Ikerketa zentro berri bat Ibaetan

0
PRUEBA

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur goizean aurkeztu du, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearekin, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera, ikerketa zientifikora zuzenduta Donostiako Ibaeta campusean eraikiko den eraikin berria. 6.000 m²-ko eraikinak bi urteko exekuzio epea izango du eta 80 laborategi izango ditu. Kostua, 12 milioi eurokoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko du. UPV/EHUk Ibaetako campusean lagatako lursail batean eraikiko da, eta unibertsitate publikoak ere espazioa izango du bertan. Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da lanak urte amaitu baino lehen hasi ahal izatea.

Eraikin berrian Eusko Jaurlaritzaren IKUR Estrategian zehaztutako giltzarrizko ikerketa-esparrruetan diharduten talde zientifikoak kokatuko dira. Zehatzago esanda, konputazio kuantikoari, neutronikari, superkonputazioari, kimika aurreratuari, material berriei eta polimeroei atxikitako 300 ikertzaile bilduko dira guztira. Era berean, eraikin berriak polimero aurreratuen ikerketan diharduen BERC Polymat bikaintasunezko ikerketa-zentroaren laborategi berriak izango ditu.

Zientza eta ezagutzaren hiria

Eneko Goia Donostiako alkateak gogorarazi duenez, “Donostiak urteak daramatza zientzia eta ezagutzaren arloko hiria izateko apustua egiten”, eta horren emaitza da erakunde akademikoak, unibertsitateak eta ekimen publiko zein pribatua batzen dituen sarea. Ildo horretan, Goiak azaldu du ikerketa zentro berriak “sare hori sendotzeaz gain haren potentziala biderkatu” ere egingo duela, «zientziaren eta ikerketaren munduan gero eta garrantzi handiagoa duen eremu batean erreferentzia baita zentro berria”.

“Donostiak urratsak egiten jarraitu nahi du talentua eta ikerketa aurreratuko gaitasuna erakarriko duten proiektu eta ekimenetan, eta zentro berri honek egoitza Donostian izatea albiste bikaina da, hiria Euskadiko eta mundu zabaleko ikertzaileentzako ingurune erakargarri gisa proiektatzea indartuko baitu”, baieztatu du.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/05/19-an argitaratua