Garamendi Sailburuak Estatuko epaileen papera aldarrikatu du Europako Zuzenbidearen nagusitasunaren berme gisa

0

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak balioetsi egin du Europar Batasuneko (EB) Zuzenbidearen nagusitasuna zaintze aldera Estatuko epaileen zeregina. Olatz Garamendik Europako Zuzenbidearen printzipioen indarraldia defendatu du eta Eusko Jaurlaritzaren konpromiso europeista berretsi du.

Garamendik Europar Batasuneko Zuzenbidearen Aplikazio Judizialari buruzko IV. Jardunaldia ireki du Donostian, aste honetako ostegunetik ostiralera bitartean antolatzen ari dena. Bere hitzaldian, Estatuko epailearen figura nabarmendu du, bera baita Europako Zuzenbidearen xedapenak aplikatzeaz arduratzen dena, eta, beharrezkoa izanez gero, Estatuko legediaren aurkako xedapen oro aplikatu gabe uzten duena.

Ildo horretan, Simmenthal enpresa italiarraren alde 1978an emandako epai bat ekarri du gogora Sailburuak. Epai horretan, epaileak modu horretan jardun zuen Europako Zuzenbidearen defentsan, Estatuko legediaren gainetik. Poloniako Auzitegi Konstituzionalaren kontrako ebazpena ere ekarri du gogora. Izan ere, 2021ean epai bat eman zuen, eta epai horrek ukatu egiten zuen EBko Zuzenbideak Estatuaren eskubideen gainetik duen nagusitasuna, eta defendatzen zuen, Poloniako zuzenbide iturrien hierarkian, Europar Batasunaren Ituna Poloniako Konstituzioaren azpitik dagoela.

Horrelako egoera baten aurrean, Garamendik adierazi du inoiz baino garrantzitsuagoa dela Europako Zuzenbidearen eta Europako Batasunaren bake eta oparotasun iraunkorreko proiektuaren funtsezko printzipioak gogoratzea. Sailburuak Batasunaren egitura instituzionalaren eboluzioaren alde egin du, eta eginkizun horretan Euskadik zeresan eta zeregin handia duela adierazi du. Horren harira gogorarazi du Euskadik Europa batu eta baketsu baten sorreran parte hartu zuela, Jose Antonio Agirre lehendakariaren edo Francisco Javier Landabururen eskutik. Jarraian, Sailburuak adierazi duenez, “konpromiso handia dugu Europako Batasunaren proiektua bultzatzeko, izan ere Europako Batasuna herrien batasun sendoa, konsolidatua da, balio partekatuak dituzten herritarren oinarrien gainean eraikia”.

Jardunaldi horien laugarren edizioa IVAPek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ), Erasmus + erakundeak eta Eskualde Integrazioko eta Zuzenbideko Institutuak antolatu dute. Hizlari izango dira hainbat auzitegi eta lurraldetako magistratuak, Justizia Administrazioaren esparruko abokatuak eta esparru akademikoko adituak eta ikertzaileak.