Musika Bulegoa Sariek 10 euskal artista eta talderen lana aitortu dute bere 6. edizioan

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak Musika Bulegoa sariak banatzeko ekitaldian parte hartu du gaur. Sarien seigarren edizioko ekitaldi honetan izan dira Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza; Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Lorea Bilbao, BEC-eko zuzendari orokor Xabier Basañez eta Musika Bulegoko zuzendari Aitor Bengoetxea ere. Guztiak, sektoreko ehun profesional baino gehiagok lagunduta: musikariak, ekoizleak, managerrak, programatzaileak…

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lana saritu ditu aurten ere eta 100 proposamen baino gehiagoren artean -proposamen hauen erdietan baino gehiagotan emakumeak izan dira buru- egin da aukeraketa. Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea.

Sektoreko 8 profesionalek osatutako epaimahaiak honako zortzi artista edo talde saritu ditu seigarren edizio honetan: ‘Amak’, ‘Chill Mafia’, ‘Ether Ensemble’, ‘Ramon Lanzako’, ‘Gaur’, ‘Maite Larburu’, ‘Olatz Salvador’ eta ‘Verde Prato’. Bestalde, ‘Trio Zukan’ek eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egin duen lanarengatik. Saritutako 9 proiektu hauek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte.

Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezia eman dio Motxila 21 taldeari “bultzatzen duen elkartasuna eta musikarien arteko elkarlana eredugarria delako”. Motxila 21-ek ere Mikelarenaren eskultura jaso du. Balio bera duten 10 sari hauen artean ez dago inolako kategorizaziorik. Hau da, irabazleek egin duten lana goraipatu nahi izan da gaur eman diren aitortza hauekin.