta nazioarteko erakunde sanitarioek (Osasunaren Mundu Erakundea, Europar Batasuna…) ezarritako politiken ildoari jarraituz, gizentasunaren prebalentziaren joera alderantzikatzea helburu duen osasun estrategia da, elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa sustatuz, eta, horrekin batera, erikortasun eta hilkortasun ez-kutsagarrien tasa altuak nabarmen murriztea ere bilatzen du.

Programak, azaroan banatuko diren XV. NAOS Estrategia Sarietara aurkeztu ziren 46 proiektuen artean irabazi du saria.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko Zinegotzi Ordezkariak, sariarengatik pozik agertu ondoren, “saritutako programa osasun-arloko ekitatearen esparruan diseinatuta dagoela, eta I. Udal Osasun Planaren helburuei eta OMEk adierazitako arauzko neurriei erantzuteko ezarri dela azaldu du.

Adinekoei dago zuzenduta, emakumeei bereziki, aukera gutxiago dituztelako euren beharretara egokitutako jarduera fisikoa egin ahal izateko programetan eta espazioetan sartzeko, eta are gehiago, 70 urtetik gorakoak badira eta testuinguru sozioekonomiko txarretan badaude», zehaztu du.

Sariak 70 urtetik gorako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko gaitasuna aitortzen dio Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailari, haien beharretara egokitutako jarduera fisikoa sustatuz, eta horren ondorioz eman dio aintzatespen garrantzitsua. Programari esker, pertsona horien narriadura funtzionalaren tasa murriztu egiten da, eta horrek euren gizarte-ingurunean integratzea eta komunitatean elkarreragina izatea ahalbidetzen duen autonomia mailari eusten laguntze die.

PROGRAMAREN BARRUKO UDAL-JARDUKETAK:

► Osasun tailerrak adineko pertsonekin:

Duela 30 urte hasi ziren eta kolektiboan ikusitako aldaketetara egokitzen joan dira, baina izendatzaile komun batekin beti: hirurogeita hamar urtetik gorako pertsonei euren gaitasun funtzionaletara egokitutako ariketa fisikoa egin ahal izateko aukera eskaintzea –biztanleria orokorrari zuzendutako beste gune batzuetan ez zegoen horrelako aukerarik–, eta, aldi berean, pandemian hain beharrezkoa den berdinen arteko elkarreragineko testuinguru babestua ahalbidetzea.

99 talde dira, begiraleek (jarduera fisikoko 12 profesional) zuzenduta. Jarduera 26 lokaletan inplementatzen dute, gehienak udalekoak eta beti ere izena eman duten pertsonen bizilekutik hurbil daudenak, urtarriletik ekainera eta urritik abendura bitartean astean ordubete edo bi. Pandemia baino lehen, batez beste 79 urte zituzten 2.843 parte-hartzaile zeuden. Gaur egun, 1.200 inguru dira, hartu behar izan diren prebentzio-neurriak direla eta. Gehienak emakumeak dira.

► Ibiltarien sarea. Bilbo ezagutzeko ibilbideak zure burua zaintzen duzun bitartean:

Bilbon zehar ibilaldi osasungarriak egitea proposatzen du. Ibilbideak bost zailtasun-mailatan sailkatzen dira, distantzia, denbora, altuera eta jaitsiera eta zoru-mota kontuan hartuta, eta udalerriko hainbat eremutatik igarotzen dira.

2021ean, 183 aldiz inplementatu dira Ibilbide Osasungarrietako jarduera gidatuak, begirale batek gidatutako hamabost ibilbide proposamenak txandakatuz. Guztira 4.804 erabiltzailek hartu dute parte, egunean batez beste 26k baino gehiagok, 11:00etatik 13:00etara, urte osoan zehar.

Osasun Tailerretan parte hartzen duten adinekoak Ibiltarien Sareko ibilbide errazetan inplikatu dira ehuneko handi batean; proiektu hau harremanetarako eta sozializaziorako espazioa eta alternatiba segurua izan da COVID garaietan, eta nahi gabeko bakardade-egoerak saihestu ditu.

► Parke Bio-osasungarriak:

Parke Bio-osasungarriak dinamizatzeko proiektua 2018an hasi zen, Sailak egindako “Mugi zaitez zure osasunaren alde. Bilboko jarduera fisikorako baliabideak eta parke bio-osasungarrien aprobetxamendu maila” ikerketaren ondoren.

Gaur egun, udalerriko 16 Parke Bio-osasungarri dinamizatzen dira, jarduerak Bilboko 8 barrutietan txandakatuz. Begiraleek 183 dinamizazio-saio egin dituzte 11:30etik 13:00etara, eta horietan 3.197 pertsonak parte hartu dute; batez beste, 17 pertsona baino gehiagok saio bakoitzean, gehienak adinekoak. Nabarmentzekoa da aurreko urteekin alderatuta parte-hartzeak gora egin duela, ziurrenik proiektua aire zabalean delako, aukera bideragarria egungo osasun-egoeran.

► “Osasun Parkeak” Aplikazioa:

Adinekoek jarduera gainbegiratuak eskatzen ohi dituzten arren, haien autonomia bultzatzea ere Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailaren helburuetako bat da. Garrantzitsua da tutoretzarik behar barik eta egoki iritzitako uneetan jarduera fisikoa egiteko aukera ematea, ordutegi jakinen menpe egon barik.

Mugikorretarako aplikazio horrek Parke Bio-osasungarrien instalazioak behar bezala erabiltzea sustatzen du, eta hainbat funtzionalitate ditu, horien artean parkeen geolokalizazioa, aparatuak erabiltzeko bideo tutorialak, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako klase gidatuak, pauso-kontagailua edo jarduera fisikoaren asteko helburuak ezartzeko aukera.

Proposamena, Parke Bio-osasungarrien ekimenaren barruan aplikazioa telefono mugikorretan erabiltzeko jarraibideak ere jaso ahal izatea da, ondoren, eguneroko jardunean aplikatu ahal izateko.

► Denbora pasarako eta harremanetarako espazioak:

Jarduera honen bidez, interakzio soziala aktibatu gura da, hori faktore garrantzitsua delako estresa arintzeko. Berdinen arteko interakzio soziala sustatzeko ekintza horrek ahalduntzea bultzatzen du, bizitza-kalitatea eta, ondorioz, zahartze positiboa hobetuz.

Pandemia garaia alde batera utzita, aldiro-aldiro, udalerriko auzoetan “Osasuna Adinekoekin” taldeetako pertsonak elkartzen diren guneak antolatzen dira, adinari egokitutako jarduera fisikoaren erakustaldi bateratua eskaintzeko, eta adinekoek partekatzen duten janari osasungarriarekin amaitzen dira.

► Informazioa eta kolektiboaren prestakuntza:

Hautemandako beharretara egokitutako aldizkakotasunarekin, osasun-tailerretan parte hartzen duten adinekoak kezkatzen dituzten gaiei buruzko informazio-hitzaldiak ematen dira. Informazio hori elikadura osasungarriari (dietan azukrea murriztea bultzatuz, besteak beste), gernu-inkontinentziari, COVID-19ari, erorketei, automedikazioari, parke bio-osasungarriei, jarduera fisikoari eta abarri buruzkoa da.

SARE SOZIALAK: