SPRI Taldeak “Basque Net Zero Industrial Super Cluster” ekimena aurkeztu du Madrileko “Sustech Day” jardunaldian

0

Cristina Oyónek, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendariak, “Basque Net Zero Industrial Super Cluster” ekimena aurkeztu du “Net Zero Transition” mahai-inguruan, zeinetan Nazio Batuen Munduko Ituneko, Madrileko Udaleko eta BBVA, Endesa nahiz Accenture enpresetako ordezkariekin batera nabarmendu baitu zero karbono isuri garbiranzko trantsizioa aukera paregabea dela ekonomia globalak bide jasangarri eta erresilienteago bat har dezan.

Asteazken honetan (maiatzak 18) Accenture-k eta el Confidencial-ek antolatutako “Sustech Day” jardunaldia egin da Madrilen. Bertara bildu diren  antolakunde, startup eta administrazio publikoek aztergai izan dituzte jasangarritasunaren munduko erronkak eta aukerak, eta zero karbono isuri garbiranzko trantsizioaren azken joerak ezagutu dituzte.

Bestalde, jardunaldiko parte-hartzaileek zuzenean ezagutu dituzte Alastria eta Santander-eko adituek karbonoaren merkatuari buruz dituzten iritziak, bai eta “Ekonomia Zirkularrari” buruzko mahai-inguruan aztertu diren gaiak, non parte hartu baitute Mahou-San Miguel, Iberia, Repsol eta El Corte Inglés-eko ordezkariek.

“Basque Net Zero Industrial Super Cluster” da World Economic Forum-ek 2050erako 0 isuri garbiko helburua betetzeko sustatu duen proiektuan parte hartzera gonbidatutako lau eskualde-ekimenetako bat; hain zuzen, proiektu horren helburua da esperientziak eta jardunbide egokiak eskaintzea eta trantsiziorako konpromisoak hartzen dituzten eskualde industrialen arteko sinergiak ustiatzea.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak “Basque Net Zero Industrial Super Cluster” aurkeztu zuen Nazio Batuek azaroaren 3 eta 4an Glasgown Klima Aldaketari buruz egin zuten 2021 COP26 Konferentzian. Ekimen horrek balioan jartzen du eskualde industrialen papera zero isuri garbiranzko trantsizioan aurrera egiteko. Helburu hori lortzeko, Eusko Jaurlaritzak Super Klusterra sortu du Repsol-Petronor eta Iberdrolarekin batera, eta bertan batu ditu euskal kluster industrialak energia kontsumoaren deskarbonizazioan egiten ari diren ahaleginak.

Une honetan munduko ekonomiaren ia % 80k konpromisoa hartu duelarik zero isuri garbira iristeko, guztiz premiazkoa da behar diren urratsak ematea helburu anbiziotsu hori lortzeko, eta ezinbestekoa da eskualde industrialek, batez ere  energia kontsumo handia dutenek (eta CO2 isuri handiak kontsumo horri loturik) paper garrantzitsua jokatzea konpromiso horiek lortzeko ahaleginean. “Basque Net Zero Industrial Super Cluster” ekimenaren asmoa da deskarbonizazioaren helburu hori aukera bihurtzea garapen teknologikoa eta industriala bultzatzeko Euskadin, lehendik existitzen diren gaitasunak bultzatuz eta berriak sortuz