Bilboko Udalak Olabeaga auzoko hobekuntza-planaren barruan jasotako hainbat lan hasiko ditu

0
PRUEBA

Bilboko Udalak Olabeaga auzoko hobekuntza-planaren barruan jasotako hainbat lan hasiko ditu aste honetan. Lan horiek zenbait gunetan egingo dira, eta funtsean, ingurune horretako oinezkoentzako bideak hobetzeko dira. Lan gehienak auzoko zenbait eskailera-tartetan egingo dira.

Guztira, sei jarduera egingo dira hiru tokitan; lanok 435.321,31 euroko aurrekontua dute, eta datozen sei hilabeteetan egingo dira.

DIKE KALERA SARTZEKO ESKAILERAK

Eskailerak eta arrapala bat daude Olabeaga kaiko espaloitik Dike kalera sartzeko, baina dagoen barandak ez ditu betetzen irisgarritasun-parametroak, ezta desnibelak babestekoak ere.

Baranda horren ordez beste bat jarriko da, desnibelak babestuta eta altzairu herdoilgaitzezko eskudel bikoitzaz hornitua, irisgarritasun-parametroak bete ditzan.

Gainera, sarbideko zoladura eta horma garbituko dira, lirdinga eta hezetasunak sortutako kalteak daudelako. Hormaren paramentua mortero-geruza batez tratatuko da.

DIKE KALEAREN ETA VENTOSA BIDEAREN ARTEKO ESKAILERAK ETA PASABIDEA

Dike kalearen amaieran, 10 zenbakiaren parean, Ventosa bidera igotzeko eskailerak hasten dira. Eskailera horiek pasabide baten bidez zeharkatzen dute trenbide zaharra. Oinezkoentzako ibilbide hori pasabide estua da; eskailera-mailak, itxiturak eta barandak hondatuta daude, eta argiztapena ez da nahikoa.

Eskailera-tarteak ezin izango dira zabaldu, ez baitago aski espazio publikorik. Eskaileretan hormigoizko zoladura hobetuko da, halere, mortero inprimatuko geruza batez, hala eskailera-mailetan, nola eskailera-buruetan eta pasabidean.

Baranda guztiak eta metalezko itxitura kenduko dira; azken horrek ez du zentzurik, pasabidearen azpian trenik ez baitabil orain. Gaur egun trenbidea ez da erabiltzen, eta ADIFek Udalari laga dio lursaila.

Goiko zatian lorategiko zintarri bat jarriko da alboko ezpondekin mugatzeko, eta altzairu herdoilgaitzezko eskudel bikoitza eta babes-baranda jarriko dira bi aldeetan, zati horren luzera osoan. Eskaileretarako sarbideetan, norabidezko baldosa gorrizko banda bat jarriko da.

Eta dagoen luminariaren ordez LED sistemakoa jarriko da, bai eta ezaugarri bereko beste argi-puntu bat ere eskaileren goiko aldean.

TROKABIDEKO ESKAILERAK

Trokabidea kaleko eskailerek bi zati dituzte: lehenak Olabeaga kaia –3 zenbakiaren parean– eta Dike kalea lotzen ditu, eta bigarrenak trenbide gaineko pasabideraino jarraitzen du. Eskailera horiek horma artean daude, eta ez dago, ondorioz, handitzeko aukerarik.

Asmoa da eskailera horiek berriz egitea, eta haien mailen neurriak eta kopurua egokitzea, irisgarritasunari buruzko araudia bete dadin (35×15 zentimetroko mailak, alegia). Horretarako, maila batzuk atzeraeman eta beste batzuk gehitu behar dira; eskailera-zatiak aldatuko dira, halaber, eta bere horretan utziko da Dike kalearekiko elkarguneko eskailera-burua.

Mailak granitozkoak izango dira, eta granitozko baldosa ere jarriko da eskailera-buruetan eta elkarguneetan. Alboko gidak kenduko dira, eta eskudel bikoitza jarriko da eskaileren bi aldeetan.

Era berean, norabidezko baldosa-bandak jarriko dira, orobat, eskaileretarako sarbideetan, eta argiak, ur-sarearen zati bat eta euri-urak biltzeko sistema berrituko dira.

OLABEAGA KAIKO 22KO ATZEALDEKO ESKAILEREN METALEZKO EGITURA

Olabeaga kaiko 22ko atzealdean metalezko egitura baten gaineko eskailera batzuk daude. Eskailera horiek –goiko aldeko pasabide baten bidez– San Nikolas kalearekin lotzen dute. Haien egitura oxidatuta dago, eta errekarrizko zoladura, berriz, hondatuta.

Eskailera-mailetako eta pasabideko zoladura kendu eta granitozko baldosa jarriko da; horrez gain, metalezko egitura saneatu eta konponduko da. Egitura hori zutabeen bidez indartuko da, eta goiko korridorean barandaren garaiera 1,10 metroraino handituko da.

Eskaileraren eremuak errepasatuko dira eta esmalte sintetikozko bi geruzaz margotuko dira; halaber, baldosa ipini aurretik, iragazgaizte elastikoa jarriko da goiko tranpalean, eskailera-buruetan eta mailetan, oxidatzea eragozteko.

OLABEAGA KAIKO 36KO ESKAILERAK

Bi eskailera-tartek Olabeaga kaia, 36 zenbakiaren parean, eta San Nikolas kalea, 29 zenbakiko atariaren inguruan, lotzen dituzte.

Alde horretan honako lan hauek egingo dira: maila guztiak granitozko batzuez ordeztuko dira, eta eskailera-buruetan, dagoen zoladuraren ordez, baldosazkoa jarriko da; azkenik, norabidezko baldosa ipiniko da sarbideetan.

Horrez gain, dagoen eskudelaren ordez altzairu herdoilgaitzezko eskudela bikoitza jarriko da, eta hormigoizko balaustrada garbituko da.

URGOZO KALEKO APARKALEKUKO ITXITURA

Bihurdura soileko sarezko itxitura batek Urgozo kaleko aparkalekua eta trenbidearen lurrak bereizten ditu. Itxituraren zati batzuk erorita daude, alde horretan baterian aparkatzen duten autoek bultzatuta, zintarritik gertu dagoelako.

Horregatik, ezaugarri bereko beste itxitura bat jarriko da, baina aparkalekua mugatzen duen zintarritik metro eta erdi bereizita, ibilgailuek uki dezaten eragozteko. Guztira, 2 metroko garaierako 360 metro lineal.

Itxiturako oinezko eta ibilgailuentzako ateak gaur egun dauden toki berean egongo dira.

AUZOKIDE-PLANA

Olabeaga auzorako aurreikusitako lanak hiriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan sartzen dira.

Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat da hori. Horren bitartez, aurrekontuaren bidezko banaketa egiten da Bilboko 8 barrutien artean; hau da, 1,5 milioi euro barruti eta urte bakoitzeko.

SARE SOZIALAK: