‘Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean’ masterrak Europako hezkuntza agentziaren aitortza jaso du berriz ere

0

Hezkuntzaren, EACEA Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren arloko Europako Agentzia Betearazleak UPV/EHUren “Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean» masterraren (REM PLUS) kalifikazioa berritu du, puntuazio bikaina jarriz: 100etik 90. Horrenbestez, masterrak hirugarren urtez jarraian berritu du Europako erakunde horrek ematen duen Good Practice Flag bermea, eta bikaintasun maila gorenari eutsi dio.

Erasmus Mundus masterretako kalitate bereizgarrien ardura duen agentziak goraipatu egin du txostenean «ikastaroa diseinatu aurretik egindako merkatu azterketa, zalantzarik gabe, programa erakargarria ontzen lagundu baitu, [graduondoko horren] eremu espezifikoko egungo joera eta beharrizanekin lotura handia duena».

«Proiektuak titulu bateratu bat aterako du espezializazio bide bakoitzerako, eta zorionak ematen dizkiogu Frantziako arau berriei azkar erantzuteagatik», azpimarratu du, halaber, agentziak.  Ikasleentzako zerbitzuen kalitate handia ere aitortu du: tutoretza, lagunen programa eta talde txikietan egiten diren tutoretzak, batik bat.

Azkenik, agentziak oso positibotzat jotzen du, teknologia berriak erabiltzea, masterraren zabalkunderako eta sustapenerako.

“Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean” masterra (REM PLUS), duela bi urtetik hona, Erasmus Mundus programa bateratuaren (EMJMD) kalitate ziurtagiria duen graduondokoa da. Batera eskaintzen dute Europako lau unibertsitatek: EHU (koordinatzailea), College Cork-eko Unibertsitatea (Irlanda), Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitatea (Norvegia) eta Nantesko Eskola Zentrala (Frantzia). EMJMD REM delakoaren jarraipena da Erasmus Mundus. EMJMD REM 2018tik eskaintzen zuten EHUk (koordinatzailea), Strathclyde-ko Unibertsitateak (Eskozia), Norvegiako Zientzia eta Teknologia Unibertsitateak (Norvegia) eta Nantesko Eskola Zentralak (Frantzia).

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Jesús María Blanco irakasleak koordinatzen duen masterra, EHUren berezko titulu gisa, 2017an hasi zen. Blanco irakaslearen hitzetan, «sortu zenetik, Erasmus Mundus kalifikazioa lortzea izan genuen helburu, horren zailtasunaz erabat jakitun». «Lehen saiakeran» lortzea zaila izan dela onartu du irakasleak.

Erasmus Mundus programa

Europako Batzordeak bultzatzen du Erasmus Mundus programa, EACEA Hezkuntzaren, Ikus-entzunezkoen eta Kulturaren arloko Agentzia Betearazlearen programa bat dena. Europan goi mailako hezkuntzaren kalitatea areagotzea du xede. Programaren ekintza nagusien artean, garrantzi eta kalitate akademiko apartarengatik hautatutako master eta doktoregoko programa bateratuei laguntzea dago, baina horietako batzuek soilik lortzen dute finantzabidea. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak zortzi Erasmus Mundus master ematen ditu, eta horietako hiruk berritu egin dute EACEA Europako agentziaren aitortza. Horren ondorioz, Erasmus Mundus masterren eskaintza zabalena duen Estatuko unibertsitateetako bat da EHU.

Graduondokoari buruzko informazio zabalagoa:

https://www.ehu.eus/eu/web/master/energia-berriztagarriak-itsas-ingurunean-masterra

http://master-rem.eu/

http://master-remplus.eu/