Bikaintasuneko oinarrizko ikerketarako eraikin berria

0

Bikaintasuneko oinarrizko ikerketarako eraikin berria aurkeztu da Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean, Donostian. Ekitaldian izan dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia. 6.000 m²-ko eraikinak bi urteko exekuzio epea izango du eta 80 laborategi izango ditu. Kostua, 12 milioi eurokoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko du. UPV/EHUk Gipuzkoako Campusean lagatako lursail batean eraikiko da, eta unibertsitate publikoak ere espazioa izango du bertan. Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da lanak urte amaitu baino lehen hasi ahal izatea.

Eraikin berrian Eusko Jaurlaritzaren IKUR Estrategian zehaztutako giltzarrizko ikerketa-esparrruetan diharduten talde zientifikoak kokatuko dira. Zehatzago esanda, konputazio kuantikoari, neutronikari, superkonputazioari, kimika aurreratuari, material berriei eta polimeroei atxikitako 300 ikertzaile bilduko dira guztira. Era berean, eraikin berriak polimero aurreratuen ikerketan diharduen BERC Polymat bikaintasunezko ikerketa-zentroaren laborategi berriak izango ditu.